PATRICIA ESPINOSA. Cancungo bilerako presidentea

Beste goi bilera baten joan-etorria

Azken ordura arte akordioak lortu ezinik ibili dira 194 herrialdetako ordezkariak, eta gutxiengoetan geratuko dira hitzarmenak. Herrialde pobreenentzako funts bat sortzea adostu dute, baina ezaugarriak zehaztu gabe

Amagoia Mujika Tolaretxipi.
2010eko abenduaren 11
00:00
Entzun
Gutxiengoetara heltzea izan da helburu Cancunen (Mexiko), akordio handien porrota baino hobea delako, egingarriagoa. Kopenhagen gertatutakoa oso gogoan dute oraindik 194 herritako ordezkariek, eta erabaki garrantzitsuenen osotasunean galdu gabe, besteak beste, basogabetzea, garapen bidean daudenei diru laguntzak eta teknologia berrien erabilera ekologikoa izan dituzte akordioetarako gai, herrialde bateko ordezkariak bestearekin -denak batera oso gutxi-, eta horiei buruz hark horrekin etorkizunean negoziatzen jarraitzeko konpromisoa. Bilera goizaldeko ordu batean bukatzekoa zen, baina gauaren hasieran ziurtzat jotzen zuten epea luzatu beharko zutela akordioren bat lortzeko itxaropena zutelako.

Berotegi efektuak eragiten duten gas kutsagarrien emisioen zenbatekoa zehazteak ezinezkoa dirudi, nahiz eta zientzialariek ematen dituzten egin beharreko batzuk etorkizuna ziurtatzeko, eta Kyotoko Protokoloa luzatzea ere ez da egingarria, oraingoz-2012an amaituko da horretarako epea-. Baina nahikoa izan da arduradunentzat horretaz hitz egiten jarraitzeko beste goi bilera batzuetara joango direla agintzea. Orain Hegoafrikako Durban hirian egingo duten bileran jarri dute esperantza.

Nazio Batuen Erakundeak bi dokumentu aurkeztu ditu eztabaidarako goi bileran. Lehenengoak luzerako emisio kutsagarrien murrizketak aztertzen ditu, eta bigarrenak, Kyotoko Protokoloa luzatzeko herrialde garatuek hartu behar dituzten konpromisoak. Japonia eta Bolivia aipatu dituzte oztopo gehien jarri duten herrien artean. Japonia, Kyotoko Protokoloa luzatzeari uko egiteagatik, eta Bolivia, basogabetzea merkatuaren arauetara moldatzeari ezezkoa emateagatik. AEBek, berriz, nahiago izan dute erabakiak isilik gorde azken unera arte.

Garapen bidean dauden herrientzat Funts Berdea sortzea adostu dute, baina ezaugarriak eta funtzionamendua zehazteke utzi dituzte. Kopenhagen aurrez adostutakoaren arabera, funtsak 75.000 milioi euroko finantzaketa beharko luke 2020tik aurrera. Funts hori Munduko Bankuaren esku egotea nahi dute AEBek, baina herrialde gehienak erakunde berri bat sortzearen edo Nazio Batuen Erakundeak kudeatzearen aldeko agertu dira.

Kyotokoaren luzapenak, berriz, herrialde garatuek 2020an gas emisioak ia erdira gutxituta beharko lituzketela gordetzen du, baina bata besteak egiten duenari begira dago, eta derrigorrezko murrizketak ez dituzte jarri, beste behin besteak beste Japonia, Kanada eta Errusia kontra egon direlako.

Kyotoko Protokoloaren jarraipena ez dutelako sinatu nahi izan hartu dute protagonismoa bilera honetan Japoniak, Errusiak eta Kanadak, eta haietaz gaizki esaka aritu dira talde negoziatzaileetan, presio egin nahian, azken erabakia horien jarreraren menpekoa izan delako. Baina ez dira sinatzearen aldekoak, AEBek edota garapen bidean dauden herri kutsatzaileenek (Txina eta India) egiten ez duten bitartean.

Txinak eta AEBek, ordea, ez dute ezer jakin nahi protokoloaren bigarren atalarekin. Washingtonek ez zuen bat egin Kyotokoarekin, eta orain ez du egingo, eta Pekinek, garapen bidean dauden herriek bezala,ez du betetzeko konpromisorik.

Kyotokoaren alternatiba

Nolabaiteko akordioa lortzeko formula topatu dute azkenean: Japonia eta haren aldekoak pozik uzteko moduan, eta, era berean, bilera amaitu aurretik akordio bat lortzearren: proposamen berriak gasen isurketa murrizteko helburu zehatzak jasoko ditu herrialde garatuentzat eta garapen bidean daudenentzat, baina txosten hori Kyotoko Protokolotik kanpo utziko dute. Orain ikusi behar da zein garrantzi emango dioten dokumentu horri; alegia, konpromiso hutsean geratuko den.

