Afganistan

Bi moja hegokorear aske utzi dituzte talibanek

Duela hilabete bahitu zituzten Afganistango Ghazni probintzian, beste 21 erlijioso hegokorearrekin batera. Gaixorik daudelako eta borondate ona adierazteko utzi dituztela libre agertu dute bahitzaileek. Taldeko bi gizonezko hil egin zituzten, eta beste 19 lagunek talibanen mende jarraitzen dute. Aske lagatzearen truke Hego Korea Afganistandik erretiratzeko eskatzen dute.

2007ko abuztuaren 13a
15:55
Entzun
Iragarri bezala, duela hilabetetik bahituta dituten 21 erlijioso hegokorearretatik bi, bi moja, libre utzi dituzte talibanek. Ghazni hiritik 45 bat kilometrora askatu dituzte, 16:00ak inguruan (13:30 Euskal Herrian). Antar eskualdeko buruzagi baten ardurapean utzi dituzte, eta hark Ilargi Erdi Gorriaren esku utziko ditu.

Ilargi Erdi Gorria bahitu horiek aske utz ditzaten bitartekari lanak egiten ari da talibanen eta Hego Koreako gobernuaren ordezkaritza baten artean. Izan ere, bahituak askatzearen truke Hego Koreak tropak Afganistandik ateratzeko eta zenbait presoren askatasuna eskatzen dute. Talibanek azaldu dute gaixorik zeudelako eta borondate ona adierazteko utzi dituztela aske bi moja horiek.

Guztira 23 erlijioso hegokorear bahitu zituzten uztailaren 19an, autobusean zihozela, Kabuldik Kandaharrera bidean. Esan bezala, gaur bi aske utzi dituzte. Duela egun batzuk, berriz, beste bi hil egin zituzten. Horrenbestez, 19 dira bahitzaileen esku jarraitzen duten erlijiosoak, gehienak emakumezkoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.