Dallasko (Texas, AEB) ospitale presbiterianoko osasun langile batek positibo eman du ebolaz kutsatuta ote dagoen argitzeko frogan. Ameriketako Estatu Batuetan kutsatutako bigarren pertsona da; igandean ospitale bereko beste langile batek ere eman zuen positibo. Biek artatu zuten Thomas Eric Duncan Dallasko ospitalean. Liberian hartu zuen gaixotasuna Duncanek, eta Estatu Batuetan zegoela azalarazi zitzaion. Irailaren 28an ingresatu zuten Texasko ospitalean, eta hortik bi aste eskasera hil zen.
Texasko Osasun Departamentuak jakinarazi duenez, osasun arduradunek kutsatutako langilea elkarrizketatu dute, berarekin kontaktuan izandako pertsonak identifikatu eta azter ditzaten. Era berean, aurretik kutsatutako beste bi pertsonen —Duncan eta osasun langilea— ingurukoak aztertzen jarraitzen dutela nabarmendu dute.
Nazio Batuen Erakundeak, bestalde, hirurogei eguneko epea finkatu du ebolaren izurritea kontrolatzeko. Anthony Banbury Nazio Batuek ebolaren aurka erantzuteko abiatutako misioko buruak adierazi duenez, “ebola gu baino azkarrago garatzen ari da, eta lasterketa irabazten ari da”. Alde horretatik, argi mintzatu da bere buruari jarritako erronkaz: “Ezin dugu onartu ebolak irabaztea”. Banburyk zehaztu duenez, hirurogei eguneko epean bi dira bete beharreko helburu nagusiak: kutsatuen %70 osasun unitateetan artatuta egon daitezela, eta hildakoen lurperaketen %70 “infekzio berriak eragin gabe” egin daitezela. Hori lortuko balitz, Banburyk dioenez, “izurrite honi buelta eman ahalko genioke”.
Osasunaren Mundu Erakundearen azken datuen arabera, 4.447 hildako utzi ditu ebolak orain arte. Liberia, Sierra Leona eta Ginea dira herrialde kutsatuenak.