Gainerakoan, eta Kopenhagen 194 ordezkarik akordio bat iristeko izan zuten ezintasuna ikusita, Danimarkan bultzatu zuten formula garatu dute Cancunen ere: bilera handitik at bideratutako hitzarmen txikien, partzialen eta bilateralen formula. Era horretara, AEBek, esaterako, «erabaki sorta orekatua» eraman dute bilerara, batekin zein bestearekin negoziatzeko.

Gas isuriei aurre egiteko ardura nagusia lehen munduko herriena da. Protokoloak horregatik jasotzen du garatuen konpromisoa -37 herriek sinatu zuten-. Era berean, kutsadura gehien sortzen duten herrialdeak izan ohi dira berotegi efektuaren ondorioak gutxien jasaten dituztenak; kaltetuenak, berriz, betikoak, garapen bidean dauden herriak, eta behartsuenak, bereziki.

Herrialde garatu batek gasak murrizteko izan dezakeen gaitasuna eta garapen bidean dagoen beste herrialde batena, ordea, ezin dira parekatu. Diferentzia izugarria da zenbaiten artean, eta norbaitek egoera aldatzeko gaitasuna badu, horiek gehien kutsatzen dutenak dira, baina konpromisoa ez da gaiena bakarrik, eta mundu mailakoak hartzea garrantzitsua dela diote adituek. Kyotoko Protokoloa bezalakoak, nahiz eta kutsatzaileetan nagusi AEBek ez duten itun hori sinatu.



«Kopenhagen gertatutakoaez errepikatzeko prestatu ginen, baina oso zaila da herrialde guztiek bat egitea»

PATRICIA ESPINOSA
Cancungo bilerako presidentea




22

Goi bilera, bakartuta. Kopenhagen izan ziren liskarrak saihestearren, neurri zorrotzak ez dira nahikoa izan Cancunen. Horiez gainera, 22 kilometrora dauden bi eraikinetara bideratu dute bilera, eta protestaren zantzurik ez dute sumatu.





Herrialde garatuetako herritarrak kutsatzaileenak

Datuak ikustea esanguratsua da herri garatuek klima aldaketaren inguruan eduki beharko luketen arduraz jabetzeko. Erresuma Batuak -herrialde garatuaren adibide bat jartzearren- , Egiptok, Nigeriak, Pakistanek eta Vietnamek batera baino karbono dioxido gehiago sortzen du. Erresuma Batuan 60tik gora milioi herritar inguru bizi dira; gainon-tzeko lau herrialdeetan, berriz, 470 milioi.

Halaber, Texasek, AEBetako estatu bakar batek -AEBek kutsatzen dute munduan gehien- Saharaz hegoaldeko Afrikak baino aztarna ekologiko sakonagoa utzi du. Lehenengoan 23 bat milioi herritar bizi dira. Saharaz hegoaldeko herrialdeetan, berriz, 87 milioi.







Kyotoko Protokoloaren ibilbidea

1997. Kyotoko Protokoloa egin zuten. 38 herrialde industrializaturi eta Europako Batasunari gas kutsagarrien emisioa %5 gutxitzea agintzen zien.

2001. AEBek protokoloa ez berrestea erabaki zuten.

2002. EBk, Japoniak, Kanadak eta Zeelanda Berriak berretsi zuten.

2004. Errusiak berretsi zuen -emisioen %17,4-, eta, beraz, protokoloa indarrean jartzeko emisioen %55 gainditu zen.

2005. Protokoloa indarrean jarri zen, Txina, India eta AEBak gabe, herrialde kutsatzaileenak gabe. Indiak eta Txinak berretsi zuten, baina ez daude betetzera derrigorturik, garapen bidean dauden herrialdeak direlako. Urte berean Oslon inauguratu zuten CO2ren emisioen salerosketarako munduko lehen poltsa.

2007. IPCC Klima Aldaketari Buruzko Gobernu Arteko Taldeak klima aldaketari buruzko laugarren txostena plazaratu zuen, esanez klima aldaketa «zalantzarik gabeko fenomenoa» dela eta haren ondorio batzuek ez dutela irtenbiderik.

2009. Bete beharrik ez dagoen akordio bat lortu zuten Kopenhagen, lurraren beroketa bi gradutara mugatzeko «asmoa» jasoz.

2010. Kopenhagen utzitakoak aztertzeko garaia Mexikon.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.