BESTE BATASUNA. Galiziarren laurdenak dudan daude, eta horien esku dago gobernu berria

Martxoaren 1ean egingo dira hauteskundeak, eta azken inkestek Alderdi Popularra jotzen dute garaile

arantxa elizegi egilegor
2009ko urtarrilaren 31
00:00
Entzun
Hilabete soilik geratzen da Galiziako Legebiltzarrerako hauteskundeetarako, eta kanpaina, jada, gori-gori dago. Inkestek diote Parlamentuan ez dela aldaketa handirik izango, eta, beste behin, PP Alderdi Popularra izango dela nagusi, boto kopuruan behintzat. Hala ere, nabarmentzekoa da herritarren laurdenek ez dutela oraindik erabaki zer egingo duten hauteskunde egunean, eta finean, zalantzan dauden horien esku egongo da Galiziako gobernu berria.

La Voz de Galicia egunkariak aste honetan bertan egindako galdeketaren arabera, %25,5 dira zalantzan jarraitzen dutenak. Eta lau probintzietatik Pontevedran dituzte, krisiak gehien jo duena hain zuzen, zalantza gehien, %26,2, duela bost hilabete baino bi aldiz gehiago. Hala ere, egungo agintariekiko iritziaz galdetuta, gauzak nahiko argi dituzte herritarrek, eta soilik Galiziako Xuntako egungo presidenteak, Emilio Perez Touriñok, gainditzen ditu bost puntuak. Bigarren tokian legoke BNG Bloke Nazionalista Galiziarreko eleduna, Anxo Quintana, 4,85 punturekin. Eta hirugarren, 4,35 punturekin, PPko hautagai Alberto Nuñez Feijoo.

Erantzukizunak

Horiek hala, itxaropentsu agertu dira Bloke Nazionalista Galiziarrekoak. Quintanak berak iragarri du aurreikuspenak betetzen ez badira eta nazionalistek aurreko urteetako emaitzak hobetzen ez badituzte bera izango dela erantzulea. «Denok onartu behar ditugu gure erantzukizunak, onerako eta txarrerako. Argi dago hausnarketa egin beharko dela, hiru urte eta erdiz emaitza onak lortzen aritu ostean, BNGk boto eta diputatu kopuruan gora egiten ez badu. Eta ni izango naiz hori egiten lehena», adierazi du nazionalisten hautagaiak.

Quintanak, berriz, PPko hautagai Nuñez Feijoo kritikatu du, beste alderdiekin hitz egiteari uko egiten jarraitzen duelako. Haren iritziz, Alderdi Popularrak ez du agintera iristeko inolako aukerarik. «Herritarrek argi ikusiko dute nork duen benetako kalitate demokratikoa eztabaidak egiten direnean». Izan ere, alde guztiek berretsi ez duten arren, otsailaren 20an egingo dute, ziurrenik, hiru hautagai nagusien arteko aurrez aurrekoa. Hasieran, Perez Touriño eta Nuñez Feijooren arteko eztabaida eskatu zuen Alderdi Popularrak, baina sozialistek uko egin zioten eskaintzari, eta hiruko eztabaida izan behar zuela nabarmendu.

Bada, ordea, bestelako eztabaidarik ere Parlamenturako hauteskundeekin lotuta. Zehazki, bosgarren probintzia deitzen diotenaren gainekoa. Argentinan bizi dira Galiziako hautesleen %5 -300.000 lagun inguru-. Horiek orain arte postaz bozkatu izan dute, baina beren buruak identifikatu gabe, alegia inolako nortasun agiri edo pasaporterik erakutsi beharrik gabe. Orain, baina, Hauteskunde Batzorde Zentralak erabaki du botoarekin batera hautesleek nortasun agiriaren edo pasaportearen fotokopia bidali beharko dutela, inolako akatsik egin ez dadin.

«Gehiegizkoa»

Hauteskunde Zentralak hartutako neurriak, ordea, kezka eragin du sozialisten artean. Horien esanetan, «gehiegizkoa» da erabakia. «Azkarregi hartu da erabakia, eta jada kanpaina martxan denean. Ondorioz, askok ezin izango dute bozkatzeko eskubidea erabili», ohartarazi du Carlos Fernandez Rial PSdeGk Argentinan duen ordezkariak. Hark azaldu duenez, Argentinako hautesleen %65 immigranteen seme-alabak dira, eta askok ez dute pasaporterik edo Espainiako nortasun agiririk.

BNGko eleduna, aldiz, bat etorri da Hauteskunde Batzordearen erabakiarekin. Quintanaren esanetan, beren buruak identifikatu behar ez badituzte, nahi izanez gero, hamasei aldiz ere bozkatu dezakete. «PP izan zen sistema hori indarrean jarri zuena, eta sozialistek ez zuten aldatu interesatzen ez zitzaielako. Azken erabakiak ez du hauteskunde kalkuluetan oinarritu behar, demokraziaren printzipioetan baizik».

Bestalde, AEBetan hasi eta mundu osora zabaldu den finantza krisiak badu eraginik Galizian ere. Alderdiak berak ere ohartu dira horretaz eta hasiak dira ekonomia arloko proposamenak egiten. Beste alor batzuetan bezala, ekonomian ere Perez Touriñoren alde egiten dute inkestetan galdekatutakoek. Hamarretik lauk uste dute bera dela hautagairik fidagarriena; duela bost hilabete, hamarretik bakarrakpentsatzen zuen hala. Aldiz, Nuñez Feijook bi puntu egin ditu behera sinesgarritasunari dagokionez, %20,6 dira haren alde egiten dutenak. Eta hirugarren lekuan legoke Bloke Nazionalista Galiziarreko hautagaia, %17,8rekin.

Horiek hala, adituen arabera, litekeena da Alderdi Popularrak botoetan irabaztea, baina Xuntako buruzagitza beste behin PSdeG eta BNGren esku geratzea. Horien iritziz, eta inkestak kontuan hartuz, PPk bi diputatu galduko lituzke Parlamentuan, 35ekin geratuz; eserleku horietako bat sozialistentzat geratuko litzateke, eta 26rekin geratuko lirateke; eta bestea BNGrentzat, hala, 13rekin geratuko litzateke.



Zenbakia

15

Alderdiak. Denetara hamabost dira Galiziako Parlamenturako bozetara aurkezten diren alderdiak. Baina soilik hiru dira lau probintzietan egongo direnak: Bloke Nazionalista Galiziarra, Alderdi Sozialista eta Alderdi Popularra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.