Emakumezko uigurrek ezin dute estali burua zapiarekin, ume uigurrek eskolan ezin dute erabili bere ama hizkuntza, herritar uigurrek ezin dute barau egin Ramadanean, ezin dute ikasi Korana, imanek ezin dituzte zabaldu mezkitako otoitzak, idazleek ezin dute erabili mendeetako alfabetoa, dantzari eta musikariek ezin diete eutsi euren kulturaren adierazgarri diren ohiturei, eta meshrepsakuigurrek elkarrekin egoteko duten modu tradizionala ezinean gelditu dira. Ezin, ezin eta ezin. Uigurren ezintasunak gero eta handiagoak dira, eta erabat debekatuak dituzten gauzen eremua gero eta zabalagoa da. Azken urteotan nabarmen egin dute gora Txinak uigurrei ezartzen dizkien ezintasunek. «Xinjiang beste Tibet bat da», diote herritarrek.
Uigurrak jatorri turkiarra duen herri musulman sunita dira. Kristo aurreko III. mendean sortu ziren, eta Txinako mendebaldeko Xinjiang eskualdean ezarri ziren, mendeetan nomadak izan ondoren. 1944. urtean, Txina eta Japonia arteko gerra baliatuz, Turkestan Ekialdeko Errepublika izendatu zuten Xinjiang. Independentziaren ametsa, berriz, 1950. urtean zapuztu zen, Txinako Herri Askatasunaren Armadak eginiko inbasioaren ondoren. 1955. urteaz geroztik, Xinjiangek autonomia dauka, baina hipotetikoa, antza.Egun Xinjiangen bizi diren 19 milioi herritarren erdiak uigurrak dira; baina txinatarren kopuruak nabarmen gora egin du. 1949. urtean eskualdean bizi ziren txinatarrak populazio osoaren %5 ziren, egun, berriz, %65ra igo da kopurua.
'Terrorismoa' jazarpenaren aitzakia
Mendeetako herria jasaten ari den zapalkuntza gero eta agerikoagoa da; bazterketa eta jazarpena ere areagotzen ari dira azken urteotan eta, ondorioz, isilean egon diren herritarrak beren eskubideak aldarrikatzen hasi dira. Ildo horretan, 1980ko hamarkadan talde ekintzaileak sortu ziren uigurren artean, eta ekintzaileek herritarren artean duten oniritzia indartzen ari da azken urteotan, tartean, txinatarren jarrerak horretara laguntzen duelako.
Irailaren 11ko erasoen ondoren AEB Ameriketako Estatu Batuek munduko terrorismoari aurre egiteko abiatu duen politika bere mesederako erabiltzen ari da Txina, ordea, eta ekintzaile uigurrek Al Kaeda erakundearekin lotura dutela esan ondoren, nazioarteko babesa jasotzen ari dira. AEBei ematen dien babes amaigabea ere helburu hori lortzeko omen da, eta urteetako xedea iaz gauzatu zuen Pekinek, NBE Nazio Batuen Erakundeak ETIM Turkestan Ekialdeko Mugimendu Islamikoa munduko talde terroristen zerrendan sartu zuenean .
«Terrorismoaren kontrako gerra uigurren kontra aritzeko baliatzen ari dira. Txinatarrek beti hartu dituzte uigurrak aurkaritzat». Halaxe pentsatzen du AEBetan erbesteratuta dagoen eta Washingtongo Uigurren Elkarteko presidente den Turdi Ghojak.Alta, uigurren kontra egiten ari diren jazarpenak bestelako arrazoiak izan ditzake; hau da, Xianjing eskualdean dagoen aberastasuna. Txina osoko petrolio gordinaren erreserben %40 eskualdean daude, eta gas eta mineraletan ere oso emankorra da. Une honetan, Asiako erdialdea eta Shangai lotuko dituen gaseodukto izugarria eraikitzen ari dira, eta Xinjiango bihotzetik pasatzen da. Uigurrak pobrezian bizi dira, eta kontraesankorra badirudi ere, maiz gertatzen dira horrelako egoerak.Xinjiang oso leku estrategikoa da, eta mugan dauden herrialdeekin duen harremana bere gain izan nahi du Txinak. Afganistanen, Pakistanen, Kazakhstanen dagoen egonkortasun faltari erreparatuz gero ere, ulergarria da bere mugak ongi zehaztu nahi izatea.
Exekuzioak, torturak...
Xedea bata eskualdean txinatarrak nagusitzea edo bestea onura ekonomikoak izan, Txinaren jarrerak giza eskubide guztiak urratzen dituela salatu dute gobernuz kanpoko erakundeek. Exekuzioak, torturak eta atxiloketak etengabeak dira. 1996. urtean gogor kolpatu kanpaina jarri zuen abian Pekinek, eta geroztik, indarkeria muturreraino eraman du.
Amnesty Internationalek jakinarazi duenez, 1997. urtetik aurrera 210 heriotza zigor ezarri dira eskualdean, eta 190 exekuzio egin dira. Preso politikoei ezartzen zaien tortura sistematikoa da, erakundeak egin duen txostenaren arabera. «Pertsona asko eta asko inongo bermerik gabe atxilotu dituzte, eta epaiketarik ez diete egin», zehazten du.Human Rights erakundearen arabera, terrorista eta separatista hitzak «bereizi gabe» erabiltzen dira «politikoki ados ez daudenen kontrako jazarpena zilegitzeko».
TXINA
«Beste Tibet bat»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu