Suediako Gobernuak sami herriaren autodeterminazio eskubidearen inguruan duen jarrera ezkorra nabarmendu eta samiak baztertzen dituela salatu dute NBEk, OCDE Elkarlan eta Garapen Ekonomikorako Erakundeak eta Europako Batasunak. Kritikatu arren, Stockholmek entzungor egin eta oraindik ez du auzian pausorik eman. Suediak sami herriaren lur jabetza, arrantza eta ehiza eskubideak onartu ez izana eta ILO Lanaren Nazioarteko Erakundearen 169. konbentzioa indarrean jarri ez izana gaitzetsi zuten iaz nazioarteko erakunde horiek hiru txostenetan.
Arrazarekin lotutako edozein diskriminazio mota desagerrarazteko NBEren batzordea (CERD) izan zen Suedia kritikatzen lehena, 2004ko martxoaren 12an kaleratutako txostenean. Samien lur jabetzako eskubidea nabarmentzeaz gain, Suediak haiei eskubide hori auzitegietan defendatzeko beharrezko baliabide ekonomikoak errefusatzen zizkiela iradoki zuen CERDek. Izan ere, samien eta samiak ez direnen interesak lur jabetzarekin zerikusia dute, gehienbat elkarren aurkakoak izan diren guztietan samien kontrako erabakia hartu du Suediako Administrazioak. Hori ikertu eta sami herriak auzibideetan bere eskubideak defendatu ahal izateko baliabideak dituela ziurtatzeko exijitu zion, ondorioz, CERDek Suediari. Horrek, baina, ez du oraindik arazoa konpontzeko proposamenik aurkeztu. CERDen antzera, OCDEk eta Europako Batzordeak maiatzean kaleratutako txostenetan lur jabetzaren auziaz mintzatu eta Suediari ILO 169 konbentzioa indarrean jartzeko exijitu diote. Munduko herri indigenen lur jabetza eta beren nortasun, hizkuntza eta erlijioa atxikitzeko eskubidea babestea da 1989an onartutako arauaren xedea. Stockholmek 1976an samiak Suediako herri indigena zirela onartu arren, oraindik ez du ILO169a indarrean jarri.
Norvegia eta Suedia
Norvegiaren kasua bestelakoa da sami gehien bizi den herrialdea da. Izan ere, Oslok 1990ean jarri zuen indarrean ILO 169a. Horrekin batera, herrialde horretako Finnmark eskualdeko lurralde eta baliabideak kudeatzeko, Finnmark Act legea eratu du. Lege hori nahikoa ez dela kritikatu duten arren, Suediako egoerarekin alderatuta «izugarrizko aurrerapausoa» da, Suediako Samien Legebiltzarraren arabera.
XIX. mendean Suediak ez zituen Samiak beren eskubideak eta lurrak kudeatzeko gai jotzen eta, ondorioz, Estatuak bere gain hartu zuen kudeaketa. Egun, horixe egiten du, Suediako Nekazaritza Ministerioaren eta Elur Orein Industria Sailaren bidez. Estatuak lurren eta uraren jabetza aldarrikatzen du eta, beraz, berarena da samien lurretan ehizatzeko eskubidea. Hala, samien eskubideak industria jakin batekin lotzen ditu Gobernuak, elur oreinen ehizarekin, eta ez nazioarteko legeriarekin. Iazko azaroan Suediako Lurralde ministro Ann-Christin Nykvistek esan zuen Gobernuak samien aldarrikapenak kontuan hartzeko asmoa duela, baina «prozesua korapilatsua eta geldoa» dela nabarmendu ostean.
Lur eta uraren jabetza eskubidea eta beren kultura eta aurrekontuak kudeatzeko eskumena lortzeko eskatzen dute samiek autodeterminazioa, nagusiki.
BESTE BATASUNA. SAMI HERRIA. BESTE BATASUNA. SAMI HERRIA. Suediak samiak baztertzen dituela salatu dute NBE, OCDE eta EBk
Samiei lurren jabetza eskubidea aitortzeko presioei ez ikusiarena egiten die oraindik Stockholmek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu