Bidenek bultzada eman dion arren, Obamaren aurka hasi dira inkestak

Bigarren eztabaida saioan ere ez dute immigrazioaz hitz egin; orain, hori da bozak irabazteko gako bat

Samara Velte.
2012ko urriaren 13a
00:00
Entzun
Barack Obama AEBetako presidenteari erre zitzaion zartagina garbitu du Joe Biden presidenteordeak: Obamaren kanpainari beharrezko bultzada eman dio Bidenek azken eztabaida saioan erakutsitako jarrerak. Paul Ryan presidenteorde izateko hautagai errepublikanoaren aurka aritu zen Biden herenegun, AEB Ameriketako Estatu Batuetako presidentetzarako hauteskunde kanpainako bigarren debatean.

Inkestek Biden eta Ryanen arteko parekotasuna erakutsi dute orain arte, baina hedabideak Bidenen alde azaldu dira; ohikoa duen gogoberotasunaz oldartu zitzaion Ryani, eta eztabaidaren jabe bihurtu. Obama pozik eta «ezin harroago» zegoen eztabaidaren ostean bere ondorengoaz; Alderdi Demokratako hautagaiek behar zuten halako garaipen une bat, boto-emaileen artean zabaltzen ari den eszeptizismoa uxatzeko; inkesten arabera, Romney geroz eta alde txikiagoz dauka atzetik. Baina bigarren mailako eztabaida saio polit bat baino zertxobait gehiago beharko du Obamak, galdeketek kanpaina hasieran iragartzen zioten garaipen erosora itzuli nahi badu.

Denera, aurrez aurreko lau eztabaida saio izango dira kanpainan. Falta diren bietan, Obama eta Mitt Romney presidentegai errepublikanoa arituko dira; hala ere, ikusmin txikiagoa pizten dute usu azken horiek. Jokaldi garrantzitsuena urriaren 3an egin zuten presidentegaiek; Obamak debate hartan erakutsitako utzikeriari egozten diote zenbaitek orduz geroztiko atzeraldia.

Presidentearen hutsa konpontzeko saioa behar zuen izan Bidenen agerraldiak. Obamak eta Romneyk ez bezala, atzerri politikako gaiak ere izan zituzten hizpide. Alderdi Demokrata agintean dagoenetik AEB «babesgabeago» dagoela esan zuen Ryanek, eta irailaren 11n AEBen Libiako enbaxadan gertatutako erasoa jarri zuen adibide gisa. Alderdi Errepublikanoko ordezkariaren ustez, gobernuak babes militar handiagoa eman behar lioke Siriako oposizioari, Iran «duela lau urte baino gertuago dago arma nuklearrak sortzetik», eta AEBetako tropak Afganistandik 2014an ateratzeko planari eutsi behar zaio, baina «data gerturatu ahala, berriz aztertu» behar litzateke. Bidenek erantzun zion Sirian esku hartzeak «eskualde mailako gerra» eragingo lukeela eta Iran lehergailu nuklear bat sortzeko moduan balego AEB jakinaren gainean legokeela. Afganistani buruz ere argi mintzatu zitzaion: soldaduak 2014an itzuliko direla AEBetara, «eta kitto».

Atzerri gaien ostean, ekonomiari heldu zioten. Langabezia abuztutik irailera aspaldi ez bezainbeste amildu den arren, «ozta-ozta herrenka» ibiltzea leporatu zion Ryanek gobernuari. Obamak kanpainan proposatu du milioi bat dolarretik gorako errenta dutenei zergak igotzea, klase ertainei jaisteko. Asmo hori gaitzetsi egin du Ryanek, «enpresari txiki eta ertainei kalte» egiten diela argudiatuz.

Alderdi errepublikanoaren barruan, sektore kontserbadoreenaren ideiak defendatzen dituen Tea Party mugimendutik oso gertu dago Ryan, eta zeresan asko eman du hark proposatutako murrizketa planak. Bidenek, herenegun, «klase ertaina bahitu» nahi izatea leporatu zion, aberatsenei zergak murrizteko asmoz. Ryanek bere alde esan izan du AEBetako zor publikoari aurre egiteko plan bat proposatu duela gutxienez; Obamak ez duela halakorik egin. Oraintxe, 16.000 milioi dolarreko zorra dute AEBek.

Ryanen iritziz, Obamak martxan jarritako Medicare eta Medicaid osasun zerbitzu publikoak—65 urtetik gora edo mendekotasuna duten 49 milioi herritarren zerbitzua bermatzen dute programa horiek— ez dira errentagarriak, eta haiek neurri batean pribatizatzea proposatu du.

Etorkinen garrantzia

Immigrazioa aipatu gabe gelditu da berriz; Obamak eta Romneyk ez zuten horri buruz eztabaidatu, eta Bidenek eta Ryanek ere ez. Hankasartze handi samarra, kontuan izanda Latinoamerikako etorkinen kopurua geroz eta handiagoa dela AEBetan eta bi alderdiek jarrera aski kontrajarriak dituztela gai horri dagokionez; aukera ona zeukaten eztabaidarako.

Obamak eta Romneyk 23,7 milioi boto dituzte irabazteko Hegoamerikako etorkinen artean; botoa eman dezaketen herritar guztien %11, hain justu. Horiek ezinbesteko bihurtuko zaizkio Obamari presidentetzarako lehia irabazi nahi badu; eta horietako asko Floridan daude, oraindik zalantzan dagoen estatu garrantzitsuenean. 29 ordezkari daude han jokoan —irabazteko behar direnen hamarren bat baino gehiago—, eta atzo argitaratutako inkesta batek Romneyren alde egiten du, zazpi punturen aldeaz. Norgehiagokaren erdigune bihurtuko da Florida datozen asteotan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.