Bi bonba leherrarazi dituzte Damaskon, Arabiar Ligako behatzaileak iritsi berritan

Siriako Gobernuaren ustez, Al Kaeda dago atzean, eta oposizioak gobernuari leporatu dio ekintza; 40 hildako daude gutxienezGatazka bideratzeko ekinbidea martxan jartzera joan dira ordezkari arabiarrak

Amagoia Mujika Tolaretxipi.
2011ko abenduaren 24a
00:00
Entzun
Arabiar Ligari kosta zaio Sirian sartzea, erregimenak arabiarrekin egindako hitzarmena errespetatzen duen ikustera, eta lortu duenean, Damaskon bi bonba-autoren eztanda bertatik ikustea egokitu zaio, gatazka bere gordintasunean: gutxienez 40 lagun hil dira, eta ehun zauritu. Hildakoen artean gehienak zibilak dira, baina militarrak ere badaude, Atzerri Ministerioaren arabera. Siriako Gobernuak Al Kaedari leporatu dio ekintza, eta SNCk, Mendebaldeak eta Arabiar Ligak babesten duen oposizioak, berriz, gobernuaren eskua ikusi du gertaeren atzean.

Damaskoko Informazio Zerbitzuen egoitzatik gertu izan dira atentatu suizidak, eta leherketen ondoren tiro hots etengabeen berri eman du Giza Eskubideen Siriako Behatokiak. Telebista publikoak jakinarazi duenez, ikerketa zerbitzuen lehen frogek erakutsi dute Al Kaeda leherketen atzean dagoela, eta Atzerri Ministerioko bozeramaileak, Jihad Makdesik, ideia hori indartzeko jakinarazi du Beirutek Siriako Gobernuari duela bi egun ohartarazi ziola Al Kaedako talde bat sartu dela Libanotik, Ersal herritik barna. «Askatasuna bilatzen dutenek jakin beharko lukete hau ez dela modua demokrazia lortzeko».

SNC Siriako Kontseilu Nazionala, ordea, ez du konbentzitu gobernuak esandakoak; are gehiago, uste du leherketen atzean gobernua bera dagoela eta Al Kaedari leporatuz Arabiar Ligatik iritsitakoak «nahasi» nahi dituela. «Arrisku izugarriari aurre egiten ari zaiola erakutsi nahi du gobernuak, ez herritarren iraultza geldiarazten saiatzen ari dela», SNCko bozeramaile Omar Edelberen ustez. Arabiar Ligako ordezkariak uxatzeko helburua du gobernuaren jarrerak, oposizioaren ustez, eta aste honetan martxoan protestak hasiz geroztiko «errepresiorik gogorrena» jasaten ari dira. Edelbek emandako datuen arabera, astea hasi denetik 200 hildako baino gehiago izan dira. Nazio Batuen Erakundeak ziurtatu du martxotik hona 5.000 baino gehiago hil direla, eta Al Assadek erakundeari eskutitz bat bidali dio esanez 2.000 baino gehiago segurtasun indarretako kideak direla.

Arabiar Ligakoak, berriz, Damaskon dira, eta atentatuak izan diren lekuraino heldu direla azaldu du gobernuak, bertatik bertara jakiteko zer gertatu den. Arabiarrek Bashar al Assad presidentearekin egindako hitzarmenak Sirian gertatzen ari dena amaitzeko helburua dauka. Behatzaileek han gertatzen denaren berri emateaz gain, armada kaleetatik erretiratu dela ziurtatu nahi du, eta gobernuaren eta oposizioaren arteko elkarrizketak bideratzen saiatuko da.

