Klima larrialdia

Bidenek dio «aukera ekonomikoak» daudela klima larrialdiaren borrokan

Goi bileraren azken egunean, AEBetako presidenteak «etorkizun berde garbirako» inbertsioetan jarri du arreta. Nazioarteko Energia Agentziak ohartarazi du «datuek eta erretorikak» ez dutela bat egiten.

Joe Biden AEBetako presidentea, gaur, goi bilera birtualean hizketan. ANNA MONEYMAKER / EFE
ander perez zala
2021eko apirilaren 23a
19:27
Entzun

Konpromisoez eta helburuez aritu ostean, klima larrialdiaren kontrako borrokaren finantzaketaren beharraz eta aldaketek sortuko dituzten «aukera ekonomikoez» aritu dira mundu osoko dozenaka agintari eta enpresari, Joe Biden AEB Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak antolaturiko goi bileraren azken egunean. Izan ere, estatuburuaren iritziz, inbertsio horiek «aukera bat izango dira ongi ordainduriko milioika lanpostu sortzeko sektore berritzaileetan».

Bidenek 1,86 mila milioi euroko plan bat aurkeztua du, azpiegiturei begirakoa, eta laster espero du AEBetako Kongresuaren oniritzia jasotzea, klima larrialdiaren kontrako borrokan sakontzeko; Washingtonen helburua da hamarkadaren amaierarako erdira gutxitzea isurketak, 2005eko mailekin alderatuta, eta 2050erako karbono neutraltasuna lortzea.

«Gaurkoa ez da mehatxuei buruzko bilkura bat, klima aldaketari aurre egiteak sortzen dituen aukerei buruzkoa baizik», argudiatu du AEBetako presidenteak. Horren aurretik, Energia Departamentuak jakinarazi du 90,7 milioi euro bideratuko dituela ekonomia energetikoan aldaketak jasan behar izan dituzten komunitateetan lanpostuak sortzera: «Gure nazioa eraiki zuten karbono eta zentral elektrikoetako langileek rol garrantzitsua izan dezakete Amerikaren energia garbiko etorkizuna errealitate bilakatzen», azaldu du Jennifer Granholm Energia idazkariak.

Ez da berria Bidenen tesia: klima larrialdiaren kontrako borrokan beharrezkoa dela kalitate handiko lanpostuak sortzea, eta gainontzeko herrialdeekin lankidetza sustatu beharra dagoela berrikuntzak azkartzeko. Horri begira, besteak beste, Erresuma Batuarekin eta Arabiar Emirerri Batuekin lan egiteko planen berri eman du agintariak, giltzarri diren hainbat sektore deskarbonizatzeko asmoz. besteak beste, argindarrarena eta nekazaritzarena.

Etxe Zuria Europako Batasunari begira ere jarriko da, Charles Michel Europar Kontseiluko presidenteak jakinarazi baitu bi aldeak datorren hilabetean elkartuko direla, Bruselan, AEBetako presidentearen bidaia baliatuta; NATOren goi bilerara joatekoa da.

Aliatuez gain, Errusiaz ere aritu da Biden, Vladimir Putin estatuburuak atzo egindako adierazpenak berreskuratuta. Putinek azaldu zuen klimaren arloan «nazioarteko lankidetzari bizitza ematean interesa» duela, eta AEBetako presidenteak pozez erantzun dio, eskua luzatuta: «Gure artean desadostasunak ditugu, baina ziur naiz zerbait lor dezakegula». 

Klima larrialdiaren kontrako borroka garrantzi handikoa dela errepikatu du hainbatetan Washingtonek, eta hori agerian utzi du Etxe Zuriak gaur argitara emandako txosten batek: aldaketarik egin ezean, herrialdeak gero eta gastu gehiago izango ditu.

Publikoa eta pribatua

Egoera horri aurre egiteko, inbertsio publikoaren eta pribatuaren beharra defendatu dute goi bileran parte hartu duten agintariek eta enpresariek. Bill Gates Microsoft enpresaren fundatzaile eta filantropo ezagunak argudiatu du soilik egungo teknologiak erabilita herrialdeak ez direla gai izango beren buruari jarritako helburuak betetzeko.

Hain justu, arrisku horretaz mintzatu da IEA Nazioarteko Energia Agentziako zuzendari Fatih Birol ere, nazioarteko agintariei ohartarazi baitie «datuek eta erretorikak» ez dutela bat egiten: «Konpromisoak ez dira inoiz izan hain handiak, baina argi mintzatu behar naiz: konpromisoak baino gehiago behar dira, arrakala gero eta handiago bilakatzen ari baita».

Asmoak eta helburuak alde batera utzita, egunotako klimari buruzko goi bilerak agerian utzi du Bidenen legealdirako xedea: AEBak klima larrialdiaren kontrako borrokaren lider bilakatu behar direla berriz ere.

Donald Trumpen agintaldiak rol hori kendu zion bere herrialdeari, besteak beste, Parisko Hitzarmenetik atera zituelako. Egungo presidenteak, ordea, horretara itzultzeko asmoaren berri eman zuen kargua hartu eta berehala, iragan urtarrilean, eta beste hainbat neurri hartzeko konpromisoa hartu du harrezkeroztik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.