«Kaunas Lituaniako hiriburua dela diote herritar batzuek eta Vilnius Errusiakoa. Tontakeria», dio Linas Kardelisek. Vilniusen bizi izandakoa bada ere, Kaunaskoa da eta bertan bizi da orain. Buruarekin ados dagoela adierazi du bere kide Rita Guzaitytek.
Vilnius da Lituaniako hiriburua, baina bi mundu gerren artean (1919-1939) Kaunasek hartu zuen bere lekua, hura poloniarren esku egon zenean. Vilniusen jatorri lituaniarreko herritarrak %64 dira; besteak, aldiz, jatorri poloniarrekoak (100.000) eta errusiarrekoak (100.000). Kultura arloan eta historia aldetik nahasketa handiagoa dagoenez, kaunasko herritar askok, zaharrek bereziki, beren hiria jotzen dute Lituaniako benetako hiriburutzat, lituaniar izaerari ongien eutsi diolakoan. Kaunas bigarren hiri handiena da. Hango 413.000 biztanleetatik %93 lituaniarrak dira. Neris eta Numanas ibaien artean dago, Vilniustik 100 bat kilometrora. Lorana Jaskina Kaunasen jaioa da, eta nahiago du Kaunasen bizi Vilniusen baino. Amona errusiarra du, baina erabat «lituaniartua». Lituaniaren portu nagusi den Klaipeda hiria Kaunas baino pisu handiagoa hartzen ari dela dio. Vilniusek ez du itsasorik eta merkataritza gune garrantzitsua da Klaipeda. «Kaunas txikia da. Vilnius irekiagoa da, intelektualagoa» dio Laimak, soilik oinezkoentzat den Vilniaus kale luzean. Harrizko bidea da Vilniausekoa, Erdi Aroan hiriko gune nagusi izan zen Merkatu Plazaren ondoan. Vilniaus amaitzen den Laisves kalea da gaur egun hirigunea. Bertan biltzen dira denda, banketxe eta jatetxe nagusiak. Bi hirietako gazteek behin eta berriz aipatzen dituzte irekitasuna eta modernitatea. «Ez, Kaunas ez da hiriburua» dio Daira Kalvehenek. «Vilniusen jendea erakargarriagoa da, irekiagoa, kulturaz aberatsagoa». Urte eta erdi inguruko umeari begira dago uneoro, korrika baitabil alde zaharreko elizaren parean, usoen artean. Senarra iritsi da, eta orain berak hartu du umearen ardura. Laimak ez du lan egiten orain, baina Vilniusen bizi eta lan egin nahiko luke. Lana aurkitzea zail iruditzen zaio bai Kaunasen bai Vilniusen. Etxeak, aldiz, Kaunasen merkeago daude. Lituania Europako Batasunean sartzea beste herrialdeentzat irakasgai bat izatea espero du: «Espero dut beste estatuek, AEBek bereziki, ikustea Lituania ez dela bigarren mailakoa». Tomas Bromer (18 urte) zeramika ikasten ari da. Kaunasen bizi izan da beti eta bertan bizitzen jarraitu nahi du. Aurrekoek ez bezala, Lituaniako hiriburutzat jotzen du Kaunas; «errusiarrak gure etsaiak dira», dio barrez. Laguna alboan du, eta tarteka barre egiten dute. Bertan lan egin eta bizitzea erraza dela uste du. Simona Abukauskaitek azaltzen du gutxieneko soldata 115 eurokoa dela Kaunasen, eta pisu bat alokatzea horixe kostatzen dela. «Vilniusen soldatak handiagoak dira, baina baita prezioak ere». EBn sartzean, atzerrian bizi ahal izatea errazago bihurtzea nahi luke. Italian lan egindakoa da, eta dagoeneko hainbat curriculum bidali ditu atzerrira. Bitartean, kexu da udalak ez duelako Kaunas Gazteluan inbertsiorik egiten museo gisa erabiltzeko. XIII. mende bukaerako eraikin hori Lituaniako lehen defentsa gaztelua izan zen, Vytautas Duke Handiak eraikiarazia.Laura Pajuoditek ere atzerrian bizitzeko aukeratzat jotzen du EBren hedapena. Filologia Frantsesa ikasi du, baina itzultzaile jarduteko beste bi urteko master bat egin beharko luke Vilniusen. «Masterrak diru asko balio du, ezin du edonork ordaindu». AEBetan zein Parisko Disneylandian praktiketan aritutakoa da eta Kanadara joan nahiko luke orain. Lituaniar asko lanera Irlandara joaten direla dio, irlandarrei bezalako soldatak ordaintzen dizkietelako; «Londres ere lituaniarrek okupatuta dago». Lituaniako diaspora (3 milioi lagun) bertan bizi den herritar kopurua bezain handia da ia. Gehienak Europako mendebaldean eta AEBetan bizi dira. Milaka lituaniarrek emigratu zuten mundu gerretan eta independentzia eskuratu ondoren. Kaunaseko herritarrak izan ziren independentziaren alde borrokatzen hasi ziren lehen lituaniarretakoak. Mugimendu horren lehen sustatzailea Romas Kalanta izan zen. Bere buruari su eman zion, okupazioaren aurkako protesta batean.
Vilnius, ametsa
Vilniusen hiri handi bat sortuko zela pentsatu zuen Gediminas dukeak XIV. mendean, profetikotzat jo zuen ametsa interpretatzean. Ametsean, burdinazko otso batek ulu egiten zuen, alde zaharraren gainean dagoen mendixka batean Gediminas dorrea dago bertan, hiriko kokagune zaharrena. Hala, hiria eraikitzeari ekin zion dukeak.
