Bi tigre oihan batean

Pekini garapen ekonomikoak eman dion nazioarteko boterearekin kezkatuta dago Tokio

Kristina Berasain Tristan.
2005eko apirilaren 16a
00:00
Entzun
Munduko kontinente zabalena da Asia. Bi tigrerentzat, baina, txiki gelditu da oihana eta oihan bakar batean, antza, ezin dira bi tigre bizi. Asiako aurreneko ekonomia eta munduko bigarrena da Japonia. Pekinen hazkunde ekonomikoa, baina, azkarrago ari da garatzen. Iaz %12 hazi zen bertan ekonomia. Txinari munduko lantegia deitzen diote jada eta, aurki, aurreneko ekonomia izango dela aurreikusten dute ikerlariek.

Ekonomikoki eskuratzen ari den botereak nazioarteko politikan zeresan gehiago izateko aukera eman dio Pekini. Tokio horren beldur da eta historikoki kontinentean izan duen nagusitasuna galtzen ari dela sumatzen ari da. Merkataritza harreman onak dituzten arren, arazo historikoak, politikoak eta estrategikoak areagotzen ari dira eta azken urteetako une zailenetako batean daude egun Pekin eta Tokio. Txinarekiko menpekotasun ekonomikoa dute nazioarteko potentziek baina, hauek ere, kezkatzen hasiak dira herensugearen tamainarekin. «Ekialdeko herensuge handia garela jakin behar dute mundu zabalean», esaten zutentxinatarrek aste honetan hainbat hiritan egin dituzten manifestazioetan.

-historia: II. Mundu Gerran Txina okupatu eta ehunka pertsona hil zituen Japoniak. Bi herrialdeen arteko harremanak liskartsuak izan dira beti. 1978. urtean bake itun bat sinatu zuten. Tokiok iraganeko sarraskiengatik barkamena eskatu zuen orduan. Pekinentzat «modu arinean» agertu zen barkamena.

-ekonomia: «Txinatarrek egun bakar batez produktu japoniarrak erosteari uko egiten badiote, uharteko mila langilek euren lanpostua galduko dute. Boikota sei hilabetez luzatzen bada, japoniarren erdiak lanik gabe geldituko lirateke. Urtebetez luzatzen bada ekonomia nipoia suntsituko al dugu? Pasa ezazu mezu hau eta ez dugu gerra beharrik izango». SMS mezuak bonba bat bezain eragingarriak izan daitezke Txinan. Iraultza bat pizteko baliagarriak izan ere. Urte berria zoriontzeko 11.000 milioi mezu bidali zizkioten elkarri txinatarrek. Japoniaren aurreko nagusitasuna agerian uzteko bertako produktuak ez erostearekin aski dute. Euren nagusitasun ekonomikoaz kontziente dira, bereziki, motelago garatzen ari delako Japonia. Bi herrialdeen arteko merkataritza harremanak, dena den, onak dira eta menpekotasuna alde bikoa da. Iaz 170.000 milioi dolar trukatu zituzten. Azken asteko protestek eragin duten krisiak kolokan jar dezake elkarkidetza ekonomikoa.Tokioko burtsa asko jaitsi da azken egunotan.

-energia: Teikoku Oil eta Japan Petroleum Exploration petrolio-prospekzioak egiteko baimena eman zien asteazkenean Tokiok. Txinako Ekialdeko Itsasoan egingo dituzte zundaketak eta hori «probokazioa» da Pekinentzat: «Ez dugu jarrera hau onartzen, inguru-mugaketak ezarri nahi dizkigute gurekin hitz egin gabe eta arazo hauek negoziatuz konpondu behar dira». Bertan gas eta petrolio erreserba handiak daude baina itsaso zati horren jabetza aldarrikatzen dute biek. Txinako krisi energetikoa handia da eta hobiak bilatzen ari dira beren lurralde zabalean. Energia ustiatzeko borrokan ari dira.

