PKKren (Kurdistango Langileen Alderdia) eta Turkiako Gobernuaren arteko negoziazioak konponbiderako zantzuak zituenean gertatu dira bi heriotzak. Abdulah Okalan, kartzelan dagoen PKK-ko burua, baikor agertu zen, eta bake prozesuak konponbidea ekarriko duen itxaropena adierazi zuen.
PKKren fundatzaile Mahsum Korkmazen omenez jarritako estatua bat kentzeagatik izandako protestetan, pertsona bat hil zen atzo, Poliziak buruan tiroa jota. Beste bi pertsona ere bala zauriekin ospitaleratu zituzten. Joan den larunbatean, abuztuak 16, jarri zuten estatua, Diyarbakir hiritik gertu dagoen Lice herrian, PKK-k armak hartu zituela 30 urte bete ziren egunean. Diyarbakirgo epaitegi batek, ostera, estatua kentzeko agindu zuen, terrorismoari gorazarre egiten diolakoan. Polizia ugari bertaratu ziren Liceko hilerrira, eta manifestariek estatua kentzea eragotzi nahi izan zutenean piztu zen gatazka.
Bart gauean, berriz, PKKren gerrillak eraso egin zion Turkiako armadako patruila bati, Turkia eta Iranen arteko muga zaintzen ari ziren bitartean. Erasoan soldadu bat hil zen, eta beste bat zauritu, urrunetik egindako tiroen ondorioz.
2013ko martxoan PKK-k su etena adierazi zuenetik gertatu diren lehen bi heriotzak dira. Turkiako presidentetzarako hauteskundeen aurretik, gobernuak legea moldatu zuen PKKrekin negoziazioak baimentzeko, eta aurreko astean adierazi zuen bakea lortzeko ahaleginak fase berri batean sartu direla.