BESTE BATASUNA. HERRIALDE KATALANAK. BESTE BATASUNA

HERRIALDE KATALANAK. 'Correllengua' katalanaren aldeko lasterketa nazionala gaur abiatuko da, Andorratik. Katalanaren batasuna aldarrikatuko dute, eta «eraso sezesionistak» amai daitezela eskatuko

Edu Lartzanguren.
2006ko irailaren 2a
00:00
Entzun
Hizkuntza bizia, herria abian, lelo hori aldean, Herrialde Katalanetako kale eta errepideetara korrika egitera aterako dira katalanaren aldeko erakundeak eta herritar soilak gaurtik azaroaren 4ra arte. Correllengua, Korrikan oinarrituriko lasterketa, gaur abiatuko da Andorran. Lau zutabetan banatuta, herrialdeko eskualde guztiak zeharkatuko ditu. Iazko saioan milioi erdi pertsonak hartu zuten parte. Erabilera sustatzea eta hizkuntzaren batasuna aldarrikatzea dira Correllengua 2006 honen helburuak.

«Katalanek katalanez bizitzeko duten eskubidea nabarmendu nahi dugu, erabilera normalizatuarekin, dagokion ofizialtasunez eta gure hizkuntzak pairatzen dituen eraso sezesionistak gabe», hala dio Katalanaren Aldeko Elkarteen Koordinakundeak (CAL) aurtengo saiorako idatziriko manifestuak. CALek antolatzen du Correllengua 1996. urtetik, eta dozena bat herritan korrikalari gutxi biltzetik, katalanaren alde egiten den ekitaldirik jendetsuena izatera pasa da hamarkada batean.

HIZKUNTZAREN BATASUNA. Lasterketaren gai nagusietako bat valentziera katalanarengandik bereizteko ahalegina izango da aurten. «Nahi dugu behingoz amai dadila katalana eta valentzieraren arteko bereizketaren inguruko ika-mika, hori sortu dutenen helburu bakarra herri katalana banatzea izan baita, interes politikoengatik eta zuhurtzia zein filologia ororen kontra», dio manifestuak.

Helburuak harantzago doaz: lasterketaren bidez, «hizkuntz politika aktiboak eta konplexurik gabeak» exijituko dizkiete agintariei. Quebec edo Flandesko gobernuen politikak jartzen dituzte adibidetzat. Horrez gain, herritarren hizkuntz kontzientzia sakondu nahi dute, katalan hiztunen «konplexuak eta euren buruarekiko gorrotoa» gainditzeko.

Horrez gain, hizkuntza herrialde osoan ofiziala izatea eskatuko dute. Azaroaren 4an egingo dute amaiera ekitaldia Penpinyan (Ipar Katalunia).

Lasterketarekin batera, dozenaka hitzaldi eta kultur ekitaldi egingo dituzte Correllengua-ren garrak bisitatuko dituen herri eta hirietan. Katalantasuna «korrika, konplexurik gabe eta era positiboan» ospatzera dei egiten diete antolatzaileek herritarrei.

'Correllengua' zifratan

400 herritatik pasatu zen Correllengua katalanaren aldeko lasterketaren iazko saioa. Herrialde katalan guztietan izan zen martxa eta harekin batera antolaturiko beste ekitaldiak.

600 ekitaldi egin zituzten, besteak beste, hitzaldiak, protestaldiak, erakusketak eta kontzertuak.

500.000 pertsonak hartu zuten parte lasterketan eta harekin loturiko ekitaldietan.

200 udal eta eskualde kontseiluren atxikimendua lortu zuen.

david vila'Correllengua'-ren antolatzailea

«Katalanok iraultza egin behar dugu hizkuntz mendetasuneko ohituretan»

E. L.

David Vila Katalanaren Aldeko Elkarteen Koordinakundeko (CAL) eleduna da. CALek antolatzen du Correllengua, katalana bultzatzeko lasterketa.

Gaur hasiko den Correllengua hamargarrena da, berezia izango da horregatik?
Bai aurtengoa oso garrantzitsua da, bi urteurren ospatzen ditugulako: alde batetik hamargarrena delako Herrialde Katalan guztietara heltzen, eta, bestalde, CAL koordinakundeak hamar urte bete dituelako aurten. Nahiago genuke ospakizun hauek egiteko beharrik ez izatea, horrek esan nahiko lukeelako katalana egoera normalizatuan dagoela. Oraindik horrela ez denez, lanean jarraitzen dugu.

Zergatik aukeratu duzue Andorra lasterketa abiatzeko?
CALek dituen errebindikazioetako bat da katalana hizkuntza ofizial bakarra izatea Herrialde Katalanetan. Normalizazioa lortzeko erabat ezinbestekoa da hori hala izatea. Andorra da, egun, hizkuntza ofizial bakartzat katalana daukan lurraldea; beraz, gune egokia iruditu zaigu Correllengua hasteko.

Herrialde batean katalana da hizkuntza ofizial bakarra,eta beste batzuetan ez du inongo onarpenik. Antolakuntza aldetik arazoak sortu dizkizue egoera administratiboa ezberdina izateak?
Correllengua gero eta errotuagoa dago gizartean, eta Kataluniako Generalitatearen laguntza jasotzen du batez ere, baina baita udalena eta eskualdeetako erakundeena ere. Andorrako Gobernuak ere sostengua eman du. Valentzian, ordea, askoz zailagoa da sostengua jasotzea, egoera politikoarengatik, eta Rosselloko agintari frantziarrek ez dute inolako laguntzarik eman, jakina.

Trabarik jarri al dute Correllengua antolatzeko?
Correllengua-ren indarra erakundeen mende ez egotea da. Eskertzen diegu laguntza, baina Correllengua antolatzen eta ordaintzen duena gizarte zibila da, hizkuntzaren aldeko auzoetako elkarteetatik hasita. Jendeak grina bera du herrialde osoan,Valentzian izan, Balearretan, Katalunian edo Ipar Katalunian. Horrek ematen dio indarra ekimenari.

Correllengua bezalako ekimenek benetan laguntzen dute hizkuntza baten normalizazioan?
Iraultza egin behar dugu hizkuntz ohituretan. Katalanok hautsi behar ditugu mendekotasun ohiturak eta hiru mendeko hizkuntz jazarpenak erroturiko geure buruekiko gorrotoa. Euskal Herriko Korrika ikusita hasi genuen hau, duela hamar urte. Dozena bat herritan baino ez zen egin, jende gutxiren artean. Azken saioan 400 herritara heldu ginen eta 500.000 pertsonak hartu zuten parte. Katalanez bizi daitekeela ikusi zuten parte-hartzaileek. Hori barneratzen bada, hizkuntzaren erabilera zabalduko da eta normalduko da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.