Mundua

Bi lagun hil eta hamabost zauritu dituzte Filipinetako parlamentu barruan izandako leherketan

Diputatu bat eta haren gidaria dira hildakoak. Kongresuko presidenteak esan du "ekintza terrorista" izan dela.

2007ko azaroaren 13a
16:40
Entzun
Leherketa handia izan da gaur Filipinetako parlamentuaren barruan, Manila hiriburuan, eta, horren ondorioz, bi lagun hil dituzte eta hamabost zauritu. Wahab Akbar diputatua da hildakoetako bat -Basilan lurraldeko gobernadore izan zen-, eta haren auto-gidaria bestea -Marcial Calvo-. Lehen ere atentatuak izandakoa da Akbar, Abu Sayyaf talde islamdarraren aldetik.

Zaurituen artean bi diputatu daude; Gabriela talde feministako kide Luzviminda Ilagan da bat, eta bestea Henry Teves. Beste zaurituak legebiltzarkideen bizkartzainak, gidariak eta laguntzaileak dira.



Jose de Venecia Kongresuko presidenteak esan du "ekintza terrorista" izan dela. Filipinetako Poliziak ez du beste xehetasunik eman, oraingoz.

Kongresuaren batzarra amaitu eta minutu batera izan da leherketa. Lekukoek azpimarratu dute "oso indartsua" izan dela. Leherketak, eraikinean hainbat txikizio eragiteaz gain, sutea sortu du, eta suhiltzaileak hori kontrolatzeko lanetan aritu dira. Hiru autok ere su hartu dute.

Filipinetan Gloria Macapagal Arroyo presidentearen kontrako mozioak aurkezten ari dira, hura kargutik kentzeko, ustezko ustelkeriagatik eta giza eskubideak urratu dituelakoan.

Joan den urriaren 19an beste leherketa bat izan zen Manilan, merkatal gune batean, eta 11 pertsona hil ziren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.