BESTE BATASUNA. larunbata

2005eko maiatzaren 14a
00:00
Entzun
Korsika: Ezezagun batzuek Laurent Lucioni, klub bateko jabea, hil zuten tiroz Bunifaziun (hegoaldea). Ez dago argi zergatik hil zuten. Lucioni, 33 urtekoa, François Santoni buruzagi abertzale zenarekin auzipetuta egon zen duela urte batzuk.

igandea



Sardinia: Uharteko kostaldea salbatzeko eskaera herrikoia helarazi zioten Eskualdeko Kontseiluko presidente Renato Soruri. Amici Della Terra (Lurraren Lagunak) taldeak abiatu zuen ekimena.

astelehena



Gales: Plaid Cymru alderdi abertzaleak «bidegabe» iritzi zion Erresuma Batuak Galeserako duen idazkari Peter Hain aurrerantzean Ipar Irlandarako idazkari ere izateko Londresek hartutako erabakiari. «Bidegabea da, ez bakarrik Galesko jendearentzat, baita Irlandako iparraldeko jendearentzat ere», salatu zuen Plaid Cymruko diputatu Helen Jonesek. Hainek orain Galesen behar bezainbat denbora igaroko ez duelako ere kexu zen.





asteartea



Sardinia: Zentro-ezkerreko alderdiak (Italian egoitza nagusia dutenak) nagusitu ziren probintzietako presidentetzarako zein udal bozetan. Zortzi probintzietatik sei eskuratu zituzten, hain justu.





asteazkena



Galizia: Ferrolgo portuan Norvegiako ontzi bat itsasoratzera begira garbitzen ari zirela, lau langile hil ziren, gas isurien ondorioz. Horietako bat bere lankideak laguntzera joan zenean hil zen, besteak bezala itota. Hiriko ontzioletan bi astetan gertatzen den hirugarren lan istripua izan zen.





osteguna



Bretainia: Ezker bretoiak banatuta segitzen zuen Frantziako estatuan Europako Konstituzioaren gaineko erreferendumean hartu beharreko jarreraz. Emgann talde independentistak Itunari ezetza emateko eskatzen duen bitartean, Parti Breton autonomistak baietza galdegiten zuen.





ostirala



Galizia: IX. Jardunaldi Independentisten kariaz, Hizkuntza eta Nazio Berreraikuntza izan zituzten ardatz Galiziako, Herrialde Katalanetako eta Euskal Herriko hainbat ordezkarik, Santiagon. Primeira Linha erakunde abertzaleak antolatu zituen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.