BESTE BATASUNA. Hego Tirolek eskuduntza gehiago jasotzeko akordioa lortu du Italiarekin

Eskualdeko bozetan SVPko autonomistek botoen %48,1 eskuratu dituzte, 2003an baino %7,5 gutxiago, hala ere

2008ko azaroaren 8a
00:00
Entzun
Italiako iparraldean, Austriarekiko mugan dagoen Hego Tirolek bere autonomia garatzeko bideak hitzartu ditu berriki Erromako gobernuarekin. Bolzanoko Probintzia Autonomoan -Hego Tirolen izen ofiziala- 470.000 bizilagunetatik %70 alemanieraz mintzatzen dira, %26 italieraz eta %4 ladineraz. Hizkuntza aldetik dituen bereizgarritasun horiengatik, estatutu berezia izan du 1947. urtetik Hego Tirolek. Eta estatutu hori autonomia eredu gisa dago finkatuta 1972tik.

Autonomia garatzeko eskuduntza berriak eskualdatzeaz negoziatu dute azken hemeretzi urteotan Hego Tirolgo gobernuburu Luis Durnwalderrek eta Italiako Administrazio Egituraketarako ministro Roberto Calderolik. Bolzanoko aginte autonomoak, hala, gutxira eskuratuko dituen eskuduntzen artean daude Polizia autonomikoaren sorrera etaposta zerbitzuaren aginpidetza. Haatik, eskuduntza berri horiek eta oraindik zehazteke daudenak garatzeko baliabide nagusia Fiskalitate Federalerako Legea izango da. Erreforma fiskal hori iragan irailean onartu zuen Italiako Legebiltzarrak.

Calderoli ministroarekin egindako bileran «elkarlanerako giro ona» izan dela nabarmendu du Hego Tirolgo presidenteak. Apirileko hauteskundeen ostean, eta Italian eskuineko indarren koalizioa gailendu ostean, Silvio Berlusconi da berriro ere Erromako gobernuburu. Gobernu horretako kide nagusien artean da, aldiz, Umberto Bossi buru duen eta Italia estatu federal bilakatu nahi duen Lega Norde alderdi populista. Gaur egun Erromako gobernuan agintzen dutenekin «giro ona» dagoela nabarmendu arren, Hego Tirolgo agintari autonomistek block frei jokabideari eutsi nahi diote, hots, Italian lehian dauden eskuineko eta ezkerreko blokeetatik aske geratzea.

Bozetan berriro ere garaile

Hauteskunde orokorrei begira, ez koalizio politiko baten ez bestearen alde egitea erabaki izanak mesede egin die Hego Tirolgo indar autonomistei. Jarrera horrek ekarritako onurak agerian geratu dira joan den urriaren 29an egindako boz autonomikoetako emaitzei erreparatuta. Izan ere, Hego Tirolgo Herritarren Alderdia (SVP) garaile irten da beste behin. 1972an autonomia estatutua indarrean jarri zutenetikagintean egon da SVP.Alderdi autonomista horrek botoen %48,1 bereganatu ditu. Hala ere, 2005. urteko emaitzekin alderatuta, botoen %7,5 galdu ditu. Nabarmen gora egin du, aldiz, eskuin muturreko Die Feiheitlichen Tirolgo Alderdi Nazionalistak, bozen %14,3 lortu baititu, orain dela bost urte eskuratu zituenak baino hiru bider gehiago.

Italiako alderdiak, berriz, nabarmen atzean geratu dira. Hala, Silvio Berlusconi buru duen Askatasunaren Herria koalizioak botoen %8,3 lortu ditu, ezkerreko Alderdi Demokratikoak %5,9 eta Berdeak alderdi ekologistak %5,8. Azkenik, Hego Tirolgo indar politikoen artean berrikienik eratu den STF Hego Tirolen Askatasunerako Alderdiak bozen %4,9 bereganatuditu. STFren aldarrikapen nagusia Hego Tirolek eta Ipar Tirolek (Austria) bat egiteko proposamenaren gainean herri galdeketa egitea da.

Historia gorabeheren menpe

Hego Tirol Italiaren parte bihurtu zen 1919. urtean. Ordu arte Austriako inperioaren menpe egon zen Bolzano (Bozen, alemanieraz). Anexionatze horren ostean, Hego Tirolek italieratze politika saioak jasan zituen, baina porrot egin zuten, herritarrek alemanieraz irakasteko eskola klandestinoak eratu eta sustatu baitzituzten. Alemanian naziak aginteaz jabetu zirenean Hego Tirolgo alemaniar hiztunak bakean uzteko agindu zioten Italia faxistari. 1943an, berriz,eskualdean jaun eta jabe bihurtu ziren naziak. Gisa horretako gertaerak jasan zituzten beste eskualdeetan bezala, Hego Tirolgo hainbat herritarrek ideologia eta politika naziarekin bat egin zuten.

Bigarren Mundu Gerraren amaieran, Hego Tirol berriro ere Italiaren menpeko bihurtu zen. Haatik,Italiako gobernuburu Alcide de Gasperik eta Austriako kantziller Karl Gruberrek izenpetutako hitzarmenaren haritik, Hego Tiroli «administrazio eredu berezia» onartu zion Erromak, 1946ko irailaren 5ean.

1960ko hamarkadan, BASHego Tirol Askatzeko Batzordeek borroka armatua egin zuten Hego eta Ipar Tirolen batasuna xede. Borroka horri esker lortu zuten 1972an Hego Tirolgo autonomia estatutua. Estatutu hori 1992an garatu zuten.



Italiako eredu zentralistan salbuespen dira bost eskualde autonomiko

Italia estatu zentralizatu gisa eratu zen 1861ean. Horregatik, Italiako hogei eskualdeetatik bost dira bakarrik «administrazio eredu berezi» baten arabera antolatutakoak; hots, Hego Tirolez gain, Aoste , Friul-Venezia-Juliana , Sardinia eta Sizilia. Eskualde horietan, bertako hizkuntzak ofizialak dira, baina italiera edo, zehatzago, Toskanako dialektoa, da hizkuntza nazionaltzat hartzen den bakarra. Eskualde autonomiko horietako ghjunt-ek edo legebiltzar autonomoek eskualdeko legeak onar ditzakete; baina Italiako Konstituzioarekin «bateragarri» behar dute izan. Halaber, Italiako presidenteak ghjunt-ak desegiteko ahalmena du. 2001. urtetik, haatik, Konstituzioak eskuduntza gehiago eskuratzeko aukera eman die eskualde autonomoei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.