Europan biran da Hind Auuad,Bilbon ere bai, BNC Boikot, Zigor, eta Desinbertsioaren taldeko koordinatzailea kanpaina zertan den azaltzen. Okupazioa amaitzea dute helburu, eta palestinarren diskriminazioa.
Palestinar batek bost kolono hil ostean, israeldarren eta palestinarren arteko gatazka egunkarien lehen orrietan agertu da berriz ere.
Bai, hala da. Gertakari tristea da, baina okupatutako lurraldeetako politika jazartzaileen testuinguruan ulertu behar da. Bost israeldarren hilketa, tartean hiru haur, babestu ezin dudan ekintza da, eta palestinar gehienek ez dituzte halakoak babesten. Dena den, israeldarren politika hiltzailearen harira ulertu behar dugu gertatutakoa. Azken hilabeteetan palestinarren aurkako erasoak ehunka izan dira, eta ehunka gazte palestinar hil dituzte.
Garai bortitzak eragin ditzake gertakari horrek?
Israelen erantzuna izugarria izan daiteke, baina azken urteotan gero eta palestinar gehiagok egin dute bide baketsuen alde Israelen aurka egiteko. Bide horretatik jarraituko dugula uste dut.
Zertan dago bake prozesua?
Uste dut oso argi dagoela bake prozesua hilda dagoela. Israeli ez zaio bakea interesatzen. Horrek eraman gaitu, hain justu, nazioartean herrialde hartako produktuen aurkako boikota eskatzera.
Zein dira kanpaina horren xedeak?
Kolonizazioaren amaiera eskatzen dugu. Argi dago Israelek palestinarren aurka egiteari utziko badio nazioartearen presioari esker helduko dela, ez bestela. Kanpainak bide baketsuen bidez Israel estu hartzea du helburu.
Boikotaren bidez herritar guztiak kaltetzen dira, ez soilik gobernua.
Kontua da Israelgo gizarteak maila handi batean babesa ematen diola bere gobernuari. Palestinarren aurkako politikak babesten dituzte. Israelgo egunkarietan argitaratutako inkesten arabera, herritarren %90ek baino gehiagok babesten dituzte Israelek gizateriaren aurka egiten dituen krimenak. Gehiengo bat apartheidaren aurrean isilik geratzen da. Gizartearen bultzada dauka.
Nola dago orain Israelen aurkako boikotaren kanpaina?
Sei urtean Israeldarren komunitateari aurka egiteko neurri eraginkorra dela erakutsi dugu. Munduko ekintzaileak biltzea lortu dugu Israel estu hartzeko.
Nola neurtzen da eraginkortasuna?
Hegoafrikako apartheidaren garaian antzerako kanpaina burutu zuten. Beti gogorarazten digute Hegoafrikako boikotaren kanpainaren emaitzak ikusteko 25 urtetik gora igaro behar izan zutela. Palestinako kanpainak sei urte bakarrik ditu, eta argi utzi du oso eraginkorra dela. Israelgo bi taldek ere babesa eskaini diote ekimenari, eta hori oso garrantzitsua da.
Tunisiako iraultzaren ondoren, protestak hedatu dira. Zer-nolako eragina dute palestinarren auzian?
Guretzat garrantzitsua da inguruko herrialdeetan gertatzen ari dena. Herritarren boterea garrantzitsua dela argi geratu da. Iraultzok gure borroka elikatzen dute, gureak eurena elikatzen duen bezala. Adibidez, iraultzak eragina du Hamasek egin dituen erreforma iragarpenetan.
Hind Auuad. Israelen aurkako boikotaren kanpainaren sustatzailea
«Bide baketsuen bidez Israel estu hartzea da helburua»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu