IPAR KOREA

Betiereko eguzki gorria

Kristina Berasain Tristan.
2004ko uztailaren 9a
00:00
Entzun
Duela hamar urte atzoko egunez hil bazen ere, Kim Il Sungek Ipar Koreako Herri Errepublika Demokratikoko presidente izaten jarraitzen du. Piongiango bazter guztietan haren irudia duten afixak daude zintzilik: eskoletan, errepideetan, plazetan... Haren presentzia kaleetan deigarria bada ere, are deigarriagoa da oraindik ere herritarren bihotzean duen leku pribilegiatua. Kim Il Sung hilda dagoen arren, haren espiritua bizirik da erabat iparkorearren artean; izan ere, betiereko presidentea da Kim Il Sung, iparkorearren betiereko eguzkia, Armada Gorriaren eguzkia.

Atzo, haren heriotzaren hamargarren urteurrenean, milaka eta milaka herritar igo ziren Mansudae mendiaren tontorrera, bertan dagoen presidente ohiaren estatuari gorazarre egitera. Azken hamar urteotan 104 milioi bisitari joan dira muinoraino Kim Il Sungeri lore sortak eramatera.Hain da neurrigabekoa presidente ohiarekiko miresmena, non herrialdean Kim Il Sungen jaiotza abiapuntu hartuta zenbatzen diren urteak.

Ipar Koreako Herri Errepublika Demokratikoaren sortzailearen ideologiaren arima zirrikitu guztietan dago sendotuta. Buruzagi komunistak Juche doktrina (norberarengan konfiantza izatea) baliatu zuen bere pertsonaren irudia goraipatu eta herritarren gurtza etengabea eskuratzeko. Estrategia hura sozialismoaren oinarriak muturreraino ezarri eta herrialdea isolamenduan, mundutik at, uzteko baliatu zuen. Juche doktrina herrialdearen alfabetoa bilakatu zen. Propaganda nazionala lagun, lurralde independentea, totalitarioa eta autarkikoa sortu zuen. Ildo horretan, 70eko eta 80ko hamarkadetan Mendebaldetik deskonektatzeko plana onartu zuen presidenteak. Tartean nazioarteko espioitza sare bat osatu zuen, besteak beste, hilketa politikoak egin ahal izateko.

Bi Koreak, iparralde komunista eta hegoalde kapitalista zatitzen dituen mugaldeko lau kilometroko segurtasun eremuan 300 afixa daude. Bertan, Estatu sozialista sendoa eraiki dezagun, Langileen batasunak kapitalismoa azkenduko du, edo Herritar guztiek euren ardurak bete behar dituzte, herritar duinak izatekoleloak irakur daitezke, besteak beste.Musika ere jartzen zuten iragan ekainera arte 38. paraleloan: gerra ereserkiak iparraldean, eta demokrazia eta askatasunaren aldeko himnoak hegoaldean.Kim Il Sung 1994. urteko uztailaren 8an hil zen. Bertsio ofizialaren arabera, bihotzekoak jota hil zen. Hainbat informazio iturriren arabera, berriz, estatu kolpe baten ondorioz hil zen. Kim Il Sung (Mangiondae, 1912) erbestean izan zen hainbat urtez eta Japoniaren okupazioaren kontrako gerrillan sartu zen. II. Mundu Gerran Armada Gorriko buru izan zen, eta gerra amaituta Ipar Koreako buruzagitza hartu zuen. 1946. urtean izendatu zuten KWP Koreako Langileen Alderdiko presidente.

Dinastia komunistabakarra

Betiereko eguzki gorria hil etaharen seme Kim Jong Ilek hartu zuen presidente kargua 1991ean izendatu zuten Koreako Langileen Alderdiko buru. Hala, munduko dinastia komunista bakarra da Hego Korea.

