Erresuma Batua. Protestak

Beste hiri batzuetara hedatu dira istiluak, eta hirukoiztu egin dute polizia kopurua

Cameron oporretatik itzuli da, eta larrialdi kabinetearekin bildu da, irteeraren baten bila; bihar Parlamentuan bilduko diraAstelehenean tiro bat jaso zuen gaztea hil egin da; ez dago argi zeinek egin zion tiro

2011ko abuztuaren 10a
00:00
Entzun
Londresko istiluak gero eta gogorragok dira, eta hori gutxi balitz, beste hiri batzuetara ere zabaldu dira. Poliziaren arabera, astelehenetik astearterako gaua hiriak gogoratzen duen latzena izan zen;200 lagun atxilotu zituzten, eta gutxienez 58 lagun zauritu —44 polizia eta 14 zibil—. Suhiltzaileek jakinarazi dutenez, azken 24 orduetan «normalean baino %400 dei gehiago» jaso dituzte larrialdietarako telefonoan. Gainera, astelehenean tiro bat jaso zuen gizonezkoa hil zen atzo. Horrek, jakina denez, ez ditu manifestariak baretuko.

Hildako gizonezkoak 26 urte ditu, eta istiluak hasi zirenetik lehen hildakoa izan da. Poliziaren arabera, astelehen iluntzeko liskarretan tiro bat jaso zuen gazteak, auto barruan zegoela, baina ez dute argitu zeinek egin zion tiro.

Egoera gaiztotzen ari dela ikusita, David Cameron Erresuma Batuko lehen ministroak bere oporraldiak eten behar izan ditu, eta Londresera itzuli da, arazoari irtenbideren bat bilatu asmoz. Momentuz, polizia kopurua hirukoiztu egingo duela iragarri du, eta larrialdi kabinetea antolatu du. Kalteak jasan dituzten saltokiek, berriz, itxi egin dituzte badaezpada, eta udaletxe batzuetan etxera bidali dituzte langileak.

Larunbatean hasi ziren istiluak, Londresko Tottenham auzoan. Manifestari batzuk komisaldegiaren aurrean bildu ziren Mark Duggan arraza beltzeko 29 urteko gaztearen hilketa salatzeko. Joan den ostegunean hil zen Duggan, polizia batek tiro eginda.Poliziaren arabera armaturik zegoen, baina beste iturri batzuek ezeztatu egiten dute hori. Manifestazio baketsua izan behar zuen hasiera batean, baina, lekukoen arabera, Poliziak gogor egin zuen 17 urteko neskato baten aurka —dirudienez, neskatoak gertatutakoa argitu ez izana egotzi zion Poliziari, eta hauek joka hasi zitzaizkion—. Dugganen senitartekoak nahigabeturik agertu dira haren heriotzak eragin duen guztiagatik; «Marken heriotzari buruzko egia guztia jakin nahi dugu, baina mundu guztiak jakin dezala horrek ez duela zerikusirik azken egunotan gertatzen ari diren istiluekin».

Istiluak hasi zirenetik, 563 lagun atxilotu dituzte guztira, horietatik 105 kargu eta guzti. Suteak eragitea, bandalismoa, lapurretak eta Poliziari eraso egitea egozten dizkiete, besteak beste. Batzuei, gainera, suteak itzaltzeko lanetan ziharduten suhiltzaileei oztopoak jartzea ere leporatzen diete.

Lehenbiziko liskarrak hiriburuko auzoetan hasi baziren ere, azken orduetan Liverpool, Manchester, Nottingham, Leeds, Bristol eta Birmingham hirietara ere zabaldu dira. Birminghamen, esaterako, ehun bat lagun atxilotu dituzte saltokiak txikitzea egotzita, eta Liverpoolen 200 bat lagun atera dira kalera aurpegia estalita.

Oporretatik itzuli dira

Arazoa hartzen ari den larritasunaz ohartuta, eta oposizioaren kritikei men eginik, Cameronek bertan behera utzi behar izan ditu bere oporraldiak, Boris Johnson alkatearen antzera. Oposizioak gogor kritikatu zuen lehen ministroa herrialdeko egoeraren berri izan eta oporretan jarraitzen zuelako —lau egun behar izan ditu itzultzeko—. Theresa May Barne ministroa eta Nick Clegg lehen ministrordea, berriz, astelehenean itzuli ziren.

Larrialdi kabinetea antolatu du lehen ministroak, eta gainontzeko ministroekin eta Poliziaren buruarekin bildu da irtenbideren bat bilatzeko. Bileraren ostean eginiko adierazpenetan, «beharrezkoa den guztia» egiteko prest agertu da Cameron; «justizia egingo dugu, eta pertsona hauek egin dituztenen ondorioak jasango dituzte».

Hala, aurreko eguneko istiluak ez errepikatzeko, bart gauerako 16.000 polizia bidaltzeko asmoa agertu zuen lehen ministroak—orain artekoen hirukoitza ia—. Segurtasun kamerek grabaturikoa ikertzen dutenean «askoz atxiloketa gehiago» izango direla ere argi utzi du, eta epaiketak bizkortu egingo dituztela, «gaizkileek» ahalik eta azkarren zigorra jaso dezaten. Poliziak, gainera, gomazko pilotak jaurtiko dituzte «beharrezkoa dela» ikusiz gero —orain arte Scotland Yardeko poliziek ez dute inoiz halakorik erabili—. Dena den, armadaren esku hartzea eta manifestarien aurka presio altuko ur txorrotak erabiltzea baztertu egin dituzte.

Cameronek prentsaren aurrean eginiko agerraldian, gainera, babesa eman die istiluen eraginak jasan dituzten familiei eta negozioen jabeei. Poliziaren jardunaren harira ere, hitz onak baino ez ditu erabili lehen ministroak; «poliziek ausardia handia erakutsi dute gure kaleetako gaizkileei aurre egiteko garaian, baina argi ikusi dugu gehiago behar ditugula». Hala, Londresko Poliziak beste indar armatu batzuen laguntza jasoko du.

Bihar, Parlamentuan bilduko dira, egun hauetako krisiari buruz hitz egiteko, eta irtenbideren bat bilatzeko. Parlamentuak ere oporrak eten ditu.

Frantzia eta Alemaniako Gobernuek, berriz, Erresuma Batuan bizi direnherrialde haietako herritarrei zuhurtziaz jokatzeko eskatu die.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.