PPP Pakistango Herriarren Alderdiak Asif Ali Zardari Benazir Bhutto zenaren alarguna izendatu du presidente izateko hautagai. Gobernuan den koalizioak impeachment-aren bidez agintetik kentzeko mehatxua egin ondoren dimisioa ematea erabaki zuen joan den astelehenean Pervez Musharraf presidenteak, 1999an estatu kolpe baten bidez agintera iritsi eta ia hamarkada batez boterean egon ondoren.
Orain, Bhuttoren alarguna da hurrengo presidente izateko hautagai sendoena. Izan ere, koalizio gobernuko alderdi nagusia da PPP, eta Legebiltzarrean ere ordezkaritza zabala du. Hain zuzen ere, Legebiltzarrari dagokio irailaren 6an presidente berria aukeratzea.
Nolanahi ere, koalizioko beste alderdi indartsuko buruzagi Nawaz Sharifek egunotan esan du Zardari ez dela bere ustez hautagai egokia, eta kontsentsuko norbait bilatu behar dela. PPPk iragarpena egin eta gero zer jarrera hartzen duen ikuskizun dago.
Eztabaida politiko hori guztia Pakistanen indarkeria giroa nagusi den bitartean ari da gertatzen. Gaur bertan 50 bat lagun hil dira talibanek egindako atentatuetan eta armadak haiekin izan duen borroketan.
Mundua
Bhuttoren alarguna proposatu du PPPk Pakistango presidentetarako
Koalizio Gobernuko alderdi nagusia da PPP. Pervez Musharraf presidenteak joan den astelehenean eman zuen dimisioa, eta irailaren 6an aukeratuko du Legebiltzarrak haren ordezkoa. Benazir Bhutto atentatuz hil ondoren hartu zuen PPPko buruzagitza Asif Ali Zardari alargunak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu