Flash Airlines Egiptoko hegazkin garraio konpainiako Boeing 737 bidaiari aireko bat Sharm-el-Sheikheko aireportutik abiatu berria zen, eta itsaso gorrian istripuz erortzearen ondorioz 148 lagunek bizia galdu zuten atzo goizean. Hildakoak dira: hegazkin horretako tripulazioaren 13 lagunak eta Pariserat sartzen ziren 135 turista, azken hauetatik 134k Frantziako herritartasuna zeukaten. Gertakari itzel hau hegazkinean izandako ezbehar tekniko baten ondorioa izan dela ziurtatu dute Egiptoko agintariek, atentatu baten hipotesia hasieratik erabat baztertuta.
Egiptoko hegazkintza zibileko zuzendaritzak emandako argibideen arabera, Boeing 737 airekoa radar kontrol pantailetatik desagertu zen goizaldeko 04:44 zirelarik eta Sharm-el-Sheikh hiri balneario ezaguneko aireportutik doi-doi aireratuta zegoelarik. Lekukoen arabera, airekoa Saudi Arabia eta Sinaiko penintsularen arteko Tirango itsasartean erori zen. Haatik, hori gertatu baino lehen, Sharm-el-Sheikheko aireportuko kontroldorreak ez zuen hegazkineko pilotuarengandik inolako arazoren abisurik jaso eta eguraldi baldintzei dagokienez, onak zirela nabarmendu zen.
Egiptok balizko erasoen hipotesia baztertu du
Hala eta guztiz ere, Egiptoko agintariek berehala iragarri zuten gertaera istripu bat izan zela, atentatu baten hipotesia jarraian baztertuta. «Berriro ere ziurtatzen dut ezbeharraren eragilea arazo tekniko bat izan dela», aditzerat eman zuen Egiptoko Hegazkintza Zibileko ministro Mohamed Shafik Zakik, eta gaineratu: «Lekukoek eta aireportuko kontrolerako ekipamendu guztien datuek pentsarazten digute matxuratzeren bat gertatu dela hegazkinean; honen ondorioz, pilotuak eta laguntzaileek ezin izan dute hegazkina bere onean mantendu eta azkenean airekoa isatsora jausi da».
Dominique Bussereau Frantziako Garraioetako Estatu idazkariak zehaztu zuen, aldiz, Boeing 737ko pilotuak saiatu zuela Sharm-el-Sheikheko aireportura itzultzea eta maniobra horren egiten ari zelarik gertatu zela ezbeharra. Bussereau bera eta Garraioetako ministro Gilles de Robien, zein ere Frantziako lehen ministro Jean-Pierre Raffarin Roissy Charles-de-Gaulle aireportura joan ziren atzo, goizeko 09:00ak inguruan hara joatekoak ziren hegazkineko bidaiarien senide eta lagunei Parisko gobernuaren doluminak eta elkartasuna adierazterat. Jacques Chirac Frantziako presidenteak ere bere «emozio biziena» adierazi zuen eta Hosni Mubarak Egitoko presidenteari telefonoz dei egin zion, harekin, «drama horren nondik-norakoez argibide guztiak izateko asmoz». Bestalde, Bruno Muselier Frantziako Atzerri Arazoetako Estatu idazkariak Sharm-el-Sheikherako bidea hartu zuen atzo berean, Gobernuak hala eskaturik. Bere aldetik, Dominique Perben Justizia ministroak iragarri zuen «nahigabeko hilketa» ikergaiarekiko auzibide bat irekitzeko agindua eman duela. Ministerioak zehaztu zuen, haatik, ekimen honek ez duela inolako ustekeriarik azaltzen gertaerari buruz eta Egipto zein Frantziako ikerketa egileen elkarlanari esparru juridiko bat emateko helburua bakarrik duela. Atzotik, hain zuzen ere, gorpuen identifikazioan aditutako polizia eta jendarmezenbait joan ziren Egiptorat.Azken hamar urteetan Egiptoko hegazkin konpainiek izan duten bigarren ezbehar larriena da atzokoa. 1999an, EgyptAir-eko Boeing 767 New Yorketik Kairorantz abiatu eta Atlantikora erori zen berehala. Ondorioz, 217 lagun hil ziren.
HEGAZKIN ISTRIPUA EGIPTON
Bidaiari aireko bat Itsaso Gorrira istripuz jausita, 148 lagun hil dira
Biktimetako 134k Frantziako herritartasuna zuten; ez da baieztatu haien artean euskal herritarrik badagoen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu