BESTE BATASUNA. Korsikako lau marinel epaitu dituzte, 'Pascal-Paoli' ontziaren bahiketagatik

SNCM konpainiaren pribatizazioa salatzeko, ontzi bat bahitu zuten langileek Marseillan, 2005eko irailaren 27an

2009ko azaroaren 21a
00:00
Entzun
STC Korsikako Langileen Sindikatuko lau marinel epaitu dituzte herenegun eta atzo Marseillan (Frantzia), auzitegi korrekzionalean. Alain Mosconi STCko marinelen buru izandakoa, haren bi anaia Jean-Marc eta Patrick, eta Felix Dagregorio auzipetu zituen iragan ekainaren 30ean Catherine Vindreau ikerketa-magistratuak, «jendeak gatibu hartzea» eta «aginte kargu batez legez kanpo jabetzea» egoitzirik. Auziko lehen egunean, baina, epaile buruak galdegin zuen akusazioak gutxitu zitezen «mehatxuz jokatzea» delitura. Prokuradoreak bi urterako espetxea eskatu du Alain Mosconi eta Felix Dagregoriorentzat, eta urte eta erdiko zigorra Jean-Marc eta Patrick Mosconirentzat -ez dute bete beharko-. Epaia abenduaren 2an emango dute.

Frantziak lau marinel sindikalistei leporatzen diena, baina, orain dela bost urte gertatu zen. Zehazki, hau egotzi diete lau auzipetuei: Pascal-Paoli itsasontziaren kontrola hartzea eta Bastiako portura eramatea, 2005eko irailaren 27an, Marseillako portuan ainguratuta zegoelarik. Izan ere, sindikatuek greba hasi zuten urte hartako irailaren 20an, SNCM Korsika-Mediterraneo Sozietate Nazionala itsas garraioko konpainiaren pribatizazio xedearen kontra, eta grebaren barnean kokatu zen marinelen ekintza hura.

Etorkizuna jokoan

Berrogei bat lagunek hartu zuten ontziaren kontrola. Hori egin zuten unean, bidaiaririk ez zegoen ferryan, kapitaina eta mekanikari bat baizik. «Gure lanbidea defendatzeko borrokan sartuta gauden langileak gara, soil-soilik; gure lan tresna honen kontrola hartu dugu, garraioen auziaz eta gure enpresaren etorkizunaz borroka politiko bat bideratzeko helburuarekin», aldarrikatu zuten marinelek, ontziaz jabetzeko zioak azaltzearren.

Frantziako agintari politikoek, baina, «itsasontzi baten bahitzea» eta bertan zeudenak «gatibu hartzea» leporatu zieten marinelei, eta horren arabera erantzun zioten gertakariari. Hala, biharamunean bertan, goizean, ontzia uhartetik gertu zelarik, Frantziako GIGN Jendarmeriaren Interbentzio Taldeak eraso egin zion ontziari. Harridura handia piztu zuen sindikalista batzuen kontra baliatzeak gaizkile arriskutsuenei, bahitzaile armatuei eta ekintzaileei oldartzeko baliatu ohi den indar bat, eta salaketa asko eragin zuen.

Asisetako Auzitegian epaitu nahi izan zituzten hasieran-Frantziako justizia sisteman, krimentzat jotakoak epaitzeko auzitegiak; delitutzat jotakoak auzitegi korrekzionalei dagozkie-, eta 30 urterainoko espetxe zigorrera kondenatzea arriskatzen zuten. Haatik, justiziak gertakarien larritasuna arindu eta lau auzipetuak epaitegi korrekzional batean epaitzea erabaki zuten. «Frantziako Justizia ohartu zen gertaera haiek ez zirela asisetako auzitegian bideratu ahal izango», azaldu du lau auzipetuen abokatu Marie-Rose Prosperik.

«Sindikalistak gara»

Alain Mosconik, epaiketa hasi aurretik, prentsaurrekoa egin zuen Marseillan: «Ez gara ez kriminalak, noski, baina ezta gaizkileak ere; sindikalistak gara, eta hori izaten jarraituko dugu», nabarmendu zuen azaroaren 13an. Etienne Santucci STCko gaur egungo buruaren esanetan, berriz, 2005eko iraila eta azaroa artean SNCM enpresan gertatutakoa «Korsikari duintasun apur bat eman dion gatazka sozial bat izan zen». Lankideak errugabetzat jotzea espero zuela adierazi zuen Santuccik.

Jean-Guy Talamoni Korsikako Lurralde Asanblean Corsica Libera alderdi independentistako kontseilaria ere bat dator: «Auzi hau ez da soilik korsikarren afera bat; interes pribatu batzuei amore ematearekin konforme ez dauden guztien afera da». Gertatutako gatazka soziala, herrialde oso bat interes pribatuen men jartzeari jazartzea izan zela uste du.

Guztiaren abiapuntu izan zen orduko Garraio Estatu idazkari François Goullardek adieraztea SNCM enpresa publikoa hondoa jotzeko zorian zegoela, 30 milioi euroko galerak metatu zitzaizkiolakoan. Egoera honi aurre egiteko, estatuak enpresako kapital gehiena partaide pribatuen esku jartzea erabaki zuen. Korsikako itsas garraioetan nagusitasuna duen enpresaren kontrola hartzeko interesa agertu zuten orduan, AEB Ameriketako Estatu Batuetako bi inbertsio-funtsek: Butlers Capital Partners-ek eta Caravellek. Korsikarentzat funtsezkoa den jarduera bat interes pribatuen esku jartzearen arriskuak azpimarratuta, marinelen sindikatuek greba abiatu zuten irailaren 20an. Handik astebetera Butlersen eskaintza onartzeak gatazka areagotu zuen; marinel gehienek STCren ekintzarekin bat egin zuten orduan.

Grebak 24 egun iraun zuen, eta emaitza ekarri zuen; Butlersek SNCMren kapitalaren %38az jabetu zen, Estatuak %25 atxiki zuen eta langileek %9. Geroztik, AEBetako inbertsio funtsak Veolia-Transports multinazionalari saldu dizkio akzioak. Eta SNCMk galerei aurre egitea lortu du: iaz, 305 milioi euroko negozioa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.