Ferran Requejo Collek (Bartzelona, 1951) ez du zalantzarik; gero eta argiago du egin beharrekoa: «Independentziarako bidea besterik ez digute utzi». Politika Zientzietako katedraduna da Bartzelonako Pompeu Fabra Unibertsitatean, eta bertan dihardu irakasle. Filosofiako doktore ere bada, Historia Garaikideko lizentziaduna, eta goi mailako Ingeniaritza egina du. Politika du pasio nagusi, eta hainbat lan, ikerketa zein master eginak ditu. Sari ugari jasoa da horiengatik.
Ikerketek eta Espainiak azken urteetan Kataluniari begira hartu dituen neurriek ikuspegi pertsonala aldarazi diote. Federalismoa defendatzen zuen duela urte batzuk arte. Baina kataluniar gisa hartu dituen muturrekoek independentista bihurtu dute. Lehen zuen aldarriarekiko kritiko aritu da, oso, estatu eraikuntza demokratikoari buruz Bilbon egin duen mintegian eta ondoren BERRIAri eskaini dion elkarrizketan: «Gaur egun federalismoa aldarrikatzea jendea engainatzea da; buruari ez eragiteko eta, beraz, ez ekiteko amarrua da. Federalismoa defendatzen dutenak ia tentelak izaterainoko ameslariak dira, edo gaiztoak bestela: ezer aldatzea nahi ez dutenak, baina aldaketarik nahi ez dutela esan gabe».
Ez da azken garaian independentista bihurtu den kataluniar bakarra. Diada egunean Bartzelonan bildutako jendetza da horren erakusgarri. Eta gehiago bilduko direla seguru dago irakaslea: «Independentismoa igotzen ari da Katalunian, baina ez du oraindik goia jo».
Joera horren arrazoia argi du: Espainiako Estatuaren jarrera. Independentismoa leherrarazi duen mugarria ere bai: Auzitegi Konstituzionalak 2010ean Estatut-ari emandako ezezkoa. Erabaki horrek autonomien estatuaren izaera eta norabidea zehaztu zuela dio, eta modurik itxienean egin zuela. Ordura arte estatuaren izaera «anbiguotasunean» gordetzen zen, eta «interpretazioa zehaztu» zuen epai hark, Requejoren hitzetan: «Anbiguotasunetik etsaikeriara igaro zen».
Espainiak norbera izateko zirrikiturik ez duela uzten ulertu zuen orduan Requejok. «Espainia ez da estatu laguna estaturik gabeko herrientzat. Uniformista da, eta lehertu egin du nazio aniztasunari begirako bidea egin zezakeen esperantza». Horrek «konfrontazioa areagotzea» dakarrela dio irakasleak. Eta dagoeneko ez du beste biderik ikusten; nork bere bidea egitea besterik ez.
Izan ere, PPren eta PSOEren kultura politikoa «erabat nazionalista» izanik, «Espainiaren birzentralizazio politikora» doazela ohartarazi du. Ez du jarrera aldaketarik espero, gainera. Beraz, seguru dago Kataluniak eta Euskal Herriak «beren bide propioa» bilatzeari ekingo diotela, «estatu propioa behar dutelako». «Lagun izango duten estatua» behar dutela zehaztu du. «Ezin gara egon gustura egongo ez garen estatu batean. Estatu hau ez da atsegina bizitzeko, eta, beraz, erabat zilegi da nork bere bidea bilatzea». Norbera gustura egongo den etxea eduki nahi izatea.
Gauzak horrela, konfrontazioa saihetsezina izango da, Requejoren hitzetan. Eta esan du badakiela Espainiak ez diela sekula baiezkorik emango independentzia eskaerei. Baina, hala ere, Kataluniak bidea egin egingo duela ere segurtasun osoz baieztatu du. Eta hori Espainiaren zain egon gabe egingo duela, gainera. «Kataluniaren independentziarako bideak ez du Espainiarekin loturarik izango». Haren ezezkoak kontuan hartu gabe egin nahi du aurrera. Hortaz, aitortu du «une jakin batean Espainiaren legezkotasunetik kanpo» aritu beharko duela.
Independentziarakobaldintzak
Eta pentsatua du bidea nola egin. Esan du independentzia lortzeko lau baldintza direla «ezinbestekoak», eta horiek lantzearen aldeko apustua egin du. «Barne mailan» independentziaren aldeko gehiengo soziala izatea da lehen baldintza; eta gehiengo hori «zabala» izatea. Kataluniako herritarren %55ek gutxienez independentziaren alde egon beharko luketela dio, Montenegroko erreferendumean ezarritako gutxiengoa oinarri hartuta.
Nagusitasun horrek galdeketa garbi baten emaitzetan egiaztatuta geratu beharko luke.
Prozesua nazioarteratzea ezarri du independentzia lortzeko beste baldintzatzat. Espainiaren oniritzirik jasoko ez denez, kanpoan bilatu behar dira babes eta aliantzak, Requejoren esanetan. Hasi Europan, eta AEBetaraino edo Txinaraino iritsita. Europako Batasuna giltzarria izango dela ere badio. Izan ere, instituzio zeharo liberal-demokratikoa izanik, berandu baino lehen burujabetzaren aldeko jarrera hartu beharko duela iruditzen zaio.
Prozesua instituzioek zuzentzeari berebiziko garrantzia ematen dio. Nazioetako gobernuek eta horietako presidenteek izan behar dute independentziarako gidariak. Horrela, eskaera prestigioz busti, eta eragina areagotu egingo litzateke bai etxean, bai nazioartean. «Independentzia gobernuek lortzen dute; sekula ez gizarte zibilak».
Lidergo lana egingo duten agintari horiek batu eta elkarlanean aritzeko deia egin du, gainera. Horrela indarra areagotu eta munduaren aurrean arazoaren ikuspegia aldatuko litzatekeela dio. Hobeto ulertuko litzatekeela estatu jakin horrek bere sisteman duela konpondu beharreko arazoa. Areago, elkarlan hori nazioartean independentzia nahi duten herrietara zabaltzea proposatu du. «Hori izango litzateke benetan eraginkorra». Irakasleak urteak daramatza proposamena agintariei egiten, baina alferrik. «Inork ez dit kasurik egin sekula!». Ibarretxeri berari ere plazaratu zion premia lehendakari zenean. Iñigo Urkullu EAJko buruari ere esana dio. «Ondo dagoela esaten didate guztiek, baina ez didate kasurik egiten».
Kataluniako independentzia. Ferran Requejo. Politika Zientzietan katedraduna
«Bidea egitera goaz, eta uneren batean legeetatik kanpo aritu beharko dugu»
Kataluniak independentziarako bidea egingo duen zalantzarik ez du Requejo Politika Zientzietako adituak. Badaki horrek konfrontazioa ekarriko duela, baina bidea egin daitekeela dio; pausoak zehatuak ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu