Bi ekintzailek gorputzera itsatsita zeramaten lehergaiak zartarazi dituzte gaur goizean Casablanca erdialdean, Marokoko Poliziaren arabera, eurengandik ihesika zihoazela. Iturri horiek agertu dute ekintzaileeik beren burua ihesbiderik gabe ikusi dutenean lehertarazi dituztela bonbak.Leherketetan ez da beste inor hil, baina emakumezko zibil bat zauritu da.
Heriotza horiek gertatu direnean, beste ustezko ekintzaile baten bila zebilela iragarri du Marokoko Poliziak, eta handik bi ordu ingururen buruan atxilotu egin dutela. Inmolatu diren bi ekintzaileen eta asteartean hil ziren beste lauen burua izatea egozten diote atxilotuari. Halaber, armen gordeleku bat atzeman dutela diote.
Leherketak gertatu diren lekutik hurbil AEBetako enbaxadaren menpeko den American Language Center hizkuntza eskola dago, eta iturri ofizialen arabera, egoitza horren aurkako atentatua egitea zen ekintzaileen asmoa.
Arestian aipatu bezala, Casablancan bertan, ustezko lau ekintzaile hil ziren asteartean. Polizia iturrien arabera, haietako hiru inmolatu egin ziren, gaurkoak bezala, Poliziak inguratuta ihesbiderik gabe zeudela ikustean. Laugarrena, berriz, poliziek hil zuten tiroka.
Astearteko gertaera horien ondoren, Marokoko Poliziak jakinarazi zuen talde islamista bereko beste ekintzaile batzuk identifikatu ziuela eta haien atzetik zebilela. Gaur inmolatuta hil denetako bat identifikatu dute dagoeneko, Mohamed Maha litzateke, baina ez legoke Poliziak asteartean zabaldutako zerrendan.
Beste bi ekintzaile hil dira Casablancan, soinean zeramaten lehergaia zartarazita
Azalpen ofizialen arabera, Poliziak harrapa ez zitzan inmolatu dira. Taldearen burua atxilotu duela dio Marokoko Poliziak, eta armen gordeleku bat aurkitu dutela. Emakumezko zibil bat zauritu du eztandak, baina beste biktimarik ez dute eragin. Asteartean beste hiriu ekintzailek lehertarazi zituzten beren buruak, eta laugarren bat tiroka hil zuen Poliziak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu