Urte hasieratik Europara heldutako errefuxiatuen inguruko datuak eman ditu Migratzaileen Nazioarteko Erakundeak. Haren arabera, 103.519 lagun iritsi dira Europako Batasunera gerratik ihesi. Ordea, ez dira guztiak heldu: gutxienez 411 bidean galdu dira, itsasoan itota gehienak.
Erakundeak zehaztu duenez, Europara heltzen diren iheslarietatik gehienek Balkanak zeharkatzen dituzte Alemaniara sartu ahal izateko. Datu bat ematearren, otsailaren 11tik 17rako astean, 44.000 errefuxiatuk baino gehiagok egin zuten bide hori.
Afganiarrik ez
Milaka iheslari Grezia eta Mazedonia arteko mugan harrapatuta daude oraindik, azken horrek mugetako kontrolak handitu ostean. Izan ere, beste estatu batzuk aurretik egin moduan, Mazedoniako Gobernuak iragarri du ez duela iheslari afganiarrik onartuko —siriarren ostean, afganiarrak dira Europara sartzen ahalegintzen direnen artean talde handiena—, eta soilik siriar eta irakiarrei zabalduko dizkiela ateak. Greziak gogor gaitzetsi du erabakia.
Baina Mazedonia ez da izan errefuxiatuen sarrera mugatu duen bakarra. Asteburuan, Austriak iragarri zuen egunean 80 asilo eskaera soilik onartuko dituela.