Angela Merkelek garaipen argia lortu zuen Alemaniako hauteskundeetan, CDU-CSU bikoak botoen %41,5 lortu baitzituen, baina Bundestagen gehiengoa bermatuko dion gobernu bat lotzea kostzen ari zaio. FDP Alderdi Liberala parlamentutik kanpo geratu ostean, beste bazkide bat bilatzeari ekin diote kristaudemokratek. Hauteskunde gauetik bertatik Koalizio Handia ageri zen aukera normalena. Baina sozialdemokratek larrutik ordaindu zuten duela bi agintaldiko esperientzia, FDPrekin zer gertatu den ere ikusi dute, eta berriro Koalizio Handia osatzekotan, beren baldintzak ezarri nahi dituzte.
Berdeen karta ere jokatu du Merkelek, gobernua osatzeko benetako aukera baino gehiago, SPD estutu eta sozialdemokraten eskakizunak apaltzeko. Baina atzo gauean, CDU-CSUko ordezkariekin bildu ostean, gobernua osatzeko negoziazioetan parte hartzeari uko egin diotela jakinarazi zuten Berdeek. Horrenbestez, SPD ageri da koalizio bat osatzeko aukera bakarra Merkelentzat.
Astelehenean bildu ziren CDU-CSU eta SPDko ordezkariak, eta bihar berriz biltzekoak dira. Baina aurreneko bileran oso urruneko jarrerak agertu zituzten, eta liskar handiko giroa lehertzeko zorian izan zen, gizarte politikak eta familia alorrekoak eztabaidatzean, Merkel giroa apaltzeko esku hartzera behartzeraino.
Alemanian gutxiengoan gobernatzeko tradiziorik ez dago, eta CDUk nahiz SPDk beste indarren batekin koalizioa osatu izan dute.