-taiwan: «Uharteari defendatzen laguntzeko gure esku dagoen guztia egingo dugu». George Bushen hitzak dira. Bere aurreneko agintaldiaren hasieran egin zituen adierazpenak. Washingtonek bere beharra duela jakin badaki Pekinek. Ekonomikoki eta estrategikoki duen nagusitasunaz baliatzen da, hartara, herensugea. Txinako lehen ministro Wen Jiabaok ohartarazpena egin zuen berriki: «Taiwaneko gatazka barne afera bat da eta atzerriko interferentziarik ez egotea espero dugu». Jiabaok nazioarteko «interferentziei» ez dietela «beldurrik» gaineratu zuen. Txinako Legebiltzarrak Bereizketaren Aurkako Legea onartu zuen iragan martxoaren 14an. Bertan herrialdearen batasuna lortzeko bide baketsuak huts eginez gero «bide ez baketsuak» erabiliko dituela ohartarazi zuen. Taiwanek «probokazioa» iritzi zion legeari: «Statu quo-a aldatu eta eskualdeko bakea eta egonkortasuna mehatxatzen ditu». Taipeik eta Tokiok sostengua agertu diote beti elkarri. Japoniarentzat lege horrek «ondorio ezkorrak» izan ditzake. Uhartearen independentzia aldarrikatzen dute askok.

-estrategia militarra: Japonian II. Mundu Gerra amaitu ondoren onartu zuten Konstituzioa. Bederatzigarren artikuluak zera dio: «Japoniako herriak, nazioaren eskubide subirano gisa, betiko uko egiten dio gerrari, baita nazioarteko tirabirak konpontzeko indarra bitarteko gisa erabiltzeari ere». Urtea bukatu baino lehen, dena den, artikulua aldatzeko asmoa dute agintari nipoiek gerra debekua kenduz eta soldadu gehiago izan ahal izateko 237.000 soldadu ditu egun. AEB Ameriketako Estatu Batuen itzala ikus daiteke horren atzean milaka dolar gastatu ditu bertako defentsan. 1999. urtean misil balistikoak garatzeko hitzarmena sinatu zuten bi herrialdeek defentsa sistema bateratu bat sustatzeko. Txinako Armada, ordea, munduko kopurutsuena da: orotara 2,3 milioi soldaduz osatuta dago. Aurrekontu militarra %12,6 igoko duela aurten iragarri zuen Pekinek.

-segurtasun kontseilua: Japonia NBE Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluko kide iraunkorra izan ez dadin hogei milioi sinadura bildu dituzte Txinan kide iraunkorra da Pekin. Internet bidezko ekimena izan da. Hego Korearekin bat egin du asmo horretan ere Txinak. Japoniak, alta, beste kide iraunkorren sostengua du gune esklusibo horretan sartzeko, bereziki, AEBena. Erresuma Batua erabiltzen duten moduan erabiltzeko aukera izango lukete Japonia. Tokiok kide iraunkor izatea espero duten beste herrialdeen babesa ere badu: Alemania eta Brasil.

-nazioarteko politika: Asiako bi herrialde boteretsuenak direla aintzat hartuz, nazioarteko beste bi potentzia nagusiak, bata eta bestea etengabe limurtzen ari dira. Chalmers Johnson adituaren arabera, etorkizunean, Europako Batasuna eta Txinaren arteko lerrokatze bat ikusiko dugu «Washington eta Tokioren arteko lerrokatzea orekatzeko». Ipar Koreak arma nuklearren programa bertan behera uztea nahi du Etxe Zuriak. Txinaren bitartekaritza ezinbestekoa zaio horretarako. Japoniaren alde egiteko garaian, beraz, tentuz ibili behar da Washington. Menpekotasun ekonomikoa ere handia baita. Europako Batasunak armen gaineko bahimendua luzatu dio aste honetan Pekini 1989. urtean ezarri zuten. Frantziak eta Alemaniak, alta, bahimendua altxatzea aldarrikatzen ari dira merkataritza harremanak sustatu ahal izateko. Erresuma Batua kontra dago.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.