ARRAZAKERIA AEB-ETAN

Bi lagun tiroz zauritu dituzte Fergusonen, Michael Brownen hilketa oroitzeko protestan

Iazko abuztuaren 9an hil zen Michael Brown, armarik gabe zegoela polizia zuri batek tiro egin ostean. Protesta oldea eta AEBetako indarkeria arrazistari buruzko eztabaida piztu zituen haren hilketak. Bostehun lagunetik gora dira aurten poliziak hildakoak.

Hiru lagun Poliziak azken urteotan hildako herritar beltzen argazkiei begira, New Yorken. JUSTIN LANE / EFE
2015eko abuztuaren 10a
07:18
Entzun

Darren Wilson poliziak hil zuen Michael Brown. Autopsian, azaleratu zuten Wilsonek sei aldiz egin ziola tiro Browni, baina, hala ere, ez zuten auzipetu. Erabaki horrek istiluak sortu zituen Fergusonen (Missouri, Amerikako Estatu Batuak), hilketa gertatu zen hirian, eta liskarrak beste 170 hiritara zabaldu ziren Brown hil ondorengo asteetan.

Hilketaren urteurrenean, Fergusonen egin dute Brown zena gogoratzeko mobilizazioa. Amaieran, hainbat lagunek errepidea eten eta saltoki ugaritako kristalak apurtu dituzte. Manifestazioa desegiten saiatu da Polizia, eta, jakinarazi duenez, bi lagun tiroz zauritu ditu.

Brown ez da AEBetako Poliziak tiroz hildako azken beltza izan. Apirilean, Freddie Gray 25 urteko gaztea Poliziaren zaintzapean hil zen Baltimoren, bizkarrezurra hautsi eta koman sartu ondotik. Auzi horretan, sei polizia auzipetu zituen fiskalak. Ekainean, berriz,  Michael Slager poliziak Walter Scott herritar beltza bizkarretik tiro eginda hil zuen North Charlestonen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.