Datorren urteko martxoan Korsikan egingo diren Lurralde Asanblearako bozen lehen itzulian, ezkerreko indarrak eskuinekoei nabarmen gailenduko litzaizkiekeela aurreikusi dute, egin berri duten inkesta baten emaitzek. Ifop institutuaren zundaketaren arabera, halaber, autonomistek aurrea hartuko lieke independentistei, eta azken horiek bigarren txandan lehiatzeko edo beste zerrenda batekin bateratzeko aukerarik ere ez lukete izango. 2004an egin ziren bozetan, autonomistak eta independentistak batuta lehiatu ziren hauteskundeetan, baina, orduz geroztik, banandu egin dira.
France 3 Corse telebista kateak, Frequenza Mora irratiak eta Corsica Magazine hilabetekariak sustatutako inkesta horren emaitzekin, haatik, oso zuhur ibili behar da. Izan ere, Korsikako ezkerreko frantses alderdiei botoen %42 iragartzen badiete, nabarmentzekoa da emaitza lau zerrendaren batuketarena dela. Galdekatutako lagunei eskatu zaie norentzat emango duten botoa Dominique Bucchini, Paul Giaccobi, Simon Renucci eta Emmile Zucarrelli buru luketen zerrenden artean. Ezkerreko Erradikalen, Sozialdemokraten eta Ezkerreko Besteen aldeko boto asmoak batuta, inkestak bozen %35eko emaitza iragartzen du. Itaundutako lagunetatik %6k, aldiz, boto egingo lukete komunisten alde.
Kontua da, haatik, Korsika Garaia departamenduan indartsu dagoen Paul Giaccobi eta Hego Korsikako diputatu Emille Zucarrelliren artean areriotasun handiak daudela, eta lehen itzulian bananduta lehiatu ondoren ez litzatekeela batere ziur bigarren txandarako edo gehiengo bat osatzeko bat egingo luketen. Bi politikari nagusien artean adiskidetze ahaleginetan dihardu hirugarren zerrenda bateko buru izan litekeen Ajaccioko alkate Simon Renucci. Hain zuzen ere, hiru politikari hauek gaur bertan biltzekoak dira Corti hirian, elkartzerik ote duten edo ez aztertzeko asmoz. Komunistak, aldiz, ez lukete frantses ezkerreko beste lehiakideekin bat egingo, ezta bigarren txandan ere.
UMPk soilik, bozen %29a
Ifop inkestak botoen %29ko lorpenak iragarri dizkio Korsikako Lurralde Asanblean gaur egun agintzen duen Korsikarentzat Elkarretaratu zerrendari. Izen horren atzean, eskuineko UMP Herritarren Mugimenduaren Batasuna dago. Nahiz eta, 2004ko hauteskundeen ostean eratutako Lurralde Asanblean, talde politiko horrek hemeretzi hautetsi baino ez dituen -guztira 51 diputatuz osatuta dago Asanblea-, berak agintzen du, frantses ezkerreko indarren aldian-aldiko babesarekin.
Zundaketa honen arabera, eskuinak nabarmen atzera egiteak, beraz, ez du zertan ezkerreko indarren garaipenik bermatzen. Korsikan eskuin eta ezkerreko kontzeptuak aski bereziak dira, eta sei hilabeteren buruan lehiatuko diren zerrendetan lehen irtengo litzatekeenak -egungo iragarpenen arabera, Korsikarentzat Elkarretaratua- abantaila erabakigarri bat lortuko luke. Izan ere, Frantziako Legebiltzarrak joan den uztailean onartutako lege baten arabera, bozetan lehen irtengo den zerrendak, botoen bidez lortutako hautetsi kopuruaz gain, bederatzi ordezkari gehiago izango ditu, gehiengo sari modura. Orain arteko boto sistemaren arabera, berriz, hiru diputatu gehiagoz jabetzen zen lehen txandan aurrenekoa irteten zen zerrenda.
Bozketa eredu berriak beste bi aldaketa garrantzitsu ekarri ditu. Alde batetik, bigarren txandan lehiatzearren, zerrendek gutxienez botoen %7 eskuratu beharko dute -lehen %5eko zen-. Bestalde, bigarren itzuli baterako zerrenda batekin bateratzeko aukera soil-soilik lehen itzulian bozen %5 lortu duten alderdiek izango dute.
Eredu berria kaltegarria izan liteke Corsica Libera indar independentistarentzat, betiere, Ifop inkestaren iragarpenei fidatuz gero. Izan ere, zundaketak botoen %4 baino ez dizkio aurreikusten Jean-Guy Talamoni buru duen alderdiari. Hori horrela balitz, Corsica Libera ez litzateke bigarren itzulira pasako, ezta beste zerrenda batekin bateratzen ere.
Jean-Christophe Angelini eta Gilles SimeonirenPNC Korsikako Nazioaren Alderdiko autonomistei botoen %17a iragartzen diete, aldiz, inkestak. Alabaina, bi lagun hauen artean lidergoaren inguruko ika-mikak piztu daitezkeela uste dute aditu batzuek. Iragarpen hauekin ere zuhur ibili behar da, zeren eta, Corsica Libera eratu berria den alderdia baita eta sei hilabeteren tartean gauzak asko aldatu daitezke.
BESTE BATASUNA. Korsikan ezkerra ematen du garaile inkesta batek bozetatik sei hilabetera
Ifop institutuak dio autonomistek aurrea hartuko lekiekeela independentistei; 2004. urtean bat egin zuten
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu