BESTE BATASUNA. FLANDES. Flandestarrak eta frankofonoak desberdintzen dituen nortasun agiria sortu du eskuin muturrak

Belgika banatzea Waloniarentzat ere onuragarria dela uste du Vlaams Belangek

arantxa elizegi egilegor
2008ko urtarrilaren 5a
00:00
Entzun
Duela urte erdi baino gehiago bozak egin bazituzten ere, Gobernu federalik gabe jarraitzen dute Belgikan, liberal eta kristau-demokraten arteko akordio sendorik lortzeko gai izan ez direlako. Hala ere, urrats txiki bat egin dute behin-behineko gobernua osatuz. Orain, ordea, batasun ahul hori apurtzeko arriskua eragin du Vlaams Belangen azken egitasmoak. Eskuin muturreko alderdiak nortasun agiri flandestarra jarri zuen atzo abian, 2008: independentzia garaia kanpainaren barruan. Era horretan, nabarmendu nahi dute Belgika bitan banatu eta Flandesi independentzia ematea Waloniarrentzat ere onuragarria izango litzatekeela.

Asko dira Flandesen independentziaren alde daudenak. Horren froga da atzo 15 bat lagun joan izana nortasun agiri berria egitera. Aldi berean, ordea, gero eta gehiago dira Waloniak Belgikatik banatu eta Frantziarekin bat egin beharko lukeela uste dutenak. Hala ere, ez da ahaztu behar Vlaams Belangek sortutako nortasun agiriak sinbolikoak besterik ez direla oraingoz. Eskuin muturrak horiek bultzatzeko asmoz, Legebiltzarreko kide bakoitzari agiri bat bidali dio aste honetan bertan.

Alderdiak Legebiltzarrean duen eledun Filip Dewinterrek iragarri du hamabi egoitza desberdinetan egin ahal izango dutela herritarrek agiri berria. «Nire mezua hauxe da: bi aldeentzako hobea litzateke Walonia eta Flandes independenteak balira». Haren esanetan, independentzia posible da, eta Vlaams Belang horretarako prest dago. Horiek hala, dei egin die beste politikariei helburu berarekin lan egitera.

Eskuin muturraren ideia, ordea, ez da denen gustukoa izan. Waloniako diputatu Jean-Luc Cruckeren esanetan, «kiratsa dario» Vlaams Belangek hasi berri duen kanpainari. «Horregatik lehen baino gogo gehiagorekin defendatuko dut Belgikaren batasuna». Berdeetako kide Muriel Gerkensek, berriz, salatu du Estatuak emandako diru laguntzak era desegokian erabiltzen ari dela Vlaams Belang. Aldi berean, ohartarazi du eskuin muturrari diru laguntzak kentzeko proposamena eramango duela beste behin Legebiltzarrera.



ESKUINA AUZITEGIETARA. Aurrekoak baino are eta urrunago joan da Fronte Demokratiko Frankofonoko kide Olivier Maingain, eta iragarri du Vlaams Belang auzitegietara eramateko aukera aztertuko dutela, argudiatuz diputatuen argazkia eta haien datu pertsonalak baimenik gabe erabili dituztela.

Bestalde, aurrera jarraitzen dute gobernu egonkorra osatzeko ahaleginek. Ekainaren 10ean egin zituzten Legebiltzarrerako bozak, eta horietan Yves Letermeren kristau-demokratek irabazi zuten. Horiek hala, Belgikako erregeak harengan utzi zuen koalizio gobernua osatzeko ardura. Baina Letermek ez zuen akordioa lortu, eta bertan behera utzi zituen negoziazioak. Guy Verhofstadt jarduneko lehen ministroak hartu zuen haren lekua. Hark behin-behineko gobernua osatzeko akordioa lortu zuen, berehalako arazoak konpondu ahal izateko. Exekutibo horrek, ordea, soilik martxoaren 23ra arte jarraituko du lanean. Ordurako behin betiko gobernua osatua ez badago, hauteskundeak deitzea aztertu beharko dute.

Porrot egiteak ekar lezakeen beste ondorioetako bat da Belgika banatzea. Herrialde hartako herritarren %60 flandestarrak dira eta %40 frankofonoak. Kontuan hartuta Flandesen independentziaren aldekoak ugaritu egin direla azken hilabeteetan, asko dira, azkenean, banaketa saihestezina izango dela uste dutenak. Horretaz gain, nabarmentzekoa da 2009an egingo dituztela eskualdeetako bozak, eta hor eskuin muturrak gora egin dezake.



«Nire mezua hauxe da: bi aldeentzako hobea litzateke Walonia eta Flandes independenteak balira»

filip dewinter
Vlaams belang alderdiko eleduna
«Vlaams Belangek banaketaren aldehasi berri duen kanpainari kiratsa dario»

JEAN-LUC CRUCKER
WALONIAKO DIPUTATUA
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.