TIBET

Bi fraide tibetarrek su eman diote euren buruari Sichuan probintzian

Monje bat hil egin da erreduren ondorioz eta bestea larri dago ospitalean. Gainera,Tibetarren eta Txinako armadaren arteko liskarretan lagun bat hil du poliziak, bertako hedabideek jakinarazi dutenez. 

2012ko abuztuaren 14a
16:16
Entzun

Tibeteko Ngaba eskualdeko Sichuan probintzian, bi fraide tibetarrek su eman diote euren buruari, bertako berri agentziek jakinarazi dutenez. Ospitalera eraman dituzte baina 20 urteko monjea hil egin da erreduren ondorioz, bestea egoera oso larrian dago. Aspaldian halako ekintza ugari egin dituzte tibetarrek Txinaren okupazioa salatzeko. 

Protesten ostean tentsioa aregotu egin da Kirti monasterioaren inguruetan. Militarrek gogor egin dute tibetarren aurka eta lagun bat hil dute kolpeen ondorioz. Liskarrak gero eta larriagoak dira Ngaba eskualdean. Iragan ostiralean, Sichuan probintzian, 24 urteko gazte batek su eman zion bere buruari; Txinako errepresioa salatu eta Dalai Lama erbestetik itzultzeko eskatzeko. Polizia gaztearen atzetik zebilen Txinaren okupazioaren aurkako manifestazio batean parte hartu zuelako. Xinhua berri agentziaren arabera 20 tibetar baino gehigo hil dira halako ekintzetan urte hasieratik. Beste hedabide batzuek diotenez, 40 lagunetik gora dira hildakoak. 

Militarrek monasterioa hartu baino lehen 4.000 fraide bizi ziren Kirtin, orain 300 inguru daude. Garbiketa izugarria izan da. 2008ko udaberriko altxamenduaz geroztik, Tibet osoan behera egin du nabarmen fraide eta moja kopuruak, eta joera hori agerikoa da Ngaba eskualdean. 

Txinaren errepresio bortitzak aterabide gutxi uzten die tibetarrei, eta bereziki fraide eta mojei: erbestea edo berreziketa aberkoia — Txinako Alderdi Komunistarekiko leialtasuna zin egitea —. Kartzela, behartutako desagerpena eta heriotza dira beste aukerak. Pekinek 1949an Tibet indarrez bereganatu zuenetik, guztiz debekatuta daude bertako kultura, hizkuntza eta erlijioa, besteak beste.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.