AEB-etako hauteskundeak

Bidea irekita, beraiek ere presidente izan daitezkeela esan die Clintonek AEBetako neskatoei

Alderdi Demokrataren konbentzioan ofizialki izendatu dute Hillary Clinton AEBetako presidentegai. Uhuka aritu dira Bernie Sandersen jarraitzaileak, nahiz eta azken horrek Clintonen aldeko botoa eskatu.

Clinton, bideo-konferentziaz hitzaldia ematen. ANDREW GOMBERT / EFE
2016ko uztailaren 27a
08:08
Entzun

Historia egin du Hillary Clintonek; lehendakaritzara iristeko aukera errealak dituen alderdi bateko aurreneko presidentegai emakumezkoa da, goizaldean Alderdi Demokrataren konbentzioan ofizialki hala izendatu dutenetik. Bera ere jakitun da, eta kutsu feministako hitzaldia egin du, bideo-konferentziaz, ezustean egindako agerraldian: "Arrakala handia ireki dugu kristalezko sabaian". Gainera, Ameriketako Estatu Batuetako neskatoei zuzendu zaie, esanez, irekitako bideari esker beraiek ere izan daitezkeela lehendakarigai eta lehendakari.

Bernie Sandersek, primarioetan Clintonen arerio nagusi izan denak, bere ordezkarien botoak Clintoni bideratu dizkio, eta batasun irudia emateko ahalegin handia egin du. Hala ere, bere jarraitzaile batzuk uhuka aritu dira Clintonen izendapenerako bozketan. Kazetarien aurrean protestarako eserialdia ere egin dute Sandersen jarraitzaileek. 2.842 boto lortu ditu Clintonek, 1.865 Sandersek, eta 56 abstentzio izan dira. Azkena zen bozkatzen Sandersen estatua, eta une hori baliatu du, jasotako botoak Clintonen aldera pasatzeko.

Bihar amaituko da Floridan Alderdi Demokrataren konbentzioa. Eta, Sandersen hautagaitza ahultzen aritu direla azaltzen duten Alderdi Demokratako Zuzendaritzaren email batzuk publiko egin diren arren, batasun irudia ematen saiatzen ari dira, guztiaren gainetik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.