Bi trenek talka egin dute Kairo iparraldean, eta gutxienez 57 lagun hil eta 128 zauritu dira

Trenetako bat azkarregi zihoala eta ez zuela gelditzeko agindua bete esan dute agintariek

ANE AZURMENDI
2006ko abuztuaren 22a
00:00
Entzun
Gutxienez 57 lagun hil ziren atzo Egipton bi trenek talka eginda. Istripua Kualiub herrian gertatu zen, Kairo iparraldean. Hildakoez gain, 128 zauritu ere eragin zituen talkak, Egiptoko Osasun Ministerioaren iturriek jakinarazi dutenez. Zaurituak inguruko sei ospitaletara eraman zituzten, batzuk larri zaurituta zeuden.

Oraindik ez dira iturri guztiak ados jarri datuak emateko garaian. Hatem Al Gabali Egiptoko Osasun ministroaren arabera, hildakoak 57 eta zaurituak 128 dira. Bestalde, segurtasun iturrien arabera, hildakoak 80 dira eta zaurituak 163. Egiptoko albiste agentzia baten arabera, berriz, 51 dira hildakoak. Al Jazeera telebistak, aldiz, hildakoak 65 direla dio.

Istripua goizaldean gertatu zen. Tren bat Benhao hiritik Kualiubera zihoan eta bestea Kualiuben zain zegoen. Adli Hussein Kualiubeko gobernadoreak esan duenez, Benhaotik zetorren 808. trena bizkorregi zihoan, eta Kualiuben geldi zegoen tren bat jo zuen atzetik. Lau bagoi bidetik atera, eta irauli egin ziren, Garraio Ministerioaren arabera. Badirudi Benhaotik zetorren trenak su hartu zuela eta suhiltzaileek gelditu zutela. Istripua izan eta berehala hil zen tren horretako gidaria

Dirudienez, Kualiubera zihoan treneko bidaiariak Mansura eta Benhaokoak ziren eta Egiptoko hiriburura zihoazen. Polizia iturrien arabera, Benhaotik zetorren treneko gidariak ez zion kasurik egin gelditzeko aginduari. «Tren bat geldi zegoen eta bestea atzetik zetorren. Badirudi tren hori gelditzen saiatzen ari zela», esan zuen Khalil Sheik Khalilel-ek. Geltokian zegoen Khalil talka gertatu aurretik. «Geldituta zegoen treneko gidariari tren bat zetorrela oihukatu diogu. Horregatik saiatu da gidaria trena mugitzen. Hamabost bat metro mugitu duenean beste trenak jo du», gaineratu zuen beste lekuko batek. Tren bat bidetik atera zen talkaren ondorioz. Trena txikituta zegoen, eta su hartu zuela nabari zen.

Nile News Egiptoko telebistak erakutsi zituen istripuaren lehen irudiak. Horietan tren batek bestea bete-betean nola jo zuen ikus zitekeen. Baita lau bat bagoi lurrean botata ere.

Istripua zela eta, Benhao eta Mansuratik datozen trenbideak itxi egin zituzten. Zaurituak laguntzera, Kualiubera, berrogeita hamar anbulantzia inguru gerturatu ziren, eta inguruko herrietako ospitaleetara eraman zituzten zaurituak. Armadako kideak eta poliziak aritu ziren salbamendu lanetan. Istripua goizean goiz gertatu arren, eguerdian oraindik gorpuak biltzen ari ziren. Salbamendu lanetan ari zirenak pala mekaniko batekin aritu ziren treneko metal zatiak kentzen, gorpuak jaso ahal izateko.

MILA LAGUN SENIDEEN BILA. Mila lagun inguru hurbildu ziren istripuaren tokira. Gehienak trenean zihoazen bidaiarien senitartekoak ziren. Guztiek izan nahi zuten haien ahaideen berri. Bestalde, jende multzo handi bat bildu zen zaurituentzako odola emateko asmoz. Egiptoko soldaduak, bitartean, istripuaren inguruan bildutako jende multzoa kontrolatzen saiatzen ziren.

Istripua 2002az geroztik Egipton gertatu den larriena izan da.Izan ere, 2002ko otsailean 376 lagun hil ziren tren batek su hartuta. Kairotik Luxorrera zihoan trena jendez gainezka zegoen istripua izan zenean. Baina azken aldian, ugaritu egin dira Egipton tren istripuak, trenbideen egoera kaskarra dela eta. Otsailaren 28an Beheiran bi trenek elkar jo zuten Kairotik 120 kilometrora. Bertan 20 lagun zauritu ziren. Maiatzaren 1ean, Kairotik ehun kilometrora, beste bi trenek talka egin zuten eta 40 lagun zauritu ziren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.