Sami Nair (politologoa)

"Bi krisi ditugu: positiboa herrialde arabiarretan eta negatiboa Europan"

Europaren immigrazio politika aurrerakoien ideologoa da irakasle, politikari eta eurodiputatu ohia. 'Norantz doa arabiar iraultza?' hitzaldia emango du gaur Donostian, Mariano Ferrerrek aurkeztuta. (Gaur BERRIAn argitaratu den elkarrizketaren bertsio luzea da hau).

Edu Lartzanguren.
2012ko maiatzaren 17a
09:53
Entzun

Sami Nair (Tlemcen, Aljeria, 1946) pentsalari, politologo eta soziologo frantsesa da. Lionel Jospinen gobernuaren aholkularia izan zen 1999. urtera arte, immigrazio kontuetan. Europako legebiltzarkidea izan zen 2004. urtean. Azken boladan Centro Mediterraneo Andalusi erakundea zuzentzen du Sevillako (Espainia) Pablo de Olavide Unibertsitatean. Norantz doa arabiar iraultza? Hitzaldia emango du gaur, 19:30ean, Donostiako San Telmo museoan.

Arabiar iraultzaren norabideaz hitz egin daiteke, horren herrialde, mugimendu eta egoera ezberdinak izanda?

Bai, bistan da oso mugimendu ezberdinak dira, baina badago oinarrizko norabide bat: aldaketa izan duten herrialde guztiek bide demokratikoa hartu dute. Arazoa da jakitea demokraziak arrakasta izango ote duen, eta zer motako demokrazia izango den herrialdeotan. Norabide orokorra da, beraz. Mugimendu iraultzaileek arrakasta izan duten herrialdetan zein oraindik gerra zibilan murgilduta daudenetan —Siria, kasu— arazo nagusia demokraziarena da. Iraultza horien guztien ezaugarri nagusia da sistema demokratiko bat bilatzea, 60-70 urte estatuaren absolutismoaren eta diktaduta militar, polizial eta burokratikoen ondoren. Zer demokrazia mota? da galdera.

Erantzuna ezingo da berdina izan Tunisian, Egipton edo Sirian. Zertan bereiziko dira?

Antzekotasunak egongo dira; bada leku guztietan nagusituko den estandar demokratiko bat: aniztasun politikoa, adierazpen eta antolakuntza askatasuna. Ez dakigu erlijio askatasunera helduko diren, hori arazo handi bat da. Baina, aniztasun politikorantz joango dira, eta hori oinarrituko da gizarteak estatuarekiko izango duen gero eta autonomia handiagoan. Ezaugarri horiek partekatuko dituzte Tunisian, Marokon zein Sirian.

Hara non, Aljeria utzi duzu kanpoan, han jaio bazinen ere. Zergatik da ezberdina Aljeriako kasua?

Oso ezaugarri bereziak ditu herrialde horrek. Izan ere, iraultza han hasi zen benetan, aspaldi, 1990. urtean, Salbaziorako Fronte Islamikoak hauteskundeak irabazi zituenean. Garaipen horren kontra estatu kolpea jo zuten, islamistek Aljeriako gizartea eta estatua islamdatu nahi zutelako. Gerra zibil ikaragarria piztu zen ondoren, 200-300 mila pertsona hil ziren horretan. Harez geroztik, gerra zibilaren mehatxupean dago, hainbat eskualdetan behintzat. Islamistak sistema politikoan sartzeko arazoak handi samarrak dira. Herrialde honetan, Tunisiako matxinada hasi baino bi hilabete aurretik, Konstantina eskualdea altxatu zen. Aljeriako erregimenak kontzesio handiak egin zituen, eta gauza izan zen sua itzaltzeko, natur baliabide handiak dituelako eta gauza delako baztertutako taldeen gizarte erreibindikazioak asebetetzeko. Horrek ez du, haatik, arazoa konpondu. Joan zen igandeko Legebiltzarrerako hauteskundeetan populazioaren ia erdiak abstentziora jo du, eta ez da bozketa gardena izan, antza. Askapen Nazionalerako Fronteak irabazi du horren ondorioz, hau da, alderdi nazionalista izandakoa, gaur neoislamistatzat har daitekeena, nazionalislamismoa defendatzen baitu. Ez dago Tunisian edo Egipton bezalako arriskurik gerra zibila izateko, sistema ireki egin delako politikoki. 2000. urtearen amaieran alderdi politiko guztiak legeztatu zituzten, salafistak izan ezik. Gaur 62 alderdi baino gehiago daude. Beste arrazoi bat dago azaltzeko Aljerian matxinadari dioten beldurra: Frantziaren kontrako gerran 600 mila pertsona hil ziren eta gerra zibilean lehen aipatu dudan kopurua. Trauma horren ondoren, aljeriarrek bitan pentsatzen dute indarkeriari ekin aurretik.

Europan islamistak muturreko jarrerekin identifikatzen dira, baina aditu batzuk diote islamista gehienak Europako demokrazia kristauaren parekoak direla. Egia al da hori?

Hori arazo bat da. Ezin diogu erantzun galderari, ez dugulako orain arte izan esperientzia islamista kontserbadorea sistema demokratiko batean herrialde hauetan. Demokrazia kristauaren esperientzia soilik Italian eta Alemanian planteatu zen benetan. Espainian, Frantzian eta Ingalaterran beste esperientzia batzuk dituzte. Italian eta Alemanian Bigarren Mundu gerraren ondoren hasi ziren esperientzia horrekin, hau da, hondamendi baten ondoren, eta sistema demokratiko batean,   Mendebaldeak eta AEBek babestuta. Arau demokratikoen errespetua eskatzen zien horiek. Alemaniako sistema federala, esaterako, Europak eta, batez ere, AEBk inposaturiko sistema da, alemaniarrei estatu-nazio tradizionala eraikitzea galarazteko. Nazioarteko sistemak ahalbidetu zuen, beraz, demokrazia-kristauaren esperientzia. Funtzionatu du; ez dut esango ondo funtzionatu duela, baina funtzionatu du, Alemanian Italian baino hobeto. Herrialde arabiarretan, ordea, ez dugu halako esperientziarik. Orain arte esperientzia nazionalista, sozialista, ezkerrekoa izan dugu, 1950-70ko amaierako nazionalismo antiinperialistekin. Erregimen ia laikoak ziren, sekularrak, iraultzaileak, estatu ahalguztidunean oinarrituta, alderdi bakarreko sistemarekin. Ondoren, beste erregimen mota izan dugu: autoritarioak eta absolutistak, beti ere, baina neoliberalismoaren jarraitzaile sutsuak. Horrek ustelkeria ekarri du, eta klase batzuk populazioa erabat menpean izatea. Erregimen horiek erlijioarekin jolastu dute, Estatu islamismoa ordezkatu nahi izan dute, Tunisian, Aljerian zein Egipton. Orain hirugarren fasea dugu, behintzat iraultza demokratikoak arrakasta izaniko herrialdetan. Lehen aldiz, bi islamismo mota ikusten ditugu: oso kontserbadorea alde batetik, Ennahda (Pizkundea, arabieraz) alderdia Tunisian edo Marokon, eta Anaia Musulmanak Egipton. Bestalde, eskuin muturreko salafistak. Azken hauek Europako 1930eko hamarkadako mugimendu faxisten praktika bera dute: autoritarioak dira, alderdi aniztasuna arbuiatzen dute, ultraerlijiosoak dira, gizartearen ohiturak kontrolatu nahi dituzte... Bi horien aurrean, indar demokratikoak daude, baina gutxi garatuta daude eta ez dute herria ordezkatzen. Herrialdeotan benetako galdera hau da: posible al da demokrazia islamikoa?

Alde polikoaz gain, krisi ekonomikoak ere eragin handia izan du herrialde arabiarretako iraultzetan. Norainokoa?

Alde ekonomikoa garrantzitsuena izan da. Horregatik bi gauza gertatu dira: botere absolutistak hondoratu egin dira eta islamistek hauteskunde legislatibo demokratikoak irabazi dituzte. Ustelkeriaren erregimenak ziren, eta populazioaren zati gero eta handiagoak baztertzen zituzten, gero eta gehiago. Azken urteotan ez dira soilik nekazari txiroak, langileak eta klase ertain-baxuko gazteak baztertu sistema ekonomikotik, baita klase ertainak ere, eta Tunisian, klase ertain-altuak. Familia batzuk kontrolatzen zuten Estatua, poliziaren boterean oinarrituta Tunisian, eta polizia-armadaren boterean Egipton. Aski izan da ustelkeriaren kontrako txinparta piztea mendi osoa erretzeko. Horrek ere islamisten garaipena azaltzen du, klase baxuek ez zutelako ordezkapenik sistema politikoan. Herri xumea lurrazpiko ekonomiaz bizi da, nagusiki, legerik gabe eta bizimodu penagarrian. Aberats bat herrialde hauetan, Europan baino askoz aberatsagoa da. Herri baztertuak lehen aldiz aukeratu ahal izan zuen bere ordezkariak, hauteskundeak egin zirenean, eta islamistak aukeratu zituen, hauek lan handia egin zutelako txiroenak laguntzen azken 20 urteotan, eta diktaduraren tortura eta kartzelen biktima nagusiak zirelako. Baina badakigu alderdi islamistak antolatu guztiak, herrialde arabiarretan, guztiz sartuta daudela ustelkerian, eta lurrazpiko ekonomia kontrolatzen dutela.

Mediterraneoko urak harrotuta dabiltza azken bolada honetan, baina bi itsasbazterretan. Deskribatu duzun egoera honen ispiluko irudia da Europako hegoaldean gertatzen ari dena?

Ez da soilik hegoaldeko herrialdearen kontua, baizik eta Europa osoarena. Oso erraza da errua Grezia, Espainia, Portugal eta Italiari bizkarreratzea, baina errua Europako Iparraldeko herrialdeena da. Frantzia eta Alemania dira gertatzen ari denaren erantzule nagusiak. Europa irtenbiderik gabeko atakan sartu dute, Europa kudeatu nahi izan dutelako multinazional handien interesen arabera, eta bi herrialde nagusion interesei jarraiki. Bi krisi ditugu, positiboa hegoaldean eta negatiboa iparraldean. Herrialde arabiarretan, ziurrenera, jaiotza krisia da: haur bat jaio berri da eta oihuka ari da. Ez dakigu zer esne mota eman behar diogun, eta ez dakigu nola garatuko den. Baina demokraziarako jaiotzearen krisia da, horrek dituen arrisku guztiekin. Europan, ordea, krisi negatiboa dugu, austeritate neurri politikoek sortu dutelako, Alemaniak eta Frantziak indarrean jarritakoak, Europako iparraldeko zein hegoaldeko herriei ordainarazteko eurek eragindako krisiaren kostuak. 2008ko krisiaren ondoren bi irtenbide zeuden: gorantzako irtenbidea, hazkuntza bultzatzen, Obamak AEBetan egin duen bezala. Eta beherantzako irtenbidea, heriotzarantz, austeritate gehiagorekin, azken 50 urteotako gizarte ondasunak suntsitzen. Bigarren Mundu Gerrako amesgaiztotik ateratzeko eta Europa berriz altxatzeko sorturiko sistema guztia suntsitzen ari gara Merkel andereak eta Sarkozy jaunak ezarritako politikekin. Frantzian aldatu egin da egoera, zorionez.

Badirudi datozen asteotan aurrez-aurrekoa ikusiko dugula François Hollande Frantziako presidente berriaren eta Alemaniako Merkelen artean. Norabidea aldatuko du batzuk espero duten talka honek?

Alemaniak amore emango duela uste dut, ezin duelako Frantziarik gabe ezer egin. Alemania erraldoi bat da, baina oinak Frantziako lurrean ditu harrapatuta. Frantziarik gabe Alemania erraldoi ekonomikoa izan daiteke, baina eginkizun politikoa galduko du. Alemaniak ezin du onartu krisi ekonomiko bat Frantzian. Ikusi beharko dugu Hollandek bere jarrerari tinko eutsiko ote dion. Datorren asteazkenean bilera egingo dute Bruselan, eta Hollandek esan du dagoeneko ez duela onartuko Grezia edo beste herrialderik eurotik ateratzea. Euroaren inguruko politika aldatu beharko dela, herrialdeok Europan jarrai dezaten. Horrez gain, egitura funtsak erabili behar dira herrialdeoi laguntzeko, Europan diru asko dagoelako. Aurrekontu politika malgutu behar da, lan baldintzei eutsi, eta, batez ere, zorra denon artean ordaindu, Eurobonoen bitartez, krisitik era positiboan ateratzeko. Ez dakit Hollandek eutsiko dion, baina badakit krisiak luze iraungo duela.

Merkel ere hauteskundeak galtzen ari da, landez-land. Azkenean, soilik Mariano Raxoi geratuko da Merkelek aginduriko politikak zintzo-zintzo jarraitzen, Alemanian ere alboratzen dituztenean?

Ziklo berria irekitzen ari dela uste dut, eta Raxoi paradoxa da horretan. Grezian, Italian, Frantzian eta Alemanian beste ziklo sozialdemokrata bat zabalduko dela argi dago. Jakin beharko dugu, ordea, Alemaniako sozialdemokratak ziklo horretan argi sartuko ote diren eta beste politika aukera bultzatuko duten, edo, hauteskundeak ondo irabazten ez badituzte, koalizio handi bat osatuko ote duten Merkelen alderdiarekin. Hori oso txarra litzateke Europako ezkerreko beste alderdientzat. Espainian, berriz, arazo bereziak daude, batez ere krisia 2007-8. urtetik kudeatzeko harturiko erabakiengatik. Politikari batzuk erantzukizun pertsonala dute PSOEren porrotan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.