Jose Marti nazioarteko aireportutik irten da hegazkina. Holguin probintziara bidean zihoan, irlaren ekialdera. Granma egunkariaren arabera, 105 bidaiari zihoazen, guztira, hegaldian —eskifaiako kideak bederatzi ziren; iturri batzuen arabera, 105 horien artean zenbatuta daude; beste batzuek aipatzen dute 114 bidaiari zirela guztira—.
Ia bidairai guztiak hil dira, baina, Granma-k dioenez, hiru emakume atera dituzte bizirik hegazkinaren hondarretatik. Habanako General Calixto Garcia ospitalera eraman dituzte. Larri daude hirurak. Granma-ren esanetan, lau izan dira bizirik atera dituztenak abioitik, baina haietako bat, gizon bat, ospitalean bertan hil da. Bidaiarien artean bost haur zihoazela ere jakinarazi dute.
Lurraren kontra jo ondoren, hegazkinak su hartu du, eta istripuaren tokian lanean ari dira suhiltzaileak eta larrialdietarako mediku zerbitzuak.
Miguel Diaz Canel Cubako presidentea aireportura joan da istripua gertatu eta laster. Haren esanetan, "biktima ugari" izan dira, eta aurki gorpuak identifikatzen hasiko direla azaldu du.
Comienzan a aparecer las primeras imágenes del avión que se estrelló en Cuba tras despegar del aeropuerto José Martí con 104 pasajeros. https://t.co/y7NXufXbcipic.twitter.com/SiCbVGVsfI
— Univision Noticias (@UniNoticias) 18 de mayo de 2018
Cuba TVk Cubana de Aviacion konpainiari buruzko albistea argitaratu du gaur, istripua gertatu aurretik, bere webgunean. Albistean jaso duenez, Roberto Peña Samper hegazkin konpainiako presidenteak salatu du AEBek ezarritako blokeoak eragotzi egiten diola enpresari hegaldi gehiago egin ahal izateko baliabide nahikoa lortzea.
Cubana de Aviacion herrialdeko hegaldi konpainia ofiziala da, eta Europa, Amerika eta Asiarako hegaldiak eskaintzen ditu. Istripua izan duen hegazkina Global konpainia mexikarrari alokatua zion Cubana de Aviacionek.
Konpainiako hegazkinek hainbat istripu larri izan dituzte azken hamarkadetan. Bere historiako latzena, 1989an izan zen. 126 bidaiari hill ziren, Italiara joateko aireratu zen hegazkinak aireportutik gertu lurrera erori zenean, pilotuaren erruz. Inguruan bizi ziren 45 lagun ere hil ziren istripuan. 1997an, berriz, 44 bidaiari hil ziren Santiagotik gertu itsasora erori zen hegazkinean. 80 lagun hil ziren 1998an, pistan zen hegazkin batek azken unean aireratzea bertan behera utzi eta pistatik irten zenean. Haietako 70 bidaiariak ziren, eta beste hamarrak aireportuaren inguruan zeuden istripuaren unean. Azken istripu larria, 1999an izan zuen, Habanan. Caracasera zihoan hegaldia Valentziara (Venezuela) desbideratu zuten, eta iluntasunaren eta tripulazioak ingurua ez ezagutzearen ondorioz, mendi hegal bat jo zuen hegazkinak. 22 lagun hil ziren.