PALESTINAko gatazka

Beste bi gazte palestinar hil dituzte Israelgo soldaduek

Atzo sei palestinar hil zituzten tiroz, Gazan. Jerusalem askatzera deitu du Hamasek.

Polizia israeldar bat manifestariei tiro egiten, Zisjordaniako Hebron hirian. ABED AL HASHLAMOUN / EFE
Xabin Makazaga.
2015eko urriaren 10a
14:33
Entzun

Israelen okupazioaren kontrako protesta giroa, azken astebetean, altxamendu baten atarikoa izan da Zisjordanian eta Jerusalem ekialdean; gaur, beste bi gazte hil dira Israelgo soldaduek tirokatuta. Atzo, Gazan, Israelgo segurtasun indarrek sei gazte palestinar tiroz hil zituzten mugaldeko Khan Yunis hirian. Manifestariei tiroka erantzun zieten soldaduek —berrehun palestinarrek harriak jaurti zizkietela argudiatu du Israelgo armadako eledun batek—, eta, 15 eta 22 urte arteko sei palestinar hiltzeaz gain, laurogeitaka zauritu zituzten.

Ismail Haniye Hamas mugimenduko buruzagi eta Gazako gobernuburuak erasoak gogortzeko deia egin zuen, aurrez, ostiral eguerdiko errezoan: «Gazak Jerusalem eta Al-Aksa [meskita] askatzeko guduarekin bat egiten duela baieztatzen dut. Zorioneko Intifada babesten dugu, minaren, blokeoaren eta konspirazioen gainetik». Gaza «erabateko Intifada batekin bat egiteko prestu» dagoela erantsi zuen Haniyek.

Palestinarrak polizia, soldadu eta zibil israeldarrei labanaz eraso egiten hasi ziren duela bederatzi egun —lau israeldar eta dozena bat palestinar hil dira ordutik, tartean lau erasotzaile—, eta borrokak asko gogortu dira azken hiru egunetan. Israelek Meskiten Zabalgunea itxi ostean hasi ziren protestak, duela hiru aste, baina iragan ostegunetik, Zisjordania iparraldean bi kolono israeldar hil zituztenetik, Intifada atarikoa da giroa. Israelek Hamasen zelula bati egotzi dio hilketa.

Atzo, Gazako gertakarien aurretik, nerabe israeldar ultraeskuindar batek lau palestinar beduino zauritu zituen labankadaz Dimona hirian, bi larri, eta «arabiar guztiak terroristak» direla esan zien poliziei, atxilotu zutenean. Jerusalemen 18 urteko israeldar bat zauritu zuen palestinar batek labanaz, eta Hebronen, Kiriat Arna kolonian palestinar bat tiroz hil zuten segurtasun indarrek, pasagune bat zaintzen ari zen polizia bati labanaz eraso egin ostean. Israelgo Afula hirian, berriz, Jenin ondoan, emakume arabiar bat tiroz zauritu zuten segurtasun indarrek autobus geltokian, zinpeko zaindari bati labanaz eraso egin ondoren. Bideo irudiek erakutsi dute polizientzat mehatxurik izan ez arren emakumeari hainbat tiro egin zizkiotela.

Istiluak hasi zirenetik lau israeldar eta dozena bat palestinar hil dira, eta 900 palestinar zauritu dituzte segurtasun indarrek Zisjordanian eta Jerusalemen —60 bat balaz—, gasa arnasteagatik artatu dituzten ehunka herritarrez gain.

Jerusalem, gotortuta

Israelek kontrol neurri handiak ezarri zituen atzo Jerusalemen, eta Hiri Zaharrerako sarrera itxi zien palestinarrei, ostiraleko errezo eguna izanik istilu handien arriskua aurreikusi zutelako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.