Belgikako estatu federala osatzen dute Flandriak, Valoniak, Bruselak eta aleman hiztunen erkidegoak. Horietan eskualdeetako Legebiltzarretarako hauteskundeak egingo dituzte igandean. Horiek, egia esan, egun berean egingo dituzten Europako Legebiltzarrerako bozek baino arreta gehiago piztu dute herritarren artean. Betikoak diren flandriarren eta frantses hiztunen arteko tentsioak hazi dira lehia politiko horren inguruan. Alabaina, estatu federalaren berregituraketaren ikuspegian hilabeteotan dirauten elkarrizketa politikoen geroa frantses hiztun indar politikoen artean sortu den ika-mikak du gehien zalantzan jartzen.
Flandriako Legebiltzarrerako bozen karietara eginiko azken inkesten arabera, CD&V alderdi demokristauak irabaziko du, baina botoen %20 lortuko ditu. Bigarren lekua lortuko lukete Open-VLD liberalek. Bi indar politiko nagusi horien ostetik, lehia aski zorrotza izango litzateke N-VA alderdi independentistaren, Vlaams Belangeko eskuin muturrekoen eta Lijst Dedeckerko populisten artean. Flandriako alderdi sozialistak, berriz, nabarmen atzera egingo luke, betiere aurreikuspenen arabera.
Igandeko emaitzak inkestek iragarritakoarekin bat etortzen badira, litekeena da N-VA edo Lijst Dedecker izatea Flandriako Gobernuko osagaietan, CD&V edo Open-VLDrekin batera; sozialistak, aldiz, aliantza horretatik kanpo geratuko lirateke. Vlaams Belang eskuin muturreko alderdia koalizio gobernutik bazter uzteko kontuan bat datoz gainerako indar politikoak. Inkestek iragartzen dutena egiaztatzen bada, Vlaams Belangek boto asko galduko ditu, baina, hala eta guztiz ere, bozen %15 inguru bereganatuko ditu.
Herri elebidunetan, tirabirak
Itxaropenek baino gehiago, haatik, flandriarren eta frantses hiztunen arteko tentsioek diote, beste behin ere, bizitasuna eman bozen kanpainari. Tirabira horien muinean egon da Bruselako erkidego elebiduna, baina baita Flandriako lurralde eremuan diren herriak ere. Flandrian diren arren, frantses hiztunak ugari dira udal horietan. Hortaz, frantsesez zeuden kartelak jarri dituzte frantziar hiztunen eskubideen alde diharduten talde politikoek, eta horrek flandriarren haserrea eragin du.
Horrela, Afligem, Beersel, Grimbergen, Hal, Kapelle-op-den-Bos, Malines, Meise, Merchtem, Steenokkertzeel eta Ternatherrietako udal agintariek frantsesezko kartelei kokaleku ofizialak emateari uko egin diote. Zenbaitetan ere, frantsesezko afixak tapatuak izan dira, hala nola Halen. Herri horretan, boterean diren flandriar independentistek seinaleztapen elebidunak kentzea ebatzi zuten iaz. Grimbergen, Steenokkertzeel eta Ternaten hainbat biztanlek oharrak jarri dituzte euren gutunontzietan, nederlanderazko propaganda baino ez dutela nahi argi uzteko. Anartean, frantses hiztunen eskubide urratze gisa salatu diren ekimen horien aurka azaltzerat behartua izan da Flandriako Barne ministroa bera.
Frantses hiztunak
Valonian eta Bruselako Erkidego elebidunean, aldiz, PS alderdi sozialistaren eta MR mugimendu liberalaren artean piztu den polemikak eragina izan dezake aginte federalean. Izan ere, Valonia eta Bruselako gobernuetan partaide direlarik gaur egun sozialistak, horretan jarraitzeko aukerak gal ditzakete, inkesten aurreikuspenak egiaztatuz gero. Elio di Rupo buru duen PS eskandalu politikoetan harrapatua izan da azken urteotan, eta botoen erdia gal dezake Bruselako erkidegoan eta herena Valonian. Bi kasuetan, Ecolo alderdi ekologistak luke sozialisten gainbeheraz onura gehien lortuko.
Hainbat arduradun sozialistaustelkeria auzietan edo legez kanpoko abantailak jasotzean murgilduta daudela aitzakiatzat hartuta, MRko buru Didier Reyndersek adierazi du Bruselan eta Valonian «sozialistekin gobernatzea ezinezkoa» dela. Hitz horiei erantzutean, PSk zehaztu du berak ere ez duela MRrekin aliantzarik egiteko asmorik.
Bi indar politiko horiek Herman Van Rompuy buru duen Gobernu federaleko partaidetan dira. Hortaz, ika-mika mintzen bada, ondorioak egongo dira aginte federalean. Hortaz, urtarrilean agintean jarritako gobernu federalak ez dezake, beharbada, 2011raino jarraitu.
BESTE BATASUNA. FLANDRIA. Flandrian, Valonian eta Bruselan giroa gaiztotu dute eskualdeetako bozek
Valoniako giro politikoan piztu den ika-mikak du Gobernu federalaren etorkizuna zalantzan jartzen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu