Hondamendia

Bi mila bat hildako utzi ditu lurrikarak Indonesian, baina tsunamiaren aukera baztertu dute

Richter eskalan 8,7 graduko indarra hartu zuen lurrikarak astindu zituen atzo arratsean Indonesiako Sumatra eta Nias uharteak, eta agintariek uste dute 2.000 bat lagun hil dituela. Hasiera batean, lurrikara horrek abendukoaren tankerako tsunami bat sor zezakeela zabaldu zen, baina dagoeneko baztertu dute aukera hori.

2005eko martxoaren 29a
11:12
Entzun
Epizentroa Indiko Ozeanoan izan zuen ikarak, 30 bat kilometroko sakoneran, eta Sumatra mendebaldeko Sibolga hiritik 200 bat kilometrora. Hain zuzen ere, Sumatra uhartean eta haren mendebaldeko itsasertzaren parean dagoen Nias irlan izan du eraginik handiena lur mugimenduak.

Yusuf Kalla Indonesiako lehendakariordeak agertu duenez, oraindik kopuru zehatzik ez badute ere, lurrikarak bi mila bat lagun hil dituela uste dute; gehienak, aipatutako Nias uhartean. Irla horretako Gunungsitoli herrian etxeen %70 suntsitu ditu ezbeharrak. 500.000 bizilagun ditu uharte horrek, surfisten paradisua izana da, baina joan den abenduko tsunami edo olatu handiak triskantza handia egin zuen.

Hain zuzen ere, lurrikara jazo eta gero beldur hori zabaldu zen: berriro ere tsunami bat gertatzekoa. Niasen eta Sumatran ez ezik, Thailandian, Malaisian eta Singapurren beldur hori zabaldu zen, eta gune garaietara alde egin zuten herritar askok, badaezpada, olatu erraldoia etorrita ere babestuta egoteko.

Dena den, orduek aurrera egin ahala adituek baztertu egin dute tsunamiaren aukera. Atzo 23:09tan gertatu zen lurrikara (18:09 Euskal Herrian).

Iragan abenduaren 26an 9 graduko itsasikara izan zen Asia hegoaldean, eta hark tsunamia —olatu erraldoien multzoa— eragin zuen. Orotara 300.000 pertsona baino gehiago hil ziren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.