ESTATU BATUAK

Bi poliziak 64 urteko gizon bat jipoitu dute New Orleansen

Agentziak
NEW ORLEANS
2005eko urriaren 11
00:00
Entzun
New Orleansko French Quarter tabernan zegoen 64 urteko Robert Davis larunbat gauean, bi polizia bera atxilotzera joan zirenean, mozkortuta egoteagatik. Polizietako batek buruan jo zuen lau aldiz eta lau polizien artean lurrera bota zuten. Poliziengandik ihes egin nahian bihurrikatzen hasi zen Davis, baina orduan, beste polizia batek beste bi aldiz jo zuen.

APTN agentziako Rich Matthews kazetariak hartu zituen irudietan, lurrean ageri zen 64 urteko gizona. Aurpegia odoletan zuen. Beste polizia batek grabatzeari uzteko agindu zion Matthewsi. Hark bere kazetari txartela erakutsi zionean, poliziak auto baten kontra jarri, urdailean jo eta iraindu egin zuen. «Sei aste daramatzat hemen bizirik mantendu nahian. Zoaz etxera», esan zion poliziak kazetariari.

Soldatarik gabe

Hiru dira akusatuak: Lance Schilling, Robert Evangelist eta S. M. Smith. Gizona jipoitzea leporatu zieten lehen biei eta irudiak hartu zituen kazetariari erasotzea hirugarrenari. Errugabeak direla esan zuten igandean epailearen aurrean. Epaiketa datorren urteko ekainaren 11n egingo da. New Orleansko Poliziaren bozeramaile Marlon Defilloren esanetan, hirurak aske utzi dituzte, bermea ordaindu ondoren, eta soldatarik gabe utzi dituzte. Poliziak barne ikerketa hasiko duela iragarri zuen. «Irudiak problematikoak dira, ez dago zalantzarik», nabarmendu zuen Defillok.

Gertakariaren ostean, askok aipatu zuten arrazakeria jipoiaren arrazoi gisa, Davis beltza delako eta poliziak, aldiz, zuriak. Defilloren esanetan, baina, horrek ez du zerikusirik izan auziarekin. Haren esanetan, New Orleansen lanean ari diren poliziak presiopean daude urakanaz geroztik. Hirurehun polizia inguruk beren lana utzi eta desagertu egin dira. Askok gaua autoan igarotzen dute, etxea galdu dutelako. «Garai zailak dira, baina, hala eta guztiz ere, hori ez da aitzakia beren lana ez egiteko», esan zuen Poliziaren bozeramaileak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.