AEB News telebista kateari emandako elkarrizketa batean Joe Biden presidenteak eskatu die migratzaileei ez joateko AEBetara, argudiatuz asilo programa bat prestatzen ari direla, eta hura indarrean sartutakoan euren herrialdetik mugitu beharrik gabe eskatu ahal izango dutela aterpea AEBetan: «Ez etorri AEBetara. Ez utzi zuen herria, hiria edo komunitatea».
Azken asteetan nabarmen egin du gora AEBetara sartzen ahalegintzen diren migratzaile kopuruak, batez ere bakarrik doazen adingabeenak. «Azken hogei urteotako migratzaile kopuru handiena» heltzen ari dela aitortu du Washingtonek, eta errepublikanoek Biden egin dute horren erantzule. Alejandro Mayorkas Barne Segurtasunerako idazkariaren esanetan, goraldia iazko apirilean hasi zen, eta geroztik ehunka familia eta banako bidali dituzte Mexikora edo euren jatorriko herrialdeetara bueltan.
Bidenek berak ukatu du migratzaileei AEBetara joateko gonbita egin diela, eta berretsi AEBen eta Mexikoren arteko mugak itxita jarraitzen duela. Zehaztu du, ordea, adingabeen familiak ahalik eta azkarren bilatzen ahalegintzen direla, «Donald Trumpen agintaldian ez bezala».