Italiako iparraldeko Lodi hiritik gertu jazo da istripua. Abiadura handiko tren bat errailetik atera da, eta gutxienez bi pertsona hil dira. Milango geltokitik atera berria zen trena, Salernorako bidean, eta 27 bidaiari baino ez zeramatzan.
Italiako larrialdi zerbitzuen arabera, bi hilak trenaren gidariak dira. Hirugarren bat —garbitzaile bat— zauriturik dago, baina ez dago hiltzeko arriskuan.
Marcello Cardona Italiako Gobernuak Lodin duen ordezkariak esan duenez, «sarraski bat» saihestu da, goizeko trena izanik bidaiari gutxi zeramatzalako, eta ez zuelako abiadarik handiena hartu oraindik, Milango geltokitik 25 kilometrora bakarrik zegoelako.
Mantenu lanak egiten ari ziren istripuaren trenbide zatian.