Tiro batekin ez, hasieran esan zuten bezala, baizik eta birekin hil zuen Frantziako Poliziak herenegun Mohamed Merah (23 urte) Okzitaniako Tolosan, autopsiak dioenez. Le Parisien egunkariak dakarrenez, tiro asko jaso zituen gorputzean, baina hilgarriak bi izan ziren: bat buruan jo zioten eta bestea sabelaldean.
Hilotzari atzo egin zioten autopsia, Bordelen. Kazeta hark dio hogei tiro jaso zituela gutxienez; gehienak besoetan eta hanketan.
Merahk asteazkeneko 03:00etatik 32 ordu egin zituen etxean, Poliziak setiatuta, eta aitortu zuen berak hil zituela aurreko egunetan hiru militar eta lau judu.
Segurtasun neurriek bereganatu dute presidentziarako hauteskundeetako kanpaina Frantzian. Hiltzailea atxilotzeko frogarik ez zegoela esanez erantzun die François Fillon lehen ministroak oposizioaren salaketei.
Baliabide gutxirekin bizi zela zirudien arren, hainbat etxe zituen, autoak alokatzen zituen eta armategi handi bat zuen, ikertzaileen arabera.
Abdelkader Merah anaiarengan jarrita dauzkate begiak. Atxilotuta dago astearteaz geroztik, eta gaur Parisera eraman dute, baita haren neska-laguna ere. Abdelkaderrek autoan lehergailuak zituela esan du Poliziak, eta zerbitzu sekretuek 2007an ikertu egin zuten, talde jihadista batekin zerikusia zuelakoan. Ama ere atxilotuta dago baina, Justiziako iturri batzuen arabera, aske lagako dute aurki.