Ipar Irlanda

"Bide politiko eta demokratikoak" soilik erabiltzeko eskatu dio Adamsek IRAri

Armak albora utzi eta bere helburuen alde "bide politiko eta demokratikoak" soilik erabiliz borrokatzeko eskatu dio Gerry Adams Sinn Feineko buruzagiak IRA erakunde armatuari. Iraganean borroka armatua beste biderik ez zegoela, baina egun beste aukera batzuk zabaldu direla esan dio IRAri. Erresuma Batuko Gobernuak gustura hartu du Adamsek IRAri egindako deia, eta "esanguratsua" dela nabarmendu du.

2005eko apirilaren 6a
18:15
Entzun
"IRAk borroka armatua erabiltzeko eskubidea zuela defenditu nuen iraganean. Jarrera hori hartu nuen belaunikatu nahi ez zutenentzat eta errepresioaren aurrean begiak itxi nahi ez zituztenentzat beste biderik ez zegoelako. Orain badago beste aukera bat", esan du Adamsek.

Hain zuzen ere, "aukera hori baliatu" eta "bide politiko eta demokratikoak" soilik erabiltzeko galdegin dio Sinn Feineko buruak IRAri; erakunde armatuko kideei "ekintzaile politiko" bihar daitezela galdegin die.

Maiatzaren 5ean hauteskunde orokorrak egingo dituzte Erresuma Batuan, eta kanpaina hasierako hitzaldian egin du deialdia Adamsek.

Erresuma Batuko Gobernuak gustura hartu ditu Sinn Feineko buruaren adierazpenak. Downing Streetek, Tony Blair lehen ministroaren egoitzak, Adamsen keinua pozik hartu dutela jakinarazi du ohar baten bidez. "Argi dago IRAk zer egingo duen dela gakoa. Baina espero dugu aurrera egiteko bidea adierazpen horrek ezartzea,bitarteko baketsu eta demokratikoak erabiltzea baita errepublikanoentzako bide bakarra", dio oharrak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.