Korsika burujabearen alde jardungo duen indar politiko bateratua eratzeko asmoa aldarrikatu dute uharteko alderdi eta talde politiko independentistek. Iragarpen hori, Corti hirian, abuztuko lehen asteburuan, urtero antolatu ohi dituzten jardunaldietan egin dute. Era horretan, amaitutzat eman dute indar autonomistekin 2004. urtean hitzartutakoUnione Nazionale batasun prozesua.
Azken hilabeteotan bultzatutako eraberritze prozesuaren balantze baikorra eginda, Corsica Nazione Independente talde politiko independentista indartsueneko buru Jean-Guy Talamonik Cortiko topaketetako azken egunean adierazi zuen : «Azken hogei urteotan lehenengo aldiz, Korsikako independentistak bat egiteko asmoekin gabiltza, argi eta garbi». Joera hau indartu beharra honela azaldu zuen Talamonik: «Korsika hondoa jotzetik saihesteko eta oparotasunera eramateko, bide bakarra da burujabe egin dadin».
Bat egiteko lehen urratsak
Indar independentisten bat egite eta eraberritze prozesua «eraikitze bidean da oraindik, eta bost ildo dauzka abiapuntutzat», zehaztu zuen Talamonik. Oinarrizko ildoak hauek dira: Korsikaren herri eskubideak bultzatzea; ondarea zaintzea eta garatzea; gizarte zuzenbidetasuna haztea; ekologia orekak babestea; eta borroka moldeen arteko elkartasuna aldarrikatzea.
Azken atal horrek, nola edo hala, borroka armatuan dihardutenekiko elkartasun politikoa adierazten du. Hori izan da, hain zuzen, autonomistekin haustura eragin duen zioetatik bat. Bestalde, aurtengo udal bozetan, autonomistek emaitza nabarmen hobeak lortu dituzte, eta horrek ere hazi du Korsikako abertzale munduko bi adarren arteko auzia.
BESTE BATASUNA. Korsikako independentistak, berriztapen bidean
Indar independentista bakarra eratzea hitzartu dute, autonomiaren alde diren indarrekiko haustura nabarmenduta
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu