Bahraingo Polizia negar gasekin oldartu zaie astelehenetik Manama hiriburuko Perla enparantzan demokrazia eskatzen ari diren protesta egileei, eta erasoan bi pertsona hil ditu. Jalifa bin Salman al Jalifa lehen ministroaren dimisioa eskatzen ari dira, eta preso politikoak askatzea. Gobernuak, ordea, Poliziari oldartzeko aginduz erantzun du; oposizioak terrorismoa leporatu dio Gobernuari. "Manifestariei eraso egiteko erabakia hartu zuenak hiltzeko asmoa zuen. Hori benetako terrorismoa da", esan du Abdul Jalil Jalilelek, Wafak oposizioko alderdiko parlamentariak. Astelehenean pertsona bat hil zuen Poliziak, eta asteartean beste bat.
Goizeko hirurak zirela, Polizia Perla plaza sartu da bat-batean, baita tankeekin ere. "Lo zeuden bitartean eraso diete. Ez dute gupidarik izan", esan du Mariama Alkawakak, Bahraingo Giza Eskubideen Zentroko kideak. Bi hildakoez gain, hainbat zauritu daude, eta horien artean batzuk oso larri daude. Oldarraren ondotik zenbait helikoptero ingurua zaintzen ari dira, eta egunsentian Poliziaren hainbat auto gehitu zaizkie. Kaleak, gainera, itxita daude zibilentzat.
Erregearen aurkako oihuak
Albiste agentzien arabera, ordea, oldarrak ez ditu oposizioaren aldarrikapenak desagerrarazi; lehen ministroaren dimisioa eskatzeaz gain, orain Seik Hamad bin Isa al Jalifa erregearen kontrako oihuak entzun daitezke, monarkia parlamentario bat eskatuz. Gainera, agintariek (sunitak) xiitak diskriminatzen dituztela salatu dute. Xiitak gehiengo dira Bahrainen, baina Gobernua atzerritar suniten etorrera errazten ari dela salatu dute, demografia iraultzeko.
Beste bi hildako Libian
Libia ekialdean -Al Baidan- izandako manifestazioetan beste bi lagun hil dira gaur, Quryna egunkariak dioenez. Hiriko segurtasun arloko arduradun bat kargutik kendu dute.
Protestak herrialde arabiarretan
Bi lagun hil dira Bahrainen, eta beste bi Libian
Bahraingo Polizia protestagileei lo zeudela oldartu zaie, eta oposizioak "terrorismoa" leporatu dio gobernuari. Libiako heriotzak manifestazio batean gertatu dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu