munDUA

Beste leherketa bat izan da Zeelanda Berriko meategian

Gaur zortzitik harrapatuta dauden 29 meatzariak hiltzat joak dituzte asteazkenetik.

2010eko azaroaren 26a
17:35
Entzun
Beste leherketa bat izan da bart Zeelanda Berrian 29 meatzari harrapatuta dauden meategian, lehengo astetik hirugarrena. Aurreko bien aldean txikiagoa izan da. Dena dela, 29 lagunak asteazkenean, bigarren eztanda izan zenean, hiltzat jo zituen Poliziak. "Ez dugu uste inork bizirik egongo denik", esan zuen Gary Knowles tenienteak.

John Key Zeelanda Berriko lehen ministroak adierazi du hilabeteak beharko dituztela gorpuak erreskatatzeko. Izan ere, meatzariak dauden lekura iristeko zeharkatu beharreko lurra metano gasez betea dago. Gas hori izan zen gaur zortzi istripua eragin zuen leherketa sortu zuena.

Meategia Zeelanda Berriaren hegoaldean dago, Greymouth herritik gertu. 2,3 kilometroko tunel batean harrapatuta geratu ziren 29 lagunak, 150 metro sakonera.

Meatzari guztiak zeelandarrak dira, sei salbu; Erresuma Batukoak dira hiru, Australiakoak bi eta Hegoafrikakoa bat. 17 eta 62 urte artean dauzkate, eta gazteenak laneko aurreneko eguna zuen lehengo ostirala.

Herrialde hartan meategi batean izandako bigarren istripurik handiena da. 1986koa izan zen okerrena: 65 meatzari zendu ziren metano gas leherketa baten ondorioz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.