AEBek atentatuak gaitzetsi dituzte, eta Arabiar Ligari lanean jarraitzeko eskatu diote, Al Assadek herritarren kontra ezartzen duen errepresioa ikertzeko. «Terrorismoak ez du justifikaziorik, eta ekintzok gaitzesten ditugu, edonon gertatzen direla ere», adierazi du Estatu Departamentuak ohar batean. Kezkatuta dago Arabiar Liga iristearekin bat egoera hartzen ari den itxurarekin, eta espero du, ezinbestekoa iruditzen zaio Arabiar Ligaren «nahitaezko lana» ez zapuztea horrelakoek. «Erregimenaren ardura da Ligaren misioarekin erabateko parte hartzea edukitzea».

AEBen eskua

Sirian, gatazka dagoen beste edozein lekutan bezala, oso zaila da jakiten benetan zer gertatzen ari den, eta informazioa nondik datorren kontaketa oso ezberdina izaten da. Hildakoak ezin dira ezkutatu, eta giroa gaiztoturikdagoela ere ez. Mendebaldearentzat eta hark babesten duen oposizioarentzat Al Assaden errepresio neurrigabea da erantzulea; Siriak eskualdean dituen aliatu xiitek, berriz, Mendebaldearen aurkariek —Hezbola— borroken atzean Washingtonen eskua dagoela esaten dute behin eta berriz.

Azken atentatu honetan ere bai. Atentatuen «krudelkeria» AEBak Iraketik erretiratzearen ondorioa da; «galdu ondoren eman nahi izan duten erantzuna», Libanoko Hezbolako xiitentzat. «Ekintzok AEBen okupazioaren kontra jarrera argia izan zuten herrien eta indarren kontrakoak dira». Bagdaden bezperan 60 hildako baino gehiago eragin zituzten atentatuen biharamunean gertatu izana aipatu du Hezbolak.

Errusia eta AEBak aspaldianbat etorri dira gerra zibilaren fasea izan litekeela; hartu beharreko neurrietan, ordea, ez dira ados jarri. Itxuraz, oposizio armatua eta kanpoko erasoaren aldeko Siriako Kontseilu Nazionala indartu egin dira. Mendebaldea eta Arabiar Liga —Anaia Musulmanak daude kontseiluan, besteak beste— haien bozgorailu dira behintzat.

Nazio Batuen Erakundearen Segurtasun Kontseiluan ez dira ados jartzen, baina, gertatzen ari denaren gainean eta, ondorioz, hartu beharreko neurrien inguruan. Frantziak, Erresuma Batuak eta AEBek esaten dute Sirian iraultza egiten ari direla diktaduraren aurka, eta Errusiak eta Txinak, berriz, Siriak bezala, uste dute atzerriko talde armatuen kontua dela gertatzen ari dena. Al Assaden aldeko komunikabideetan 600 eta 1.500 artean jartzen dute Libiatik iritsitako gizon armatuen kopurua. Horien arabera, hizkeragatik irakiarrak, jordaniarrak edota libiarrak direla antzematen da, eta Al Kaedarekin dute lotura. Abdelhakim Belhaj Turkiaren eta Siriaren arteko mugan ikusi dutela diote komunikabide horiek —Osama Bin Ladenekin aritutakoa da Belhaj, eta Tripolin Gaddafiren kontra—.

Atzerriko indarren esku hartzerik gabe etxeko kontuak etxean konpontzea aldarrikatzen du NCC Koordinazio Nazionaleko Batzordeak —oposizio ezkertiarragoa—, baina ez du indar handirik gaur-gaurkoz. Epe laburrera, behintzat, gauza onik ez da gertatuko Sirian.

Zigor gehiago

Siriarentzat zigor gehiago iragartzen azkenak Suitza eta Kanada izan dira. Siriak Konfederazio Helvetiarrean dituen 40,6 milioi euro blokeatzea erabaki du Suitzak, eta, horrez gainera, hamabi enpresaren eta 54 pertsonaren izenak ezarri ditu zerrenda beltzean, Al Assad tartean. Kanadak, berriz, inbertsioak debekatu ditu han, eta zaintzarako telekomunikazio gailuak saltzea. Orain arte nazioarteak jarritako zigorrak, baina, ez dira eraginkorrak izan; ez dute aldaketarik eragin.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.