PARISKO ATENTATUEN ONDORENA

Bi hildako, bost zauritu eta zortzi atxilotu Saint-Denisen

Parisko fiskalak azaldu du Abdelhamid Abaaoud ez dagoela atxilotuen artean; ez du zehaztu, ordea, hildakoak nor diren. Poliziaren arabera, Abaaoudk pentsatu zituen Parisko erasoak. Ostiraleko atentatuetan ustez parte hartu zuen Salah Abdeslam ere ez da ageri gaur atxilotu dituztenen zerrendan.

Dozenaka poliziak eta soldaduk hartu dute parte Saint Denisko operazioan. ETIENNE LAURENT / EFE
Jon Olano - Ainhoa Oiartzabal
2015eko azaroaren 18a
07:17
Entzun

François Molins Parisko fiskalak arrasaldean eman ditu goizeko Saint-Deniseko polizia operazioari buruzko xehetasunak. "Abdelhamid Abaaoud eta Salah Abdeslam ez daude atxilotuen artean", esan du. Polizia operazioan hildakoen kopuru zehatz-zehatza ere ez du eman fiskalak; bi hildako baieztatu ditu, eta besteren bat ote dagoen baieztatzeko daturik ez dutela gaineratu du. Zehaztu duenez, nekeza izango da haien identitatea argitzea, gorputzak txikituta gelditu baitira gotortuta zeuden etxebizitzan izaniko leherketaren ondorioz. Hildakoetako bat bere burua leherrarazi duen emakumezko bat izan daitekeela esan du Molinsek.

Atentatuak ustez antolatu zituen Abdelhamid Abbaoud atzemateko polizia operazioa izan da goizekoa; poliziaren arabera hark pentsatu zituen atentatuak. Salah Abdeslamen bila larunbataz geroztik ari dira bai Frantzian bai Belgikan. Uste dute bera dela atentatuetan parte hartu zuen zortzigarren jihadista.

Molinsek gaineratu du gaur aurkitu duten arma kopuru altuak erakusten duela "laster" beste atentatu bat egiteko prest zeudela Saint-Denisen atxilotuak. Halaber, ostiraleko erasoekin lotura badutela gaineratu du.

Paris iparraldean dago Saint-Denis, eta bertan izan zen ostiraleko erasoetako bat. Prefeturak herritarrei eskatu die ez daitezela etxetik irten, gutxienez pertsona batek jarraitzen zuela-eta etxebizitza batean gotortuta. Halaber, tren zerbitzuak eten dituzte Saint-Denis Universite eta Saint-Denis Porte geltokien artean, eta eskola ugari ere itxi egin dituzte. 04:30ean hasi dira tiroak eta leherketak, hainbat lekukok BFM kateari adierazi diotenez. Polizia operazio bortitza izan da.

Poliziak uste zuen Abaaoudek Belgikan prestatu zituela Parisko erasoak eta hura Sirian zegoela, baina hura topatzeko operazioa abiatu du Paris kanpoaldean. Armada ere aritu da operazioan, eta, azken informazioen arabera, bi dira hildakoak; tartean, bere burua leherrarazi duen emakume bat.

Atxilotuetako bat Parisko erietxe bateko larrialdi zerbitzuetan artatu dute, ospitaleko iturriek Efe agentziari jakinarazi diotenez. Iturri horien arabera, Bobignyko erietxean ebakuntza egiten ari zaizkio.

Bestalde, Air France konpainiako bi hegaldi desbideratu dituzte Ameriketako Estatu Batuetatik Parisera zihoazela, telefonoz bonba mehatxuak jaso ondoren. Horietako bat Halifaxen lurreratu da, Kanadan, eta 262 bidaiariak hegazkinetik aterarazi dituzte. Bestea, berriz, Los Angelestik irten da, eta Salt Lake Cityn lurreratu da. 497 bidaiari zihoazen bertan.

60 atxilotu hiru egunetan

Parisko atentatuen ostean, ia gauero egin dituzte miaketak eta atxiloketak. Bart, 25 lagun atxilotu eta 118 miaketa egin ditu Frantziako Poliziak. Orotara, 60 lagun hartu dituzte atxilo hiru egunetan zehar eginiko polizia operazioetan. Miaketak aldiz, 414 izan dira. Polizia iturrien arabera, 75 arma atzeman dituzte.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.