Dinastia komunistaren aitak muturreko estrategia sozialista erabili zuen bere agintaldian herrialdea isolamendura eraman arteraino. Bakartzearekin batera pobrezia etorri zen. Herritarrak gosez hiltzen ari dira. Giza eskubideen aldeko erakundeen arabera, 90eko hamarkadaren amaieran hiru milioi pertsona hil ziren gosez. Unicef erakundearen arabera, berriz, zazpi urtetik beherako umeen %60k desnutrizio arazo larriak dituzte. Orotara 24 milioi biztanle ditu Ipar Koreak, eta oraindik ere ez dago ezarrita sare elektrikoa. Gastu militarraren aurrekontua, berriz, izugarria da arma nuklearrak garatzen ditu Ipar Koreak eta presidentea eta haren inguruko gutxi batzuk oparotasunean bizi dira. Ekonomiaren kudeaketa, beraz, salatzekoa da.Mugak itxita egoteak euren ezjakintasunaz ohartzeko aukera guztiak kentzen dizkie herritarrei. Kim Jong Il presidentea bere aitaren doktrinaren oinordekoa da. Xelebre, paranoiko, maltzur eta enigmatiko fama du. Karikatura bat egiteko persona egokia. Hainbaten esanetan, zapata plataformadunak erabiltzen ditu eta ilea kardatu egiten du altuagoa emateko. Zurrumurruak zurrumurru, kontraesanez beterik dago haren bizimodua eta jarduna. Etengabe yankien kontrako mezuak helarazten dituen arren, Hollywoodeko zinema oso gustuko omen du, batez ere James Bonden pelikulak. Bunker baten barruan mundu osoko bere lagunak egin dizkioten opari eszentrikoak gordetzen ditu Kim Jong Ilek, tartean Stalinek bere aitari oparitu zion luxuzko trena.

Playboy fama ere leporatu diote, eta esku batean emakumeak eta bestean alkohola dituela esan izan da sarritan. 2000. urtean Hego Koreako presidente Kim Dae Jungekin bildu zenean hamar baso ardo edan zituen. Kim Il Sungek semeak bitxiak diren hainbat neurri ezarri ditu azkenaldian Ipar Korean. Sinbolikoa bada ere, berriki hanburger kapitalistak jatea onartu zuen, hori bai, izena aldatu zien. Gogiyeopbang (ogi bikoitza haragiarekin) deitzen dira Ipar Koreako hanburgerrak. Aurkari nagusi dituen AEBetako ikurra, berriz, Coca-Cola alegia, nekez iritsiko da Piongiangera. Propagandaren arabera, «kapitalismo amerikarraren estoldaren ura» da edari estatubatuarra.

-

Kronologia







1910: Japoniak bere gain hartu zuen Korea.

1912: Kim II Sung jaio zen. Ipar Korean urte horretatik aurrera zenbatzen dira urteak.

1945: II. Mundu Gerraren bukaeran independentzia lortu eta Korea bitan zatituta gelditu zen. Sobiet Batasuneko Armada Ipar Korean ezarri zen, eta AEB Ameriketako Estatu Batuetako Armada Hego Korean.

1946: KWP Koreako Langileen Alderdi Komunista sortu zen. Kim II Sung presidente izendatu zuten.

1948: Ipar Koreako Herri Errepublika Demokratikoa eratu zen. Sobiet Batasuneko soldaduak erretiratu ziren.

1950: Ipar Koreak Hego Korea inbaditu zuen, «batasuna berreskuratzeko» asmoz. Hego Koreak independentzia aldarrikatu zuen.

1953: Hiru urteko gerrari amaiera emanez, Panmunjomgo armistizioa sinatu zuten. Orotara bi milioi pertsona hil ziren.

1972: Batasunaren aldeko elkarrizketak abiatu zituzten bi herrialdeek.

1992: IAEA Indar Atomikorako Nazioarteko Erakundeko begiraleak onartu zituen.

1994: Kim II Sung hil zen. Haren seme Kim Jong Il-ek hartu zuen presidente kargua. Plan atomikoa bertan behera utzi zuen.

1997: Koreako Langileen Alderdiko buruzagitza hartu zuen Kim Jong Ilek.

1998: Kim Il Sung 'betiereko presidente' izendatu zuten.

2000: Bi herrialdeetako presidenteak Piongiangen bildu ziren.

2002: Washingtonek «gaizkiaren ardatzan» sartu zuen Ipar Korea, arma nuklearrak zituela esanez.

2003: Arma Nuklearrak ez zabaltzeko Ituna bertan behera utzi zuen. Sei herrialderen arteko negoziazioak abiatu ziren programa nuklearra hizpide.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.