Bederatzi errepublikano eta 55 demokraten botoari eskerrak, AEBetako demokratek eta errepublikanoek aurrekontu federala finkatu dute bi urterako. Itunari esker, urtarrilean gobernua ixteko arriskua ezabatu du Barack Obamaren administrazioak.
AEBetako Gobernu Federalaren jarduna hamasei egunez gelditu zuten joan den urrian, gastua finantzatzeko akordio faltak behartuta. Orduko horretan, errepublikanoen blokeoak egoera nabarmen tenkatu zuen. Azkenean, laburrera begirako konpromisoa lortu zuten bi alderdiek itxiera amaitzeko eta zorpetzea handitzeko, eta beste epe bat ezarri zuten: abenduaren 13rako defizit publikoa gutxitzeko alde biko negoziazioak bururaino eramatea. Lortu dute, AEBetako bi ganberek onartuta.
Gastu publikoaren tamainarekin alderatuz, akordioaren eskala ez da apartekoa. 2014. eta 2015. urteetan 63.000 milioi dolar (45.600 milioi euro) gehiago gastatu ahalko ditu Obamaren gobernuak. Hori bai, iragarrita zeuden gastu murrizketa automatikoen —sequestration izenez ezagunak— eragina arintzeko balio dute, bereziki gastu militarraren alorrean. Gastu handiagoa erdibana banatu dute: erdia defentsa gastuari eusteko izango da, eta beste erdia, gainerako programak finantzatzeko. Gaur egun, aurrekontu federalaren erdia baino gehiago eramaten du gastu militarrak.