Gediminas dorrearen magalean, katedralaren izkina batean, Kanpai Dorrea dago, plaza handi batean. Kanpai Dorrea hiritarren bilgune nagusietakoa da. Eskaileretan, Kaunaseko hiru neska daude eserita. Hiriburua gustukoago dute jaioterria baino, «modernoa» delako. Inguruan dabiltzan turistenartean Maijonete Stabkovicz dago (20 urte), amarekin Poloniatik etorria bisitan. Jeva Kaslauskaite (15) eta Jore Visockyte (16) lagunak dira. Vilniusekoak dira biak, baina Kaunasen egonak. «Kaunaseko hirigunea erakargarria da, dibertigarria», dio Kaslauskaitek. Vilnius, aldiz, «atseginagoa» iruditzen zaie. Lituanian jarraitzeko asmoa dauka. Handik gertu lagun koadrila bat dago, 14-17 urte bitartekoak. Augis, Almantas, Artas eta Elena dira. Tronpeta eta bateria ikasten ari dira kontserbatorioan. Ikasketak bukatzean Alemania edo AEBetara joan nahiko lukete.Gediminas Dorrea dagoen mendiskaren aurrean beste mendiska bat dago, Gurutzeen Mendia. Esaten dutenez, paganoak fededun bihurtzen saiatu ziren zazpi moje hil zituzten, ibaira bota edo urkatuz. 1600. urtean jarri ziren gurutzeak mendiskan, mojeen omenez.Kanpai Dorretik goranzko malda hartuz, alde zaharra dago. Plaza txikian, merkatu txikia dago alde batean, irekia, eta kuadro erakusketa bat ezkerrean. Ondoko kale txiki batean, Znad Wilii arte galeria poloniarra dago. Romuald Mieczkowski arduraduna XVIII. mendeko koadroz inguratuta dago. Bere gurasoak 1955. urtean iritsi ziren Lituaniara. Bera hemen jaioa da eta lituanieraz zein polonieraz daki. Ingeles pixka bat ere ulertzen du, baina paper batean idazten ditu erantzunak. Galeriak argitaratzen duen liburuskan Poloniako arte, historia, garapen, kultura eta literaturaz idazten du. Plaza txikira itzuliz eta berriz ere gora joz, udaletxea dago, parean Lituaniako Telebistako kazetari bat, umeei galderak egiten. Eskubian, Vokieciu kalea dago. Julija (60) biloba zaintzen ari da. Poloniarrrak lituaniarren «neba-arrebak» direla dio, baina errusiarrak ez ditu asko maite. «Batzuek hizkuntza, kultura errespetatzen dute, baina beste batzuek ez». Bigarren Mundu Gerran AEBetara emigratutako senideak ditu. «EBn sartzea guztientzat izango da ona nire ustez, ez gazteentzat bakarrik», adierazi du, «Lituania beste herrialde batzuetara irekia egongo da, eta bidaiatzeko aukera zabalagoa egongo da». Vokieciutik aurrera eginez, Vilniaus kalea dago eta hura Gedimino Prospektas etorbide nagusian amaitzen da.
Ahoskeragatik baztertuta
Hirigunetik pixka bat urrunduta, Kauno kalea dago. Malgocata Jerulevic (22) Poloniarren Kultur Elkartean dago. Polonian Filologia Ingelesa ikasten ari da, baina egunotan Vilniusen dago. Bere aitaren familia poloniarra zen, eta Vilnius poloniarren esku egon zenean etorri ziren Lituaniara bizitzera. Jatorri lituaniarreko herritarrekin arazo handirik ez dutela dio. «Ahoskeragatik baztertzen gaituzte batzuetan, poloniar azentoa daukagulako». Beste arazoetako bat eskola poloniar eta errusiarretako titulazioak izaten dira; arazoak jartzen dizkiete unibertsitatean, eskola lituaniarretako tituluak ezberdinak izaten direlako.
«Aiton-amonentzat arazoa handiagoa izaten da, ez dakitelako lituanieraz. Hala ere, lituaniar askok ulertzen dute poloniar edo errusieraz, eta laguntzen diete». Lituaniera beste hizkuntzetatik oso ezberdina da, baina Vilnius poloniar zein errusiarren menpe egondakoa denez, zaharrek badakite eta gazteek esamoldeak eta hainbat hitz ere bai. Lituaniera hizkuntza ofizial bakarra izatearen alde dago Jerulevic. «Badakit batzuk ez direla ados egongo nirekin». Zaharrak EBn sartzearen beldur direla dio, «prezioen igoeragatik, etorkinengatik eta esperientzia komunistarengatik». Kaunas ezagutzen du. Poloniar eta errusiar gutxi bizi direla han eta baztertuago daudela salatzen du. Kauno kaletik berriz hirigunera joz, autobus eta tren geltoki nagusietatik gertu, Beheko Ateak izeneko kapera dago, katolikoen meka. 1671n egina izan zen, eta barruan dagoen Maria amabirjina Poloniatik Bielorrusiara bitarteko fededunentzat gurtze sinbolo garrantzitsuena da. Milaka erromes biltzen ditu urtero.
Bi hiriren historia
Vilniusko herritarren %64 jatorri lituaniarrekoak dira, eta gainerakoek sustrai errusiar edo poloniarrak dituzte nagusiki
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu