Bidenek eta Trumpek bozetara aurkezteko nahikoa ordezkari eskuratu dute

AEBetako presidentea eta estatuburu ohia, hurrenez hurren, demokraten eta errepublikanoen batzarretan izendatuko dituzte ofizialki presidentegai, udan. Bidenek Trump izan du gogoan: «Ordezkatzen duen mehatxua inoiz baino handiagoa da».

(ID_13686510) USA ELECTION BIDEN GEORGIA
Joe Biden AEBetako presidentea, kanpainako ekitaldi batean, Atlantan, iragan asteburuan. JESSICA MCGOWAN / EFE
Iosu Alberdi.
2024ko martxoaren 13a
09:45
Entzun

AEB Ameriketako Estatu Batuetako bi alderdi nagusien barne prozesuetan sorpresa gutxi izan da, eta Joe Biden demokratak eta Donald Trump errepublikanoak eskuetan dute berriro ere Etxe Zurirako hautagai izatea azaroaren 5eko hauteskundeetan. Bi alderdi nagusietako hautagaiek jada gainditu dute beharrezko gutxieneko ordezkari kopurua, eta alderdien batzarren zain dira, ofizialki presidentegai bilakatzeko.

Georgian, Mississippin eta Washington estatuen txanda izan zen atzo bi alderdietako primarioen prozesuetan. Horiez gain, demokratek Ipar Mariana uharteetan ere bozkatu zuten, eta errepublikanoek, Hawaiin. Oraindik ez dira iritsi lurralde guztietako emaitzak, baina ezta beharrik ere. Demokraten kasuan, Georgiakoak izan dira argitaratutako lehen emaitzak, eta estatu hartan eskuratutako garaipena nahikoa izan da Bidenek 1.968 ordezkarien langa gainditzeko.

Gerora, jakinarazi dute AEBetako presidenteak Mississippin eta Ipar Marianetan ere irabazi duela, eta bide berean da Washingtonen ere. Izan ere, Bidenek ez du aurkaririk izan Alderdi Demokrataren primarioetan, ez behitzat hari itzal egiteko modukorik. Horren adibide da, besteak beste, Floridako eta Delawareko prozesuak bertan behera geratu izana, Biden bera baita aurkeztu den hautagai bakarra.

1.241

Trumpek zenbat ordezkari lortu dituen. AP Associated Press berri agentziaren behin-behineko zenbaketaren arabera, Donald Trump AEBetako presidente ohiak (2017-2021) 1.241 ordezkari lortu ditu Alderdi Errepublikanoaren primarioetan. Hortaz, presidentegai bilakatzeko gutxiengo 1.215en langa gainditu du. Gauza bera egin du Joe Biden AEBetako presidenteak, 2.107 ordezkarirekin —gutxienez 1.968 behar zituen—.

Trumpek ere ez du aurkari handirik izan; are gehiago Nikki Haley Hego Carolinako gobernadore ohi (2011-2017) eta AEBen NBE Nazio Batuen Erakunderako enbaxadore izandakoak (2017-2018) hilaren 6an bere hautagaitza bertan behera uztea erabaki zuenetik, Astearte Handian galdu ondoren. Beraz, AEBetako presidente ohiak (2017-2021) Washington estatuan lortutako garaipenarekin igaro du beharrezko 1.215 ordezkarien langa; Trumpek bi lurraldetan soilik galdu du orain arte: Columbiako Barrutian eta Vermonten.

Orain, bi hautagaiek alderdien batzarrak egin arte itxaron beharko dute euren hautagaitzak ofizial egiteko, udan: Alderdi Errepublikanoarena datorren uztailaren 15etik 18ra bitarte egingo dute, Milwaukeen (Wisconsin); Alderdi Demokratarena, berriz, datorren abuztuaren 19tik 22ra bitarte, Chicagon (Illinois).

Azarora begira

Halere, jada hasi da elkarren aurkako mezu trukaketa, datorren azaroaren 5eko presidentetzarako hauteskundeei so. Bidenek, haren alde egindakoei eskerrak ematearekin batera, Trump izan du gogoan: «[Trumpek] Ordezkatzen duen mehatxua inoiz baino handiagoa da». Izan ere, errepublikanoen hautagai izango denari leporatu dio «gorroto, mendeku eta errepresalia kanpaina bat» sustatzea.

Trumpek, berriz, garaipena ospatu bai, baina lanean jarraitzeko beharra nabarmendu du sare sozialetan: «Lanean jarraitu behar dugu, historiako presidenterik txarrena baitugu».

Azaroaren 5ean egingo dituzte presidentetzarako hauteskundeak, baina boz horien kanpaina jada hasi da. Trump eta Biden Georgian izan ziren iragan asteburuan, bertako primarioei begira baino gehiago, azaroko hauteskundeei erreparatuz. Izan ere, 2020an 0,23 punturen aldea atera zion AEBetako presidenteak estatuburu ohiari estatu hartan. Hala, espero da hori izatea bozak irabazteko gakoetako bat; adituak beste zenbait estaturi ere ari dira begira: Arizona, Michigan, Wisconsin, Nevada eta Pennsylvania, horietan ere lehia estua espero baitute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.