Herbehereetan lurralde antolaketa berriz aztertu behar dutela eta, Frisiako autonomistek euren probintzia mantendu dezaten eskatu dute. Barne ministro ohiak eta D66 Liberal Demokratak alderdiko buruzagiak, probintzien ordez, proposamen bat aurkeztu dute, eskualdeak sortzeko -probintziak baino handiagoak-. Ekimenak aurrera egingo balu, frisiarrek lurralde antolakuntza berezia galduko lukete; izan ere, orain erkidego historiko berezia osatzen dute Herbehereetan.
Herbehereetako probintziak eskualde handietan bateratzeko asmoa azaldu du Guusje Ter Hostek, PvdA Alderdi Laboristako burukide eta joan den otsaila arte Barne ministro izandakoak, baita liberal demokraten buruzagi Alexander Pechtodek ere. Ter Hosten iritzian, probintziak soberan daude. Ildo beretik, Pechtodek azaldu du probintziek diru xahutze handiegia eragiten dutela estatu egituran, eta hobe litzatekeela horien ordez lau eskualde handi eratzea.
Alderdi Liberal Demokratako buruaren asmoa gauzatuko balitz, Frisia probintzia Groningen eta Drenthe-rekin bateratuko litzateke. Halaber, Frisiako Probintzia Asanblea (Fryland Provicialde Staten) eta horren batzorde eragilea (Gedeputeerde Staten) desegin egingo lituzkete. Euren egitura propiorik gabe, frisieraren aldeko politika kolokan egongo litzateke. Frisian, gaur egun, 642.000 lagun bizi dira, eta 400.000 inguruk hitz egiten dute frisieraz.
Frisiako autonomisten artean nagusi den alderdiak, FNP Frysk Nasjonale Partij-ek,ez du halakorik gertatzea nahi, eta probintziak lurralde administrazio gisa indarrean jarraitu dezan, ekimen politikoak agindu ditu. «Ez da inola ere onartzen ahal Frisia bezalako probintzia baten desegitea proposatzea; izan ere, herri honek nortasun berezia eta hizkuntza eta kultura bereziak dauzka. Herbehereetako beste probintzia bakar batean ere ez da Frisiako herriaren eta herritarren arteko horren lotura sendorik», argudiatu du FNP alderdiak.
Orainokoan, probintzien aurkako proposamenari aurre egiteko, FNPk Frisiako Probintziako Asanbleara joko du datorren asteazkenean, aipatu ekimenaren aurka mozio bat jar dezaten eskatuz. Alderdi autonomistak aurkeztuko duen dokumentuak, Frisia probintziaren alde ez ezik, administrazio horri eskumen gehiago transferitzearen alde egiten du. FNPren irudiko, Herbehereek eredu federala garatu beharko lukete, Frisiari -herri nortasun berezia duenez- autonomia estatutu aurreratu bat aitortzeko, batez ere.
Herri kontsulta baten eskaria
Probintzia Asanblean mozio proposamena aurkezteaz gainerat, Frisian herri kontsulta antolatzeko eskatuko dute autonomistek. FNPren iritziz, Frisiako herritarrei euren etorkizunerako zer nahi duten galdetu behar zaie; hots, Herbehereen iparraldeko eskualde baten parte izan nahi duten ala autogobernu eskumen zabalak izango dituen Frisia autonomo bat eratzea gura duten. Politika alorrean FNPk bultzatutako herri kontsultarako ekimenaz gain, Frisiar Mugimenduaren Kontseiluak ere beste ekimen bat abian jarri du -Frisiako gizarte eta kultura arloetako egitura eta jardule andana biltzen du-, Amsterdamgo gobernuari probintzia ez dezan eskualde batekin ordezkatu exijituz.
Autonomistak, dena dela, gutxiengoan daude Frisiako Probintzia Asanblean; 55 zinegotzik osatzen dute, eta bost besterik ez dira FNPkoak. 2007an egin zituzten Probintzia Asanbleetarako hauteskundeak, eta haietan alderdi autonomistak botoen %10,68 eskuratu zituen; lau urte lehenago egindako bozen emaitzekin alderatuz gero, ia hiru puntu galdu zituzten autonomistek; zazpi hautetsi izatetik bostera igaro ziren.
Otsaileko udal hauteskundeetan, ostera, emaitza askionak lortu zituen indar politiko autonomistak. Frisiako 31 udalerrietan,FNPko 52 zinegotzi hautatu zituzten; lau urte lehenago baino zortzi gehiago. Hainbat udalerritan, halaber, lehen indar politiko bihurtu da alderdi sozialdemokrata autonomista. Hala gertatu da Skarsterlan hirian, botoen %33,9 bereganatu baitzituenhan. Alderdi estatalisten aurretik gelditu zen, gainera, Gaasterlan-Sleateko udalerrian, botoen %29,5 lortuta; eta bigarren alderdi bilakatu da Achtkarspelenen, botoen %23,9 bereganatuta.
Estatuturik gabeko hizkuntza
Frisiako probintziarentzat eskatzen dituzten politika eskuduntzen artean, frisieraren ofizialtasuna lortzea eta garatzea axola zaie autonomistei ororen gainetik. Izan ere, frisieraren egoera aski berezia da Herbehereetan. Ez diote hizkuntza ofizial estatusik legez aitortzen, baina ez dute horren erabilera oztopatzen ere. Frisiako Asanbleak eta Batzorde Eragileak frisieraren aldeko politikak sustatzen dituzte. Udalen aldetik, berriz, ez dago frisiera babesteko eta bultzatzeko politika bateraturik. Udalerri batzuek, haatik, nederlanderarekin batera, hizkuntza ofizial moduan baliatzen dute administrazioan.
Frisia probintzian ez ezik, Alemanian ere badaude frisiarrak, eta Schleswig-Holstein eskualdean 10.000inguruk hitz egiten dute hizkuntza hori; Saxonia Beherean, berriz, 2.000 baino ez dira mintzatzen frisieraz.
BESTE BATASUNA. Probintziak mantentzeko eskatu dute Frisiako autonomistek Herbehereetan
FNP alderdiak herri galdeketaren aldeko kanpaina hasi du, eta eskumen gehiago eskatu ditu Frisiarentzat
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu