Bozak irabazi eta lau hilabete aski izan zituen eskuineko BJP Aliantza Nazional Demokratikoa alderdiak kanpainan iragarritakoa bete eta Indiako Konstituzioko 370. artikulua indargabetzeko. Kaxmir eskualde autonomoari estatus berezia aitortzen zion puntu horrek, eta, hura ezabatuta, New Delhiren menpe geratu zen eremua.
Bihar beteko da urte bat erabakia indarrean sartu zenetik, eta eskualdeak bere horretan jarraitzen du. Oposizioak Egun beltza izendatu du biharkoa, eta protesta baketsuak egitera deitu du. Horiek eragozteko, bi eguneko etxeratze agindua ezarri du Indiak. «Polizia eta militarrak bidali ditugu Kaxmirrera, separatistek liskarrik eragin ez dezaten», adierazi dute gobernuko iturriek.
Indiako Gobernuaren ordezkari Shahid Iqbal Choudharyk jakinarazi duenez, Srinagar hiriburuan segurtasun indarrak etxez etxe joan dira herritarrei kalera ez irteteko aginduz. «Pakistanek lagundutako taldeak liskarrak eragiteko asmotan dabiltza, eta ez dugu halakorik ahalbidetuko», ohartarazi du.
Iazko abuztuaren 5ean, Narendra Modi lehen ministroaren gobernuak autonomia kendu zion Jammu eta Kaxmir eskualdeari eta bitan banatu zuen eremua, estatus bereziak haren garapenari «kalte» egiten ziola argudiatuta. Oposizioak salatu du gehiengo musulmana duen eskualdeko demografia aldatzea duela helburu gobernuak.
Atxiloketak
Estatus berezia kendu ostean, Kaxmir itxi egin zuten hainbat hilabetez, eta baita Indiako Gobernuarekin kritikoak ziren hainbat buruzagi politiko atxilotu ere. Oposizioaren arabera, haietako ehunka daude oraindik espetxean.
Martxoan, pandemiaren aurkako neurriak argudiatuta, beste etxeratze agindu bat ezarri zuen gobernuak eremu osoan. Giza eskubideen aldeko erakundeek «herritar musulmanen aurkako politikak bultzatzea» egotzi zioten Modiren gobernuari.